Berdintasun planari lotuta, bilera deitu dute ostegun honetarako

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 12a, 18:51

Udaleko Gizartekintza eta Berdintasun arloak bilera bat deitu du herriko elkarteekin ostegun honetarako, lehen Berdintasun planean adostutako ekimenei jarraipena emateko.

Miren Martiarena, elkarrizketa:

Azken urteetan, elkarteekin bi bilera deitu dituzte genero berdintasunaren inguruan eta hainbat ekimen jarri dira. Ostegun honetako bileran bi gai nagusi jorratuko dituztela iragarri dute: ”Batetik, herriko elkarteei euren jardueretan genero ikuspegia txertatzen lagunduko dien prestakuntza plana aurkeztuko diete. Eta bestetik, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunerako antolatuko diren ekitaldien berri emango da”. Miren Martiarena zinegotziak hitzorduaren inguruko xehetasunak adierazi dizkio Aiurri astekariari:

Zergatik dira herri elkarteak garrantzitsuak Berdintasun planaren garapenean? Zein jokabide hobetu, aldatu dezakete?
Miren Martiarena.
Udalak 2012an egindako diagnostiko eta planaren ondorioz udaletik egiten ditugun ekintza guztiak nolabat ordenatu egin dira helburu batzuk lortzeko nahiean. Hor, udalak norbanakoei zuzentzerakoan lana udal langile, udal politikari, elkarte eta herritarrekin antolatzen du. Horrela, bakoitzera egindako indarrak, bidalitako mezuak koherentzia dauka.
Herriko elkarteen kasuan garrantzia nabaria da, izan ere, elkarte hauetan herritar ugarik parte hartzen du, eta eman diezaiekegun formazioa modu biderkatzailean zabal daitekeela deritzogu. Adibidez, kirol elkarte bateko entrenatzaileak berdintasuneko sentsibilizazioa izan ostean, bere eguneroko jardueran erabil dezake entrenatzen duen gazte taldearekin. Gazte horiek ere sentsibilizazio hori jasoko dute, bertatik ikasi, eta ondoren euren eguneroko bizitzan erabili.
Nagusiki herritar eta elkarteekin sentsibilizazio eta egoeraren inguruko jabetza-prozesu bat abiatu dugu, pixkanaka, emakumeen eta gizonen berdintasuna lortzeko bidean eragile aktibo bihur daitezen.

Urnietako egoera zuk duzun arduratik zer nolakoa da? Garapen bat somatzen duzu, baikor izan gaitezen?
M.M.
Urnietako egoera ez da txarra, baina beti ere hobetu liteke. Horretan gabiltza lanean guztiok. Egia da, geroz eta modu antolatuagoan egiten direla ekintza ezberdinak, eta agian iruditu ez arren, urte osoan egiten dira berdintasunera begiratuz ekintzak udaleko alor guztietatan, hirigintza sailetik hasi eta sustapen sailera bidean udaleko beste sail guztiak ere barneratuz.
Baina lana ez da Udalaren barruan bakarrik egin behar, eta Urnietako elkarteei eta herritarrei eskertu nahi diegu parte hartzeko eskatu zaien bakoitzean modu egokian egin izana, baita bilera edota formazio batetik bestera ere desberdintasunak ikus daitezkeela onartu ere.
Garapena nabaria da nire ustez, beraz, bakoirrak izan gaitezke. Prozesua luzea da, baina pausoz pauso bagoaz aurrera.

18:00. Lekaio. Azaroak 13, osteguna.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!