Prozesu honen helburua herritarrei zer nolako autobus zerbitzua nahi zuten galdetzea izan da, herritarrek dituzten hutsuneak asetzeko asmoz sortua. Iaz hasi ziren bilerak egiten eta 3300 ekarpenetik gora jaso ziren. Aldundiak galbahea pasa eta berriro bilerak egin ostean, behin behineko proiektuak diseinatu zituen. Urriko bileretan aurkeztu dituzte proiektu horiek eta, oro har, herritarrek begi onez ikusi dituzte.
Aldundiak 2015erako aldaketak iragarri ditu; hala nola, %33 gehiago inbertituko du garraio publikoan, 57 gidari lanpostu gehiago sortuko dira, linea berri asko egongo dira eta gauetako zerbitzua hobetuko da. Honenbestez, zerbitzu berri hauek aldaketa handiak eragingo dituzte herri arteko autobus zerbitzuan. Azkenik, Aldundiak zorionak eman nahi dizkie herritarrei, prozesuan parte hartzeagatik, ekarpenak egiteagatik eta elkarlanean zerbitzu publikoa benetako beharretara egokitzeagatik.