Martin Ugaldek tokia merezi du euskaldunon oroimenean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 6a, 09:51

2004ko urrian zendu zen Martin Ugalde, Andoaingo seme kuttuna. Idazlea, ipuingilea, kazetaria, politikoa, historialaria, euskaltzalea, abertzalea..., itzal handiko gizona izan zen.

Gaur egun Andoainen Berria eta beste hainbat enpresa biltzen dituen parkeak bere izena du. Udalak antolatzen duen ipuin lehiaketak ere bai, zeinetan datorren astean jakingo den nortzuk izango diren aurtengo irabazleak. Hortik aurrera haren izana, haren ibilia, haren itzala galtzen ari ote den kezka egon badago. Kezka hori egungo lau intelektual ezagunek partekatu zuten Donostian antolatu zuten mahai-inguruan. Mondragon Unibertsitateak antolatu zuen ekitaldia, eta Martin Ugalderi buruzko doktore tesia landu duen Larraitz Ariznabarreta irakasleak aurkezpen lanak egin zituen. Juan Mari Torrealdai, Anjel Lertxundi, Koldo Izagirre eta Kirmen Uribe idazleek Martin Ugalderen nortasuna ikuspegi ezberdinetatik aztertu zuten.  
1921ean jaio zen Martin Ugalde. Sorterria utzi eta 1947an Venezuelara abiatu zen, amarekin. Han, ihes eginda joandako aita eta anaia zeuzkaten zain, 36ko gerraz geroztik. Hasieratik integratu zen Venezuelako gizartean, kazetari gisa batik bat, bertan 22 urte eginez. Torrealdairentzat, “Venezuleko bizialdia ez zen exilioa izan Martinentzat; hura bere bigarren aberritzat hartu zuen”. Bere jaioterriko herriari leialtasuna erakutsi zion, “ekintzekin erakusten dio maitasuna, ez hitzekin: han egon zen bitartean, Eusko Gaztedia antolatu eta Europako eta Hego Ameriketako abertzaleen arteko zubi izan zen, besteak beste. Baina ez zen euskal etxeen ghettoetan geratu, kontziente zen gizarte hartan bizi zela, eta bere egin zuen hango kultura”.
Euskal Herrira etortzea erabaki zuen 48 urte beteta eta familia osaturik zuenean, “Euskal Herriarekin sentitzen zuen konpromisoak ekarri zuen; hari zerbituko diot, pentsatu zuen bere artean. Bazekien bazeukala trebakuntza euskaraz idazteko. Halaber, zatiketa zekusan abertzaletasunaren baitan, eta zulo hori arintzen lagundu nahi zuen. Bestalde, bere seme-alabak Euskal Herrian hezi eta hazi nahi zituen”. Euskal Herrian kazetari eta politiko gisa aritu zen batez ere. Bere euskaltzaletasuna zela eta EAJ-PNV alderdiko kideekin eduki zituen desadostasunak eta etsipenezko uneak gogoratu zituen. Kazetaritza eta euskara, bere bi pasioek bat egiten zuten Euskaldunon Egunkarian. Eta hura abian jartzeko ezinbestekoa izan zen andoaindarra.
Intelektual gutxietsia
Bere alderdiak zein euskal gizarteak Martin Ugalderen ekina gutxietsi izan zutela azpimarratu nahi izan zuen Koldo Izagirrek. 60ko hamarkadan euskal modernitatearen mugarriak jartzen hasi zirenean, Martin Ugalderen erantzukizuna nabarmendu zuen Koldo Izagirrek, “Caracaseko etxea utzi eta sugea dabilen mendira joan ziren oihanera, gazteen alde eta literatura txarraren aurka”. Euskal intelektualaren testigantza eta obra zabaltzeko egin zuen ahalegina goraipatu zuen Izagirrek: Hablando con los vascos liburua idatzi zuen eta Mitxelena, Barandiaran, Lekuona eta beste zenbait elkarrizketatu zituen ETBrako. Ugalderi otu zitzaion elkarrizketa sorta hori burutzea; kontrara, inori ez zitzaion otu bera elkarrizketatzea”.
2004an Ugalde hil zenean ez zen bere obra galantaren inguruko promoziorik egin, eta pena agertu zuen Izagirrek horregatik. “Aurretik zeuden edizioak mantendu ziren, baina ez zen bere idazlan oparoaren bildumarik egin, komertzialki funtziona zezakeena. Berdin gertatu da Txillardegirekin”.

