Hogei urte besterik ez ditu Mikel Esnaola urnietarrak, baina dagoeneko pausu handiak ematen ari da saskibaloiaren munduan. Orain Galizian dago Ferrol CB taldean jokatzen, eta etorkizunean ABCko talderen batean egotea amesten du.
Noiztik duzu gogoko saskibaloia?
12 urterekin hasi nintzen saskibaloiaren munduan murgiltzen. Kasualitatea izan zen dena; altuera handikoa baina atletismoa nahiago nuen. Egun batean, ordea, ama etorri zitzaidan saskibaloia probatzeko esanez. Nahiz eta nire ama profesionala izan, ez nuen ideiarik saskibaloiari buruz, ez nekien amak Espainiako selekzioarekin jokatu zuenik ere.
Hernanin, Eason eta orain Ferrolen jokatzen ari zara. Zer moduzko esperientzia ari da izaten?
Bi hilabete daramatzat hemen eta taldea ligako gazteena da, 19 urteko bataz bestekoa dugu. “Ezkutuan” ari gara lanean, Espainiako beste muturrean eta inork ez digu arreta handirik jartzen; baina gu gogor ari gara lanean. Gure helburua Eguberrien ostean emaitzak onak lortzea da.
Zertan aldatu zaizu bizitza kanpoan zaudenetik?
Heldutasun maila batera iristea beharrezkoa da, ez dago beste erremediorik. Pertsona oso irekia izan beharra dago gainontzeko taldekideekin erlazionatzeko. Dena den, ez zait oso gogorra egin kanpoan bizitzea; gainera, familiak asko laguntzen du momentu txarretan.
Zer moduz sentitzen zara taldean?
Oso gustura nabil. Bi edo hiru jokalari gara esperientzia profesionala dugunak eta hori irakatsi edo zabaldu egin beharra dugu taldean. Batzuetan erraza da, baina beste batzuetan asko kostatzen da, oso gazteak gara eta.
Urnieta ez al duzu faltan botatzen?
Noski baietz! Nire herria da eta etxean bezala inon ez da egoten. Gainera, lagunen hutsunea asko nabaritzen dut.
Saskibaloiaz gain, ikasten ari zara.
Bai, gaur egun ezin da ikasketarik gabe bizi, Pau Gasol bezalako bat izan beharko zenuke horretarako. Informatika ikasten ari naiz Ferroleko ikastetxe batean.
Nola uztartzen dituzu ikasketak eta saskibaloia?
Gaur egun oso zaila da hau aurrera eramatea eta maila igotzean geroz eta zailagoa bilakatzen da. Zorionez, klaseak arratsaldez ditut eta goizeko entrenamenduetara joan naiteke.
Zenbat denbora eskaintzen diozu saskibaloiari?
Egunean, gutxi gora-behera bost ordu eskaintzen dizkiet entrenamenduei, baina, bideoak ikusiz zertxobait gehiago.
Mate txapelketa ere irabazi zenuen. Hori garrantzitsua izango zen zuretzat, ezta?
Bai, noski. Momentu hura bizi ez dutenek, ez dakite zertaz ari naizen hizketan eta nolakoa izan zen bizi nuen sentsazioa. 16 urterekin hamabost mila pertsonen aurrean mateak egitea ezin da hitzekin azaldu. Horrelako momentuak mentalki aurrerapausu handiak dira niretzat.
Zu bezalako jokalari batentzat zer da garrantzitsuena?
Gaur egun, saskibaloian arrakasta edukitzeko fisiko ona edukitzea beharrezkoa da. Baina entrenatzaileak, buru azkarreko jokalarien bila ari dira. Horregatik, fisikoaz gain, buru azkarra izatea eskatzen digute jokalari gazteei; nire postuan jokatzen duten jokalariei, bereziki.
Zer da saskibaloia zuretzat?
Saskibaloia bizitzeko modu bat da. Ez da kirol arrunt bat. Saskibaloian zure taldekideekin behar duzun erlazioa izugarria da. Gainera, saskibaloiak egunerokoan aurrera nola egin irakasten dizu. Esaterako, harrotasuna neurtzen erakusten du; harroa izatea oso gaizki ikusita baitago kirol honetan.
Noiz disfrutatu duzu gehien zelaian?
Nire ustez, kirolari guztiak partida guztietan disfrutatzen saiatzen gara. Zoritxarrez, hori ez da beti gertatzen, baina esan dezaket Danimarkan jokatu nituen partidak hoberenak izan zirela. Profesional maila izugarria da eta niretzako aukera ikaragarria izan zen.
Zein partidu duzu gogoan?
Danimarkan jokatu genuen Play offaren finala 21 urte azpiko taldearekin. Vearlouse izena zuen taldearen aurka jokatu genuen. Beraiek ziren partida irabazteko aukera gehien zutenak, baina gauzak aldatu egin ziren. Ez nuen espero horrelako partida jokatzea. Danimarka osoa harrituta geratu zen guk irabazi genuelako.
Zein entrenatzaile izan da berezia zuretzat? Zergatik?
Egia esan, zorte handia izan dut entrenatzaileekin. Danimarkan nuen entrenatzaileak asko zaindu ninduen eta mentalki hazi egin nintzen berari esker. Orain daukadan entrenatzailea ere izugarria da, horregatik nago hemen orain. Felix Banobre du izena eta Espainia mailan entrenatzaile azkarrenetarikoa da.
Jokalariren bat baduzu zure idolotzat har dezakezuna?
Bai, noski. LeBron James du izena. Munduan dagoen jokalaririk onena da, izan ere, denetarik egin dezake; 1’50-2’10 metro neurtzen duten jokalariei defentsa lana egin diezaioke. Gainera, bere fisikoa konparaezina da.
Zein asmo duzu etorkizunerako?
Nire asmoa bi-hiru urtez hemen jokalari eta pertsona bezala haztea da. Entrenatzailearen asmoa bi edo hiru jokalari maila altuetara eramatea da, baina horretarako, lan handia egin beharra dugu.
Zein amets bete nahiko zenuke?
Nire ametsa ACBn egotea da. Izugarrizko lana egin beharra dago hori lortzeko, baina zorte onarekin, egi bihur liteke.