Eskualdeko kataluniarrak herri kontsultaren atarian

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 6a, 12:19

Roger, Carles, Kike, Merce..., eskualdean bizi diren kataluniarrak dira. Une historikoa bizi dute, eta hori bera hizpide izan dute Aiurrin. Hona bertan bizi direnen ikuspegia.

Roger Aira
Horta Guinardo auzoa, Bartzelona. 1970
Roger duela zortzi urte etorri zen Andoainera bizitzera. Bertatik Kataluniako prozesua babesten du. Hunkituta dago sortu den mugimendu zabalarekin.

“Independentzia ez da ideologia kontua soilik”

  1. Kataluniarra izanik hemen bizi zara. Gure eskualdetik zer nolako ikuspegi duzu Katalunian dagoen auzi politikoaz?
    Ilusioz, ahozabalik, emozioz eta mesfidantzaz bizi dut. Zaila da, aurrean duguna itsu eta mutu dagoen Estatua baita. Ez du hitz egin nahi, ez du negoziatu nahi. Jakinik gainera Katalunia eta EAE galduta dituela, Estatuan zehar botoak eskuratzeko erabiltzen gaitu. Ondo datorkio alde horretatik Kataluniarekin eta EAErekin gatazkan egotea. Eta ez, ordea, arazoaren irtenbidea eskuratzea.
    Azaroaren 9koa ere galerazten saiatuko direla uste dut. Bozkatzeko aukera egongo balitz, aurrekoan 3.600.000 lagunek (zentsoaren %70ak) bozka eman zuela kontuan hartuta, 1.900.000 pertsona baiezkoaren alde agertzea arrakasta litzateke. Jendetza hori mugiaraztea lortuko bagenu nazioartean emango genukeen irudia ikusgarria litzateke. Estatu mailan ez dute hori lortzerik nahi.
  2. Zein da azaroaren 9an egitekoa den kontsultarekiko duzun iritzia? Nire lurraldean gaiari buruzko eztabaida handia dagoen arren, nire iritzian azaroaren 9koa ez da aurrekoarekin alderatuta oso ezberdina. Aurrekoak eta honek ez du bozkatzeko asmoa ez dutenen gogoa aldatuko. Horien guztien parte hartzea soilik lortuko litzateke erreferenduma loteslea edo binkulantea balitz. Ni oraingoz hautes mahaien inguruetan ilarak ikustearekin konformatzen naiz. Bi milioi pertsona bozka ematen..., horrek indar handia emango liguke.
    Espainiak inteligentziaz jokatuko balu prozesua hankaz gora jartzeko aukera badu. Hezkuntza, hizkuntza eta beste hainbat alorretan bermeak eskainiko balitu eta horri gehituta hitzarmen fiskal bat eskainiko balu, oso bestelakoa litzateke auzia. Espero dut eskaintza hori sekula ez iristea.
  3. Euskal Herrian ere oso bogan dago erabakitze eskubidearen gaia. Zein irakurketa egiten duzu hemengo egoeraz? Abertzaletasunaren alde bat eroso dago, EAEk eta Nafarroak duten hitzarmen fiskalari esker. Hemen independentziaren alde dagoena ia erabat sentimenduengatik da. Eta Katalunian aldiz sentimenduz independentistak egoteaz gain, badira ere arrazoi ekonomikoengatik joera horren alde daudenak. Ez ohikoa da Katalunian lortu dena. Independentzia ez da soilik ideologia kontua, orain eskutik helduta doaz demokristauak, sozialistak, liberalak, komunistak..., denak norabide berean doaz eta, noski, prozesua aurrera eramatea korapilatsua da. Hain jende ezberdina bat eginda ikusteak hunkitzen nau. Ez dakit noraino iritsiko garen, baina ikaragarria izaten ari da.


MERCE BRAU
TORA, LLEIDA. 1960
Hogei urte daramatza Andoainen bizitzen. Etxekoekin euskaraz, katalanez eta gaztelaniaz hitz egiten du.

“ANC mugimenduaren lana azpimarratuko nuke”


  1. Kataluniarra izanik hemen bizi zara. Gure eskualdetik zer nolako ikuspegi duzu Katalunian dagoen auzi politikoaz? Kataluniaren nortasun, kultura eta hizkuntzaren aurkako diskurtsoa zabaldu da Madrilen eta jende ugari amorraraztea lortu dute; LOGSErekin gaztelaniaren alde egitea izan da jokaera zentralista horren azken adibidea. Gizartearen gehiengo baten sentimendua adierazi da azken bi Diadatan. Jendeak politikaz eta independentziaz errezelorik gabe hitz egiten du. Nik ANC mugimendu zibilaren papera azpimarratuko nuke. Eurak ari dira gizartea mugiarazten; alderdi politikoak atzetik doaz. ANCk hogei milatik gora bolondres mugitu ditu, etxez etxe jendeari zer nolako Katalunia nahi duen galdetuz.
  2. Zein da azaroaren 9an egitekoa den kontsultarekiko duzun iritzia? Jendeak bere iritzia kontsulta bidez eman nahi du. Gero gerokoak. Madril “zatitu eta irabazi” estrategia ari da aplikatzen, baina nik garbi daukat gizartea oso kontzientziatuta dagoela. Azaroaren 9an gizarteari iritzia ematea galarazten bazaio etorriko dira ekimen berriak. Jendetsuak eta baketsuak orain arte bezala. 
  3. Euskal Herrian ere oso bogan dago erabakitze eskubidearen gaia. Zein irakurketa egiten duzu hemengo egoeraz? Gizartea bakea eta elkarbizitzaren inguruan dabil. Gerora helduko zaio erabakitze eskubideari. Bien bitartean, garrantzitsua da Gure Esku Dago bezalako ekimenaren lana; kontzientzia sortzen eta gizartea mobilizatzen ari da, etorkizunerako prestatzen. Alor horretan euskaldunek Kataluniako esperientziatik zer ikasia badute. Herri batek zer nahi duen erabakitzea naturala beharko luke izan. Eskoziak lortu du hori, Kataluniak lortuko du; Euskal Herriak ere lor dezake, baina mugitu egin beharko du.


