“Bizitza handia dago Kantauri itsasoko uretan”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 6a, 09:48

Mikel Elduaien billabonatarrak barrualdean hain ohikoa ez den zaletasuna lantzen du: urpekaritza. Getariko uretan ibiltzen da batez ere, baina urrunagoko itsasoak ere ezagutu ditu.

Barrualdekoa izanik, zerk erakarrita hasi zinen urpekaritzan?
Txikitatik erakarri izan nau itsasoak eta umetan, oporretara Mediterraneora joaten ginenean, hiruhortzeko edo tridentearekin olagarroak harrapatzen aritzen nintzen. Gerora, duela hamar urte, Australiara oporretara joan nintzenean egin nuen topo urpekaritzarekin. Ez nuen aurrez ezagutzen, oso urrunekoa egiten zitzaidan. Bada, Australian, koral barrerarik handienean egin nuen urpekaritza bataioa; probatu, alegia, eta zeharo txundituta geratu nintzen. Bueltan etxera etorritakoan, inguruan urpekaritza non landu nezakeen galdetuta, Getarian, Hondarribian nahiz Mutrikun aukera bazela jakin nuen. Getariako KSUB eskolan hasi nintzen eta hantxe jarraitu dut geroztik asteburuetan, uda nahiz negu. Jende asko elkartzen gara bertan: Azpeitia, Iruñea edota Gasteiztik etorritako talde finkoa.

Bataioa eta gero ikastaroak etorri ziren, beraz…
Eskola bakoitzak ikastaro ezberdinak ditu, baina denek eskaintzen dituzte. Kirol mailan urpekaritzako lau titulu daude: Open water, Advanced open water, Rescue diver eta Dive master. Ni laugarrena egiten ari naiz orain, baina titulo gehiago edukitzeak ez du hobeto ibiltzen zarenik esan nahi, esperientziak laguntzen du horretan ere. 200 murgilaldi edo inmertsio pasatxo egin ditut hamar urteotan.

Zaletasunaren aitzakian txoko ugari ikusteko aukera izan duzu. Nondik nora ibili zara?
KSUB elkarteak urpekaritza bidaiak antolatzen zituen garai batean eta haiekin Sudanera, Arabia Saudira nahiz Egiptora joan nintzen. Bestela Katalunian ere asko ibili naiz, Mediterraneoan. Kantauriko ura hotzagoa eta ilunagoa da, baina bere xarma dauka. Bada esaera bat: “Kantauriko itsasoan buzeatzen duenak edozein lekutan buzea dezake”.

Zein sakontasunetan murgiltzen zara?
Hemen, Getarian, normalean 10 metrotik 30era bitartean ibili ohi gara. Egunez edota gauez buzea daiteke; niri izugarri gustatzen zait gauez ibiltzea. Sakontasunean, 57 metrora jaitsiko nintzen gehien. Pirinioetan oinez ibiltzearen parekoa da urpekaritza. Uretan 30 metro jaisten bazara, hurrengoan gehiago jaitsi nahi izaten duzu. Marrazoak ikusi badituzu, hurrengoan baleak ikusi nahiko dituzu eta hurrenagokoan, berriz, mantak.

Arrainen batek ezustekorik eman al dizu ur azpian?
Sudanen, marrazo talde bat gure inguruan ibili zen eta Arabia Saudin bale marrazoa agertu zitzaigun itsasontziaren ondo-ondora, gurekin jolastera.
Telebistan marrazo punta zuria ikusi ohi dugu gehien, arriskutsua dena. Baina marrazo mota asko dago: grisa, zuria, mailu marrazoa, zezen marrazoa, itsas azeria… Horiek denak ikusteko aukera izan dut, baina bost bat metroko luzera zuen marrazo baleak, marrazo grisek eta mailu marrazoek txunditu ninduten gehien. Guztien artean, alde handiarekin, mailu marrazoa iruditzen zait dotoreena. Gainontzean, izurdeak ikusteko aukera ere izan dut; baina ez ur azpian, itsasontzitik baizik.
Bestalde, hemen hondoratutako itsasontzi edo peziorik ez badago ere, Sudanen Blue Bell gertutik ikusteko aukera izan nuen, Bigarren Mundu Gerrako italiarren itsasontzia. Hiru auto, milaka bala edota bonbak ikusi genituen, besteak beste.

Eta zer aurki daiteke Getariako itsas azpian?
Hemengo uretan bada jende asko erakartzen duen berezitasun bat: ataloa (pez luna). Iraila-urrian Kantauri itsasora etortzen dira desparasitatzera. Gainerakoan, langostak, abakando edo bogabanteak, kongrioak nahiz olagarroak aurki daitezke maiz. Ur azpian, antxoa bankuak goitik pasatzea ere egokitu zait behin baino gehiagotan. Bizitza handia dago Kantauriko uretan. Aurten esaterako, 18 langosta ikusi genituen txanda batean Getarian. Ikusi!, hartu bat bera ere ez. Neguan ura hotzagoa egonagatik, bisibilitate hobea izaten da Getarian eta udan baino gehiago ibiltzen naiz uretan. Giroa ere lasaiagoa izaten da, jende gutxiago biltzen baita. Azken urteotan, krisiaren eraginez, urpekaritza asko jaitsi da, jende finkoa egonagatik.
Itsasotik gertu bizi arren, gure inguruan ez dago urpekaritzarako zaletasunik. Mendia edo bizikleta nagusitzen dira batik bat. Gure eskualdeko kiroldegietan urpekaritza bataioak bultzatu beharko liratekeela iruditzen zait. Ustez, behin egin zuten Villabonan, baina ez zen jenderik animatu. Pena da kultura hori ez egotea, zoragarria baita.

