Angel Miranda Urnietako salesiar komunitateko zuzendariak hasiera eman zion ekitaldiari, eta hark aurkeztu zituen mahai buruak. Maila handiko parte hartzea izan zen, honako laukoteak osatuta: Juan Carlos Perez Godoy salesiarren ordezkari probintziala, Jorge Arevalo Turrillas Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu-ordea, Vicente Zaragüeta Laffitte Donostiako Aquariumeko lehendakaria eta proiektuaren ongilea (bere osaba-izebak dirua jarri zuten ikastetxea eraikitzeko) eta Jose Luis Pinedo Fernandez ikastetxeko zuzendaria. Ekitaldi instituzionalari agurrarekin eman zioten hasiera. Irene Larrañaga diseinu grafikoko ikaslearen txistu doinuekin dantzari dotore aritu zen Amaia Irurtia irakaslea.
“Familian, atariko eta protokolo handirik gabe, etxean bezala senti zaitezte. Don Boscoren etxean, ekitaldi akademiko hutsaz haratago doa gaurko ekitaldia. Eskerrik asko hona etortzeagatik”, Angel Mirandaren lehen hitzak izan ziren horiexek. Urteak azkar doazela eta, bizitzaren aldeko hitzak izan zituen, “ikastetxea eraiki zenetik 50 urte igaro dira eta polita da urte horiek guztiak bizitzaz betera igaro direla ikustea”. Aita Beobide, Pedro Zaragueta, Conchita Egia, 80tik gora salesiarrak eta Maria Auxiliadoraren alabak..., begirada atzera bota eta bidegile haiek guztiak gogoan izan zituen. Milaka izango dira ikastetxetik igaro diren ikasleak, “salesiar etxean oraina eta etorkizuna aurkitu dutenak”. Oinarrietako bat horixe izan baita ibilbide osoan, “gure zerbitzari bokazioa berritzeko gazteekin eta gazteentzat lan egitea”.
Jarraian, Juan Carlos Perez Godoy salesiarren ordezkari probintzialak hartu zuen hitza. “Etxera iritsi eta amaitu gabe zegoen”, Jose Priederen hitzak gogoan hartuz abiatu zuen bere hitzaldia. “Gaur hemen gaude eta beharbada esan beharko genuke etxea ez dagoela amaituta. Eta ez bereziki utzikeriagatik, edo axolagabekeriagatik, ... Ez da amaitu, salesiarren etxea ez delako soilik bera biltzen dituen lau paretak. Bere hezkuntza eta pastoral misioa ere bada. Salesiarren jarduerak beti eta etengabe gazteen egoerara egokitu behar du, haiek baitira salesiarren hezkuntza sistemaren erdigunea”.
Unerik atseginenak Vicente Zaragüetaren hitzaldiarekin iritsi ziren. Adinean gora egiteak eskaintzen duen askatasunarekin, protokolo guztiak hautsi zituen. Haren osaba eta izebak emandako diruarekin, Aita Beobideren ametsa egi bihurtu zen. 50 urte atzera, Vicente gaztea zen eta bere Lambrettan makina bidaia egin zituen Urnietara. Bertaratutakoen irriak bereganatu zituen bere kontakizunekin. Aipaturiko guztietatik beharbada esanguratsuena hizketaldiaren hasieran esan zuen. Bertaratutako guztiei ausart jokatzeko eskatu zien, “gutako bakoitzak arrano bat dugu barruan. Lo daukagu beharbada, baina esnarazi beharra dago goi-goitik hegan egiteko. Altueretatik beste ikuspegi batekin ikusten dira gauzak. Gizarte honetan artaldean nahi gaituzte, eta artaldetik ateraz gero zartakoa ematen digute. Eta horrela, artaldean gauden bitartean, ikuskizun tamalgarriak ikusten ari gara”.
Jose Luis Pinedo Fernandez ikastetxeko zuzendariak aurretik izan zituenen lana eskertu zuen, haiei esker ikastetxeak ospea hartu duelako. “Iraganaz harro, etorkizunaren eraikitzaile” ikasle talde batek proposatu zuen leloa bere egin zuen. Etorkizunera begira irakaskuntzaren gaztetatsuna eta prestakuntza nabarmendu zituen, “orain 50 urte abian jarritako misioak aurrera egin dezan”.
Ekitaldiari amaiera emateko Jorge Arevalo Turrillas Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako sailburu-ordeak hitza hartu zuen salesiarren lana goraipatzeko, “Salesiarrak konpromiso hutsa dira. Hainbeste jenderi arrazoi osoz entzuten diogu, prestakuntza aldetik, inoiz izan dugun gazteriarik onena dugula. Eta hori ezinezkoa litzateke salesiarren parte hartzerik gabe. Beste batzuk ere egon badaude, noski, baina salesiarrak oso garrantzitsuak izan dira gazteen formakuntzan. Eta hau bereziki oso nabarmena da Lanbide Heziketan. Zenbatek aurkitu dute lana bertatik igaro ondoren? Asko eta asko dira. Gizartea sortzea hori da, hitz bakarrean, aberastasuna sortzea. Aldaketa garaia bizi dugu, arazo larriekin. Egoerak eraldatzera behartu gaitu, eta alde horretatik Lanbide Heziketa eraldatzen ari gara. Eraldakuntza oinarri sendoekin eta ondo pentsatuta ematen ari gara. Beti ere laguntza handia eskaintzen diguten ikastetxeei esker. Eta horien artean salesiarrak daude”.
Txalo artean amaitu zen ekitaldia, hamaiketakoari hasiera eman aurretik.