Andoaingo Udalaren adierazpena, Memoriaren egunean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 10a, 09:41

Andoaingo EH Bilduk eta EAJ-PNVk adostutako Udal adierazpena:

P { margin-bottom: 0.21cm; }

MEMORIAREN EGUNEAN

ANDOAINGO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

Egia ez da utzi behar erdizka, herrenka, amnesiak jota edo itota. Giza eskubide ororen urraketa guztiekin osatutako egia aldarrikatu nahi dugu, benetako oroimen partekatua.

  • Giza duintasunaren defentsa, ideia edo egitasmo politiko ororen gainetik dago. Iraganari dagozkion erantzukizunak onartuz, elkarrekin bakerako eta bizikidetzarako akordio partekatu bat bilatu nahi dugu.
  • Andoaingo biktimak gogoan izan nahi ditugu Memoriaren egunean. Biktima da, lehen-lehenik, giza eskubideen urraketa jasan duen pertsona; beraz, indarkeria bidegabe bat pairatu duen pertsona oro. Gainerakoen sufrimenduarekiko sentiberatasuna eta errekonozimendua bultzatu nahi dugu.
  • Edozein indarkeria motaren kontrako jarrera partekatu nahi dugu. Indarkeriaren injustiziaren onarpena, eragindako kaltearen onarpena eta biktimen duintasuna beharrezko dituzte bakeak eta bizikidetzak. Biktima guztiek merezi dute egia, justizia eta ordainerako eskubidea.
  • Memoriaren ariketaren bidez helburu nagusi batera iritsi nahi dugu: Andoainen bakea eta bizikidetza berritua eraikitzea. Ez hutsunez betetako memoriak, ez memoria obsesiboak ez dute laguntzen bake zuzena eta bizikidetza sanoa ehuntzen.
  • Badugu garaia gure herriak jasan duen sufrimendua ezkutuan dagoen kutxa horretatik atera, eta, egia, justizia eta errekonozimenduan oinarritutako jendartea (herria) eraikitzen hasteko. Horregatik, bizikidetza helburu, eta egun honetatik aurrera, Andoaingo errealitatearen mapa osatzeko konpromisoa hartzen dugu adierazpen honetako sinatzaileok.
  • Iraganari buruzko memoria etiko eta kritikoan oinarrituko den egia eraikitzeko konpromisoa partekatu nahi dugu, giza eskubideen urraketa (jatorria dena dela ere) jasan duten biktima guztientzako laguntzan bat eginez, eta giza eskubideen urraketa guztiak aitortuz.

Giza duintasunaren aldeko konpromisoa adierazi nahi dugu, giza eskubideen aldekoa, eta euskal herritarren bake eta askatasunaren aldeko konpromisoa berretsi, memoriaren egunean. Memoria sendagarria landuz, iragan mingarriaren ateak itxi nahi ditugu eta herri osoarentzako etorkizun itxaropentsuaren ateak zabaldu.


AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!