KIKE DIAZ
BARTZELONA. 1960
Generalitateko bedela zen Bartzelonan eta, besteak beste, Pujolen zerbitzura aritu zen, duela hamasei urte Andoainera etorri arte.

“Herritarren sentimenduan jarriko nuke arreta”
  1. Kataluniarra izanik hemen bizi zara. Gure eskualdetik zer nolako ikuspegi duzu Katalunian dagoen auzi politikoaz? Argi bereiztuko nituzke klase politikoa eta herritarrek kalean adierazten duten sentimendu katalanista. Plazara atera den sentimendu katalanistan jarriko nuke arreta. Harrigarria da gauza, Kataluniako balkoi gehienetan dago zintzilikatuta bandera! Ez daukat batere federik Convergencia edo Esquerra alderdiekin. Nork sinetsi, adibidez, Mas Pujol familia baino garbiago denik? Pujolen afera kolpe latza izan da askorentzat. Baina egia ere bada katalanak nazka-nazka eginda daudela, eta Madrilgo azpijokoen aurrean, erreakzioz, katalanismoa gizartean are gehiago zabaltzen ari dela. Katalunian gaur arte politikan batere sartu ez den jende moderatu eta kontserbadore ugari prozesuan buru-belarri sartuta dago. Nire gurasoena, diodanaren adibide argigarria da. Harrotasuna dago jokoan. Zer nahi duten jakiteko kontsulta baten bidez galde diezaieten nahi dute, nahiz eta gero independentziari ezetza eman. Ni ia seguru nago, egoera normalizatu batean ezezkoa aterako litzatekeela; Espainiatik emigrazio handia jasan du Kataluniak eta faktore hori erabakiorra gertatuko litzateke.
  2. Zein da azaroaren 9an egitekoa den kontsultarekiko duzun iritzia? Atsekabetuta nago. Baliteke azkenean zerbait bozkatu ahal izatea, baina ez nioke egundoko garrantzia emango. Legea eskuetan Madrilek irabaziko du. Dakidana da katalanismoak aurrera egingo duela modu batera edo bestera; sugarra ez da itzaliko.
  3.  Euskal Herrian ere oso bogan dago erabakitze eskubidearen gaia. Zein irakurketa egiten duzu hemengo egoeraz? Oso geldo ikusten dut giroa Euskal Herrian. Urte latzak igaro dira, badirudi orain lasaitasuna behar dela. Sinbologiaren eremua hartuko nuke Kataluniako egoerarekin alderatzeko. Herri kirol edo bertso saio batera joateak sentimendu bat bizirik dagoela adieraz dezake, baina gauzak politikoki aldatu nahi badira, modu ikusgarriagoan egin behar dira. Kaleak hartuz.

CARLES RAYA ALONSO
L´ HOSPITALET DE LLOBREGAT. 1975
Lau urte daramatza Carlesek Zizurkilen bizitzen, baina aspaldidanik du eskualdearekin hartu-emana. Barru-barrutik bizi du egungo Kataluniako prozesua.

“Kataluniarrok urrunago joan nahi dugu”

  1. Kataluniarra izanik hemen bizi zara. Gure eskualdetik zer nolako ikuspegi duzu Katalunian dagoen auzi politikoaz? Orain artean Katalunian sekula ez da halako gizarte mugimendu independentistarik ezagutu eta ondorioz, oso momentu garrantzitsua bizi du. Mugimendu hori herritarren eskutik sortu da nagusiki. Herritarren artean ilusioa, gogoa eta energia nabari ditut. Horiexek dira aurrera egiteko osagairik nagusienak eta etorkizunean ere ilusio horri eustea espero dut.
  2. Zein da azaroaren 9an egitekoa den kontsultarekiko duzun iritzia? Baiezkoa bozkatuko nuke, zalantzarik gabe. Helburu nagusia autodeterminazio eskubidea lortzea da, herritarrek bozkatzea. Oraindik utziko ote diguten zalantzak baditut ere, bozkatzera animatuko nituzke herritarrak, parte hartzea delako garrantzitsuena. Bartzelonan izango naiz asteburuan, moralki nahiz sozialki parte hartu behar dudala sentitzen dudalako. CUP alderdiarekin bat egiten dut eta bozkatzeko aukera kentzen badigute, desobedientzia zibilerako prest egongo naiz, ondorioen gainetik. Paco Candel kazetari katalanak zioenez, “oso urrunetik gatoz kataluniarrak eta urrunago joan nahi dugu”.
  3. Euskal Herrian ere oso bogan dago erabakitze eskubidearen gaia. Zein irakurketa egiten duzu hemengo egoeraz? Euskal Herrian borroka independentista eta sozialistak bide luzea egina du eta hemen landutako zuhaitza fruituak ematen hasi denean, Kataluniari zati handia egokitu zaio, egungo egoera politiko eta sozialaren ondorioz. Hala ere, independentismoaren alorrean Euskal Herria abangoardia izan dela aitortu beharra dago. Egun Gure Esku Dago ekimenak hartutako bidea, esaterako, oso baikor ikusten dut, baita aurretik zegoen gizarte mailako indar independentista ere. Etorkizunera begira ere indarrean jarraitzea nahiko nuke, herrien arteko solidaritatea eta internazionalismo proletarioa bultzatuz.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!