Euskal jantziak lantzeko tailerra

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 10a, 09:46

Ane Albisuk festarako euskal jantzien inguruko hitzaldia eman zuen asteartean Basteron. Aurtengo Gabonetan edo urtean zehar ospatzen diren euskal kutsuko ekitaldietan "nola jarri zapia?", "abarkak ala zapatak?" eta antzeko galderei erantzuten saiatu zen. Albisu euskal folklorea bultzatzen duen Ikerfolk elkarteko kidea da, eta euskal jantzi eta janzkera tradizionala jorratzen du bertan.

Tailerraren nondik norakoa laburtuko al zeniguke?
Ane Albisu: Bi zati izan zituen saioak. Lehenengo zatian, gaur egun darabilkigun festarako jantzien sorburua eta bilakaerari buruz hitz egin nuen alde batetik, eta bestetik, Andoaingo hainbat herritar partaide diren Atondu ekimenaz. Bigarren zatian hausnarketarako eta praktikarako aukera izan zuten parte hartzaileek.
Ikerfolk 1985ean sortu genuen, artean Argia dantza taldearen baitan ikerketan genbiltzanok. Juan Antonio Urbeltzen zuzendaritzapean folklorearen hainbat arlori buruzko ikerketak egin eta zabaltzea da gure helburua.

Euskal jantzien inguruan jakinmin handia piztu da.  
A.A.: Bai. Zalantzarik gabe, gure lana (Urbeltz eta berarekin lan egiten dugunona) azken 50 urte hauetan gure kultura tradizionalari dagokionean ezinbesteko erreferente bilakatu da. Atonduren lanak ildo horri jarraitzen dio eta orain dela 22 urte sorturiko proiektuak goitik behera aldatu du gure festa jantzien panorama.

Eboluziorik egon da, beraz, zuek proposamenak egiten hasi zinetenetik?
A.A: Azken hogei urte hauetan festarako eta dantzarako jantziek bilakaera handia izan dutela esan genezake, zalantzarik gabe. Hala ere, aurreko urteetan izan ziren aldaketa askoren metaketa ere izan dela esango nuke kasu askotan.

Atondu liburuan diozu, besteak beste, janzkera tradizionalean ere, jantziak pertsonaren eta gizartearen izaera eta egoera adierazten duela.
A.A.: Bai, noski. Janzkera tradizionala oso modu zabalean ulertu beharra dago. Etiketa moduan jartzen badugu gaizki ulertuan eroriko ginatekeelakoan nago.

XXI. menderako proposamena egiten duzu. Zenbateraino mantendu behar da XIX. mendeko eta XX. mende hasierako janzkera, zenbateraino "birsortu" behar da gizarte moderno baten estetikara edo modetara moldatuz?
A.A.: Mantendu, moldatu…, eta birsortzeko, lehenik ezagutu eta jabetu beharra dago. Kontua da, gure kulturaren beste arlo askotan ez bezala, transmisioa hautsi egin zela. Horrez gain, gureganaino heldu dena gehienetan XX. mende hasierako estetika kostunbrista arrotz batetik dator. Horrela, bada, geure ezaugarriak mantendu zituzten jantzi eta janzkerari antzoki edota festa ikusgarrietarako sortu eta bilakaturiko jantzien aldean baliorik ez zitzaion esleitzen. Horrek geurearekiko ezjakintasun handia ekarri du.
Atondu proiektua sortu genuenean, artean ia erabiltzen ez zen hitz horrekin (modan jarri dugula uste dugu) gauza asko adierazi nahi genuen. Alde batetik, fisikoki atontzeari ekin behar geniola, izpiritu berri batekin. Bestetik, gure jantzi eta janzkera tradizionalaren gaia, Etxeparek zioen bezala, plazaratu, bere goren gradura igo eta behar bezala atondurik behar zuen lekua eman behar geniola gure kulturan. Hori horrela izanik, XXI. mendeak ekarriko ditu ekarri beharrekoak.

Atontzeari, beraz, eman nahi izan zenioten garrantzi berezia.
A.A.: Bai. Nik esango nuke gure proposamenaren muina dela. Izan ere, guk jantzi batzuk proposatu genituen, baina haiek nola jantzi azalduz. Gure helburua da ia galdurik egon den tradizio horretan gure jantzi eta janzkerak zeintzuk izan diren jakiteaz gain, gure janzteko eraren klabeak, “azentua” zein izan den berreskuraturik eta horren jabe izanik naturaltasun batean egoera bakoitzerako zein hautu egin jakin ahal izatea.

Ikerfolk taldean urte batzuk daramazu, eta urte horietan andoaindar askorekin eduki duzu tratu zuzena.
A.A.: Bai horixe! Iñaki Arregi Ikerfolkeko partaide da, eta Agurtzane Arregi -Iñakiren arreba- Ikerfolkeko jantzi saileko partaide izan da. Bera izan zen orain dela 22 urte Aita Larramendi Ikastolako hainbat maisu eta andereñorekin harremanetan jarri gintuena. Haien ikaragarrizko lanari esker atera ahal izan genuen orain arbola sendo bilakatu den proiektuaren kimua. Gure proiektua erabat parte hartzailea da eta haiek jarri zuten lehendabiziko harria. Ondoren, herrira zabaldu zen eta orain dela urtebete ikastolaren 50. urteurrenean eta orain bi urte Atonduren 22.ean Atondu proiektuko partaide diren andoaindar kopurua oso handia dela ageri-agerian geratu zen. Hemendik, gure eskerrik beroenak helarazi nahi genizkieke gurekin elkarlanean izan diren eta oraindik ere badiren andoaindar guztiei.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!