Francisco Elias Valencia, El Salvadorko kazetari prestigiotsuenetakoa Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 7a, 14:32

Zizurkil eta El Salvadorren arteko lotura ez da oraingoa. 20 urtetik gora daramatza Zizurkilek Aiztondoko Meanguera herriarekin senidetuta, gaur egun Aiztondo osora zabaldutako senidetzean. Elkarlan horren zutarrietako bat bi herriek elkarren berri izatea da. Horren baitan, oraingo honetan El Salvadorko kazetari goraipatuenetakoa etorriko da Zizurkilera, Francisco Elias Valencia. Atxulondo kultur etxean eskainiko du hitzaldia, astelehenean, azaroaren 10ean, iluntzeko 19:30etan:

Co-Latino egunkaria

120 urteko historia duen Co Latino egunkariko zuzendaria da Valencia. Egunkari honetatik bere haragian bizi izan du El Salvadorko gatazka, bereziki gerrak iraun zuen 80 eta 90eko hamarkadan: barne borroka ugari, atentatuak… Gaur egun, egunero 10.000 ale saltzen dituen egunkaria da Co Latino, Valencia zuzendari denetik egin izan duen bezala, ildo ezkertiarrari eusten dio eta FMNL-ren gobernuak El Salvadorko hedabideetan duen babes bakarrenetako da. Babesa edo “kritika eraikitzailea”, Valenciak dioen moduan.

Co Latino langileen kooperatiba gidatzen du Francisco Elias Valenciak. El Slavadroko kazetari ugariren eskola, kolaboratzaileek ez dute deus kobratzen… kazetaritza egiteko beste modu bat. Hainbat sari jasotakoa da Valencia bere ibilbidean: 1991an Amerikako Pen Klubaren “Askatasunari saria” irabazia zuen, Brasilen eta Latinoamerika osoan saritua ere izan da.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!