Zein neurri hartu behar da kontuan ur azpira abiatu aurretik?
Urpekaritzari ez zaio beldurrik izan behar, baina errespetoa beti. Kirol ezezaguna izan arren, oso segurua da, baina noski, hainbat arau jarraitu behar dira. Gutxienez binaka buzeatzen dugu beti eta gure berri ematen aritzen gara maiz, nola gabiltzan, zenbat haize geratzen zaigun… Keinu bereziak ditugu oxigeno botilla erdia edo laurdena geratzen zaigula jakinarazteko. Esaterako, botillaren laurdena geratzen zaigunean, aingura bilatzera joaten gara zodiakera igotzeko, gainontzean segurtasuneko buia ere izaten da. Oxigeno botilla bakarra erabiltzen dugu, baina segurtasun neurri gisa, bi arnasgune izaten ditugu. Tartean-tartean, geldialdiak ere egiten ditugu.
Ahalik eta mantsoen ibiltzea komeni da, mendian bezala, ur azpian ere gauza gehiago ikusten baita poliki ibilita. Hori bai, gehienez ordubete ibiltzen gara ur azpian. Batzuetan ordu erdiz ere bai; orduan eta sakonera gehiago, denbora gutxiago. Ordenagailua eskumuturrean eramaten dugu beti eta hark ematen digu sakontasunaren, tenperaturaren eta kanpora ateratzeko geratzen zaigun denboraren berri. Bestalde, arinago ibiltzeko Nitrox izeneko haize berezia erabiltzen dugu egun. Modu horretan %21 beharrean %30-32 izaten dugu oxigenoa eta askoz hobea da hori gorputzarentzat.

Zein modalitatetan aritzen zara?
Nik lantzen ez badut ere jendeak zaletasun handia du urpekaritzako argazkilaritzan. Jende asko kamera bereziekin jaisten da ur azpira eta 10 metroan barrena ibiltzen dira argazkiak eginez. Ni sekula ez naiz kamerarekin jaisten. Ur azpian erlaxatzea gustatzen zait, aste guztiko stresak botatzea. Bakardadean, botillaren arnas hotsa bakarrik entzuten da han. Ur azpian erlaxatuta egotea ezinbestekoa da. Murgilaldiaz gain, urpekaritzak badu beste alderdi bat ere. Saioaren ondoren, txakolinen bat hartuz, uretan ikusitakoaz hitz egiten dugu Getariako Alde Zaharrean.

Nongo itsasoak ezagutuko zenituzke gustura? Zer ikusi nahiko zenuke?
Ni oraindik iritsi ez banaiz ere, urpekaritza egiteko oso leku ona dira Maldiva uharteak. Han manta arrainak aurki daitezke. Oraindik ez ditut ikusi eta haiekin topo egiteko izugarrizko gogoa dut. Portugalgo Azoreetara edo Perura ere gustura joango nintzateke, hango irla bat urpekaritza lantzeko lekurik onenetakoa dela esaten baitute. Djiboutin, esaterako, baleak elkartzen diren gune bat ere badago.
Kanpoan eta hemen, bi murgilaldi mota ezberdin egiten dira. Kanpoan aditu batekin arrain mota zehatzak ikustera joan ohi gara. Baina gerta daiteke Itsas Gorriko marrazo gune batean 20 murgilaldi egin eta marrazorik ez ikustea. Halako irteeratan urpekaritza izaten da erdigune eta astebete osoa itsasontzian egon ohi gara, egunean hiru murgilaldi eginez, –eta batzuetan gauean ere bai–.

Getariako uretan
Lehen, abenduan, astebetez urpekaritza egitera kanpora joateko ohitura zuen Mikelek, baina, orain, Tolosako Muñazabal altzari dendaren ardura hartu duenetik, ez du aukera hori. “Itsasoaren arabera, ahalik eta asteburu gehienetan jotzen dut Getariara eta bide horretan jarraituko dut aurrerantzean. Getariatik abiatu eta KSUBeko zodiaketan Zumaia eta Igeldoraino joaten gara. Zortedun gara Getaria hain gertu dugulako, baita Hondarribia edo Mutriku ere. Gertutik gertura lekuz aldatzeko aukera ere badugu”. Urpekaritzarekin ez ezik, urarekin lotura mantentzen du Mikelek astean zehar ere. Igerilekura joaten da igeri egitera, “urpekaritzako gure taldean ez da ohikoena. Astean zehar igeri egitera joaten naizen bakarrenetakoa naiz. Udan, itsasoan bizpahiru trabesia egitea gustatzen zait”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!