EH Bilduren adierazpenak joan zen osteguneko erasoaren aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 10a, 10:55

Azaroaren 6an Villabona eta Zizurkil lotzen dituen oinezko pasabidean gertatu zen erasoaren aurrean, Amasa-Villabonako EH Bilduk ere hitza hartu du ondorengo adierazpenak egiteko. Era berean, gaur astelehena, arratsaldeko 18:30etan Udalaren aurrean egingo den elkarretaratzerako deia egin du:

1.-Emakumeen aurkako biolentzia, gizarte ereduaren adierazpide nabarmena da. Arazoa ez da puntuala, estrukturala da eta bere sustatzaileak ditu. Gizarte patriarkala, heteroaraua oinarri duena, ia kasurik gehienean androzentrismoan oinarritua. Gauzak aldatzen ari direla saltzen saiatzen badira ere, gaur gaurkoz oraindik, emakumeak (kasu honetan adin txikikoa) herritar denen aurrean jipoituak eta erasotuak izateko biktima errazak dira.

Villabonako herritar denei zer pentsa eman beharko liguke, egun argiz, herriko kale nagusian, inpunitate osoz mutil batek neska bat erasotzen duen "ausardia" nazkagarriaren aurrean. Ez baita kasu puntuala ez baita delikuentzia episodio soil bat.

2.-Amasa Villabonako EH BILDUK tolerantzia 0 agertuko du eta erasotzailearen eta bere konplize guztien jarrera nazkagarriaren aurrean, emakumeak erresistentziatik autodefentsara deitzen ditugu. Ezin du erasotzaileak egun duen inpunitatea izan.

3.- Indarkeriaren prebentzioan egin behar da bereziki ahalegina, neska-mutilak, emakumeak eta gizonak, askatasunean heziko dituen hezkuntza sustatu behar da. Era berean, ezinbestekoa da emakumeen boteretzea eta herritarren arteko babes- sareak sustatzeko neurriak martxan jartzea, emakumeen biktima papera bultzatu ordez. Emakumeak beraien ekintzen eta buruen jabe izateko indartu behar dira eta indarkeria egoerei aurre egin eta egoera hauek ondo kudeatzen jakin dezaten. Emakumeen eta herritarren arteko babes-sareak sortzea ere garrantzitsua da, bakardade sentsazioari eta babesgabetasun egoerei aurre egiteko.

Erakunde publikoek arazo honi erantzuteko plan integralak diseinatzea, prebentzio- politiketan oinarrituta. Nafar Gobernuak eta Jaurlaritzak erakunde bakoitzaren eskumenak zehaztea; indarkeriaren biktima diren emakumeentzako arreta koordinatua bermatuko dutenak, erantzun horietan salaketa jartzeko aurre-baldintzarik eskatu gabe; eta indarkeria egoerak nozitu dituzten emakumeen boteretzea sustatuko dutenak.

Eta azkenik, dei bat luzatu nahi dugu  eraso hauek salatzeko Villabonako Udalak, astelehenean azaroak 10, arratseko 18:30etan, Udalaren aurrean  deitu den  mobilizazioan parte hartzeko eta era berean gure ordezkaritza zabalak bertan parte hartuko du.

Ezin dugu, halako gertaeren aurrean isilik geratu.

Amasa-Villabonako EH BILDU.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!