Tasa eta zerga berriak hizpide Udal batzarraldian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 7a, 13:38

Zaborren eta uraren Udal tasekin sortu ziren ika-mika beroenak alderdien artean, joan den hilaren 21ean egin zen Udal batzarraldian. Orduan bozkatu zirelako 2015erako ordenantza fiskal berriak.

Alderdiek eztabaida latzak piztu dituzte euren artean uraren eta zaborraren kontura legegintzaldi honetan, eta bide beretik joan zen batzarraldia. Udal gobernuaren proposamenak oposizioko hiru alderdien kritika zorrotza jaso zuen.
PSE-EEko bozeramaile Maider Lainezek proposamenak berarekin zekartzan aldaketa guztiei ezezkoa eman ziela adierazi zuen, hitza hartu eta beherala. Hiru arrazoi azaldu zituen, funtsean: Udal gobernuak bosgarren edukiontzia ez bultzatu izana, krisi garaian zergak igotzea neurri desegokia izatea, eta kutsu elektorala edukitzea (hauteskunde aurreko azken urtean Udalaren zorrak kitatzeko modua izatea, alegia). PPko Asun Guerra zinegotziak ere ildo beretik jo zuen, ezezkoa iragarriz.
Azkenik, EAJ-PNVko ordezkari Andoni Baltasarrek hainbat argudio adierazi zuen, proposamena kritikatzeko. Honakoak, besteak beste: IPC-KPIaren igoera ez kontuan hartzea; zerga eta tasak progresiboki ez igo izana orain hamar urtetik hona datorren arazoa izan arren; desegokia izatea urte bakarrean hainbesteko igoera ezartzea; Udalaren egoera ekonomiko larria andoaindarren bizkar jartzea... Kritikak kritika, Baltasarrek iragarri zuen bere alderdiak abstentzio kritiko eta eraikitzailera joko zuela proposameneko zati gehienetan.
Ana Carrere alkateak oposizioko alderdiei oposizio eraikitzailea ez baizik suntsitzailea egitea leporatu zien. Alegia, aztergaiak Udal batzarraldietara eraman aurretik eztabaidatzeko denbora izan ohi dela, baina uko egiten diotela aukera horri.     

2015erako igoerak
Horrenbestez, aurrera egin zuten Udal gobernuak udalbatzarrera eramandako proposamen gehienek.
• Zabor tasak eta estolderia %10eko igoera. Zergadunek 86,40 euro ordaindu beharko dituzte, iaz baino 7,80 euro gehiago. Lantegietan eta merkatalguneetan kopuru berbera jarraituko dute ordaintzen.
• Urari dagokion tasa %5a igoko da gutxieneko kontsumoa (30 metro kubiko) gainditzen duten etxeentzat.
• Allurralde kiroldegiko zerbitzua: Familiarrak 240 euro urteko, eta 158 euro gizabanakoak. Gainera, kiroldegirako sarrerak, solariumak, saunak, udako ikastaroek eta areto futboleko izen- emateak ere igo egingo dira.  

LIBURUTEGIEN KANONA
Tasen eta zergen ostean, liburu maileguagatik liburutegi publikoek ordaindu beharreko kanona bertan behera uztea eskatzen zuen mozioa aurkeztu zuen Bilduk. Madrilgo gobernuak abuztuan onartutako dekretua zuen hizpide proposamenak. Horren arabera, 2016ko urtarriletik aurrera, 5.000 biztanletik gorako udalerrietako liburutegi publikoek egile edo editorren elkarteei kanon bat ordaindu beharko die, maileguan utzitako liburu bakoitzeko edo erregistratutako erabiltzaile bakoitzeko. Liburutegiaren zerbitzu publiko horren biziraupena kolokan jarriko dela azpimarratu zuen Bilduk. EAJk eta PSE-EEk bat egin zuten proposamenarekin; kontra bozkatu zuen PPko ordezkariak, kanona Europatik heldu den agindua dela esanez.

TXIROTASUN ENERGETIKOA
Azkenik, PSE-EEren txirotasun energetikoaren aurkako mozioa eztabaidatu zen Udal batzarraldian. Hainbat familiak, etxean oinarrizko baldintzatan bizi ahal izateko behar duen argindarra ordaintzeko ezintasunari deitzen zaio txirotasun energetikoa. Estatuan, jada zazpi miloi dira argiaren edo gasaren fakturei erantzuteko zailtasunak dauzkaten herritarrak, berriki egin den ikerketa baten arabera; EAEn, berriz, laurogeita hamar mila dira egoera berean daudenak.
Mozioak, Foru Aldundiari eta Jaurlaritzari eskatzen die eragile sozialekin batera plangintza diseina dezaten txirotasun energetikoa baztertzeko. Aldi berean, Espainiako Gobernuari ere luzatzen zaio eskaera: berehalakoan, txirotasun energetikoa pairatzen duten herritarren babeserako legea aurkeztu dezala diputatuen kongresuan. PSE-EEren mozioa aurrera atera zen, Bilduren babesa jaso eta gero; EAJk eta PPk kontra bozkatu zuten.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!