1974an jaio zirenei parte hartzeko deialdia

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 7a, 13:39

Kinto afaria egingo dute hilaren 22an 1974. urtean jaiotakoek. Afaria antolatzen Ainhoa Alfonso, Naiara Lasarte, Miren Iztueta eta Amaia Gomendio ari dira. Ainhoak eta Naiarak hartu dute hitza afariaren berri emateko.

Elkarrizketa:

Zein asmo duzue egun horretarako?
Naiara Lasarte: Arratsaldeko zazpitan Txitibarko plazan elkartuko gara, handik abiatuta poteoa egingo dugu eta Oianumen afalduko dugu. Andoainen jende askorentzat ikusten ez genuelako prentsatu genuen Oianumen afaltzea.
Ainhoa Alfonso: Lehen aldiz egingo dugu afaria eta ez dakigu zenbat izango garen. Horregatik, asko bagara, leku arazorik edukiko ez dugula aurreikusi behar izan dugu. Hobe leku handi bat aukeratzea. Gainera, Oianumek aukera ematen du afal ondoren bertan geratzeko; izan ere, barra eta dantzarako tokia baititu.
N.L: Jende asko izanda, herrian tabernaz taberna ibiltzea oso deserosoa eta zaila da. Oianumen, beraz, bertatik bertara egongo gara.

Nola joango zarete Oianumera?
N.L: Jendearen arabera ikusiko dugu autobusa alokatu ala taxietan joan. Jendeak ez du kotxearen beharrik izango. Joan eta etorri nola egin aurrerago erabakiko dugu, epea amaituta zenbat jende goazen ikusitakoan.

Lehenengo aldia da afaria egiten duzuena. Zer aurreikusten duzue?
A.A: Ez dakigu. Andoainen ez dago ohitura handirik eta auskalo. Kinto afarirako ohitura 50 urtetik gorakoek izaten dute, baina lehenengo aldia da 40 urte ditugunok egingo duguna. Ondo ateratzen bada, jarraituko dugu egiten; agian, urteroko maiztasunarekin ez, baina bi urtez behin, edo bost urtez behin.
N.L: Guk irekiko diegu ondorengoei 40 urterekin ere afaria egiteko bidea. Ondo ateraz gero, gazteagoak animatuko dira.

Nolatan sortu zen ideia hori?
N.L: Alde ezberdinetatik sortu da. Gu, lagunartean, asteburu pasaren bat egitea pentsatzen ari ginen. Denbora asko ikusi gabeko lagun batekin topatu eta horiek ere zerbait egiteko asmotan zebiltzala esan zidaten. Hau da, batarekin eta bestearekin topatu eta denok zerbaitetarako asmoa edo gogoa genuela ohartu ginen.
A.A: Gu orain dela bi urte ikastolakoen kinto afaria egiten saiatu ginen, baina ez zen ondo atera ez ginelako asko mugitu. Aurten, ordea, 40 urte egitera goazenez berriro saiatzeko asmoa genuen eta Naiararekin hitz eginda, herri mailako kinto afaria egitea adostu genuen. Horrela, elkartu eta antolatzen hasi ginen.

Helburu nagusia aspaldian egon gabeko lagunekin egotea izango da, ezta?
A.A: Bai, bada zertan dabilen ere ez dakigun jendea. Aspaldi ikusi gabekoekin hitz egitea eta ondo pasatzea da helburua.
N.L: Elkarren berri izateko aukera oso ona da.

Zer egin behar du afarira joan nahi duenak?
N.L: Azaroaren 14an amaitzen da izena emateko epea, eta ordurako, kontu-korrontean dirua sartu beharko du joan nahi duenak. Kartelak kalean jarri ditugu eta bertan dago informazio guztia. Oraindik ez dakigu zenbat jende joango den, ez dut begiratu ere egin; izan ere, badakigu jende asko azkeneko momentuan apuntatuko dela.

Zein mezu zabaldu nahiko zenieke zuen belaunaldikoei?
N.L: Animatzeko esan nahiko nieke. Afaria erabat irekia dela. Batetik, herri mailako ekintza bat denez, ikastetxe guztietakoak gonbidatuta daude. Bestetik, ez da andoaindarrentzat soilik. Izan ere, ikastolan ibiltzen ginenean urnitarrak ere bazeuden tartean eta horiek ere gonbidatuta daude. Beraz, 1974an jaiotako ikastetxe guztietakoak elkartzea da asmoa.
A.A: Erabat irekia da, herri mailan egingo dugu. Jendea anima dadila. Pertsona bat bakarrik agian ez da etorriko, baino taldean anima daitezela eta etortzeko. Zailena lehen aldiz egitea izango da, baina ederki pasako dugu eta aurrerantzean ere horrelakoak egiten jarraituko dugu.

1974andoain@gmail.com

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!