Moldaketa eta hobekuntza batzuk iragarri zituzten, nolanahi ere. Tramitazio eta kontrol lanerako, esaterako, hobekuntza administratiboak egingo dituzte. Landa gunean zaborretan hiru tasa ezberdin aplikatzetik bakarra izango da denentzat. Zergen “izozte” horretan salbuespen bakarra izango da, Buruntzaldeko kirol zerbitzuei dagokiena. Zerbitzu hori inguruko udalerriekin adostuta eskaintzen denez, 0,3ko igoera ezarriko dute.
Oposizioaren aldetik, PSE-EEko Herme Gonzalez eta EH Bilduko Xabier Yurramendi ados agertu ziren Ogasun batzordetik adostuta iritsi zen proposamenarekin. Bozketan ordezkaritza duten hiru alderdiek proposamena aho batez onartu zuten.
Etxebizitza hutsak
Tasak eta zergak erabaki aurretik, EH Bilduk plenora etxebizitza hutsei IBIan %50eko igoera ezartzeko proposamena eraman zuen. Euren hitzetan 108 etxebizitza dira hutsak bezala kontsidera daitezkeenak. Horietan guztietan ur kontsumorik ez dagoela kontutan hartu dute. Tolosako Udalaren eredua Urnietan aplikatzea proposatzen zuten, hartara IBIaren igoerarekin etxebizitzaren jabeak etxebizitza hutsa alokairuan jartzea sustatu asmoz.
PSE-EEk eta EAJ-PNVk proposamenari aurkako botoa emango ziotela iragarri zuten. PSE-EEren aburuz, IBIaren igoera ez da pizgarri bat izango etxebizitzen jabeentzat. Gaineratu zutenez, Udalak eredu izan beharko luke sistema hori aplikatuz gero. Alegia, Udalak alokairuan jarri beharko lituzkeela hutsik dituen 2-3 etxebizitzak. EAJ-PNVrentzat, IBIaren igoera zigor modukoa da. Haientzat neurri hori hartzea politika zigortzailea aplikatzea da. Izatekotan, kontrakoa egitea planteatu zuten jeltzaleek. Alegia, bigarren etxebizitza duen jabeari alokairuan jartzeko neurri aringarriak proposatzea. EH Bilduren proposamena ez zen aurrera atera, ez zuelako babesik jaso.