Jarduera ugari Andoaingo Gazte Lokalean, urteurrenaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 7a, 13:47

Halloween gauaren ospakizunarekin, ekitaldiz beteriko hilabeteari hasiera emango diote. Andoaindarrak izar talentu lehiaketa, eraso sexisten aurrean kontzientzia pizteko Hilabete morea egitasmoa eta Gazte Lokala sortu zeneko XIV. urteurreneko ospakizunak bata bestearen aztetik burutuko dira Andoainen. Nerabezarotik heldutasunera doazen neska-mutilentzat aisialdi eskaintza aparta izango da.

Parte hartzen edota ikusle modura ere, herrian kantari eta dantzari aritzen direnen artean talentu lehiaketa deitu dute. Izen ematea laster amaituko da eta euren artea ikusteko aukera izango da azaroaren 21ean eta 28an.
Andoainen bezala hainbat txokoetan ere, emakumeenganako indarkeriaren kontrako jarduerak burutzen dira azaroan. Hilaren 25a nazioarteko eguna da, baina horren aurretik herrian jarduera ezberdinak antolatu dituzte. Datozen zortzi egunetan ligatzeko tailerra, bideo emanaldia eta autodefentsa ikastaroak antolatuko dituzte.
Azaroa hilabete oparoa izango da, Gazte Lokala ireki zeneko urteurrena ospatzen baita. Dagoeneko hamalaugarrena da. Hori dela eta, azaroaren 15ean egun osoko irteera egingo dute Nafarroa iparraldeko Irrisarriland natur parkera. Besteak beste, tirolina handiena aurkitzen da bertan. Asteburua borobiltzeko, azaroaren 16an merienda egingo dute Gazte Lokalean bertan.
Sortu zenetik Udal zerbitzutik ehunka ikasle igaro dira, eta bistan da adin tarte baten aisialdian zegoen hutsune handia betetzen ari dela. Ohiko egitasmoetatik aldentzen delako eta herrikide guztien arreta piztu dezakeelako, “Andoaindarrak izar” lehiaketak herrikideen interesa piztea nahiko lukete. 12-18 urte bitarteko gazteak artisten pare arituko dira kantuan, dantzan edota aukeratzen duten beste jardueraren batean.

 

“Andoaindarrak izar” 

Aritz Nuñez Gazte Lokaleko hezitzaileak lehiaketaren inguruko xehetasunak azaldu ditu. 


Zein helburu du Talentu lehiaketak?
Andoaingo Udaleko Euskara lan sailak, euskararen eguna dela eta, gazte lokalekooi zerbait antolatzeko aukera eman zigun. Herriko elkarte ezberdinek antolatu ditugu ekintzak (bertso eskolakoek, guraso elkartekoek…), baina guri, gazteen erreferente garenez, gazteei begirako talentu lehiaketa egitea bururatu zitzaigun. Telebistako “Tu sí que vales” lehiaketan oinarrituta dago eta horrekin helburu bikoitza lortu nahi dugu; batetik, euskaraz egingo denez hizkuntza sustatu eta bultzatzea, eta bestetik, partaidetza bultzatzea. Eta, noski, ondo pasatzea.

Nori dago zuzenduta?
12-18 urte bitarteko gazteei. Kanpaina ikastetxeetan egin dugu, batik bat. Bestalde, parte hartzaileen bila elkarte batzuetara ere joan gara zuzenean: Soinuak musika eskolara, musika tresnak jotzen dituzten gazteei tentatzeko; bertso eskolara, Urki dantza taldera…
Lehiaketa irekia da. Izan daiteke malabareekin ibiltzea, bakarrizketa saioa egitea, magia, bertsotan aritzea... Berez, oso-oso irekita dago, baina egia da orain arte izena emadako gehienek musika instrumenturen bat jo edo dantza egingo dutela.

Azaroaren 21ean hautaketa froga egingo duzue. Zein asmorekin?
Bai, hautaketa froga lokalean egingo dugu eta irekia izango da. Ideia filtro bat pasatzea da: bateren batek luzeegia egiten badu mozteko proposatuko diogu, lehiaketa serio hartu ez dutela ikusten badugu ez diogu finalera joaten utziko, partaide asko badaude kopurua mugatu beharko dugu… Hala ere, politena hautaketa frogan sartzen direnak zuzenean finalera joatea litzateke.
Hautaketa froga pasatzen dutenak, finalean lehiatuko dira azaroaren 28an, Basteron.
Bai. Ikusgarria izateko bideoren bat proiektatuko dugu, musika jarri… Guzti horrekin batera, aurkezle bat arituko da saioa gidatzen eta hiru lagunez osatutako irabazlea izendatzeko epaimahaia egongo da. Oraingoz ez dakigu zein izango den; baina, agian, herriko kirolariren bat edo dantzariren bat izango da.

Zer espero duzue? Animatuko al dira gazteak?
Oraingoz zortzik eman dute izena, batzuk bakarka eta besteak taldeka. Batek saxofoia joko du, beste batek pianoa, taldeka funky dantza egingo dute… Dena den, partaidetzarena landu beharreko gaia da; Gazte Lokalean 14 urte daramatzagu, eta beti partaidetzarekin borrokan ibiltzen gara. Nerabeei kosta egiten zaie proposatzen ditugun ekintzatan parte hartzea, baina oraingoz batzuk izena eman dute eta saiatuko gara gehiago erakartzen. Gainera, arlo gehiagotan ere erakarri nahiko genuke, ez soilik musikan. Horrela, lehiaketa aberatsagoa izango da.

Gazteak erakartzeko amua saria izaten da sarritan, kasu honetan egongo al da saririk?
Bai, bonoen bitartez Andoaingo dendetan kontsumitzeko aukera emango zaio irabazten duenari. Ziurrenik 150-200 euroko erosketa bonoa izango da.

Zein mezu helaraziko zenieke gazteei?
Ea herrian eta gazteen artean daukagun partaidetzaren arazotxo hori zuzentzen dugun lehiaketa honekin. Anima daitezela, ekar ditzatela gurasoak eta lagunak, guztien artean ederki pasako dugu. Ez dezatela lotsarik izan.

 

HILABETE MOREA

Gazte lokalean hiru jarduera burutuko dituzte laster:
Ligodromoa, tailerra
Azaroak 7, ostirala. 18:30.
Beldur Barik, bideoak
Azaroak 13, osteguna. 18:00.
Autodefentsa ikastaroa
Azaroak 14, ostirala. 18:30.

 

URTEURRENA DATORREN ASTEBURUAN

XIV. urteurreneko ospakizunak datorren asteburuan:
Irteera
Irrisarriland abentura parkea, tirolina luzeena duena.
Bidaia: 15 euro.
Azaroak 15, larunbata.
Merienda
Gazte Lokalean bertan
Azaroak 16, igandea.

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!