Ahanzturez beteriko ibilbidea
Kirmen Uribe Ugalderen ipuingintzaz aritu ondoren, Anjel Lertxundik hartu zuen hitza mahai-inguruan. Ugalderen figura eta ibilbidea aztertzerakoan, ahanztura ugari topatzen dituela aitortu zuen hasieratik. Nonbait, konstante bat da ahanztura Ugalderen bizitzan. Luis Buñuel zine zuzendariaren jokabide intelektualarekin alderatu zuen idazle andoaindarra, lehenbiziko eta behin. “1951ean Buñuel Mexikon zen, Martin Venezuelan zen bitartean. Pelikula bat egin zuen, Los olvidados izenekoa, non gizarteak eskatzen zuen portaera zuzenaren aldirietan, bazterrean mugitzen ziren gazteen historia kontatu zuen. Neorrealismoaren bidetik jo zuen, estatuan egiten ez zenaren bidetik. Mexikoko hizkera, iruditeria, edota ikusteko modua bereganatu zuen. Bada, Buñuelen antzera, Ugaldek ere gizarteak ahaztuta zeuzkanak jaso zituen bere idazlanetan Venezuelan. Bere bizi ibilbide osoan, baztertu horiek interesatu zitzaizkion Martini”.
Ugaldek erabili zuen tematika soziala aipatzen hasita, 1961ean argitaratu zuen Iltzaileak ipuin bildumara jo zuen derrigorrean, Lertxundik. “Gerra galdu zutenen istoriak kontatu zituen bertan. Baina ez historia edo soziologia egin nahian, baizik eta pertsona zehatz eta xume batzuen kezka, ezinak... deskribatu nahian. Trenean ibiltzen direnak, taberna batean sartzen direnak baxoerdia hartzera... Istorio horietan, konstantea da irabazleen errepresentazioa, beldurra besterik eragiten ez duten guardia zibilak e.a. Ipuingintza modernoaren aitapontekotzat hartu genuen liburu hori”. Lertxundik, bere mintzaldia amaitzeko, Martin Ugalderen figura bera lotu nahi izan zuen ahanzturarekin. Ahanztura baino gehiago, Martin Ugaldek Andoainen ez ezik tokitxoa merezi du Euskal Herriaren oroimen kolektiboan.

" Herri honetako agintari eta kultur giroko jende askorentzat, Martin Ugalde ahaztu bat izan zen eta da. Behintzat, hemen gaude injustizia hori pixka bat kitatzeko”
Angel Lertxundi


" Venezuelan punta-puntako idazle eta kazetaria izan zen, eta han ez zuen gaztelaniaz idazten; venezuelarrez idazten zuen, hango tonua eta azentua hartu zuen bere idatzietan, eta bertakoek “escritor vasco” deitzen zioten”
Joan Mari Torrealdai


" Euskaldunak gutxitan hitz egin du gerraz, gerra osteaz eta erresistentziaz, eta gutxiago urte haietan, Ugaldek egin zuen bezala. Idazkera biluzia hautatzen du, modu oso errealistan eta zehatzean kontatzen ditu pasarteak”
Kirmen Uribe


" Alderdi historikoko heteredoxoen artean, hiru izan ziren heterodoxoenak: Monzon, Ibiñagabeitia eta Ugalde bera. Ideia zabalak zeuzkaten alderdiaren doktrinen gainetik. Hirurak intelektual laikoak eta euskaltzaleak, hirurak artikulista bikainak ziren eta obra modernoak utzi zituzten idatzita”
Koldo Izagirre
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!