“Astelehenaren zain egoten naiz, lanean hasteko”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 6a, 09:40

Gabi Otegi Uria nahiz bere anaiek, Bixente aitaren eskutik jaso zuten bide asfaltatzailearen ofizioa. Lanbide ezezagunaz nahiz emandako pausoez hitz egin du asteasuarrak.

Gabi Otegi asteasuarra, Benito anaiarekin batera, aitak 1960ko hamarkadan abian jarri zuen Bixente Otegi eraikuntzak enpresako kide dira. Asintsio anaia ere eurekin aritzen da lanean, –beste hiru langilerekin batera–, eta bi arreba bulegoan. Hiru anaiek aitarengandik jaso eta ikasi zuten langintza. Euren eginbeharra errepide, ubide nahiz espaloien mantenuaz arduratzea da, besteak beste. Izan ere, urbanizazio edo etxe-jirak ere egin eta berritzen baitituzte. Gipuzkoako herrietan aritzen dira batik bat, nahiz eta Iparraldean dezentetan edo Agurainen aritzea ere egokitu izan zaien. Udal ezberdinentzat nahiz norbanakoentzat egiten dute lan; une honetan Aizarnazabalgo herri bideak asfaltatzen ari dira. Aurretik, Gaintzan, Abaltzisketan, Zaldibin, Ataunen, Urnietan, Iruran, Aian, Larraulen nahiz Asteasun aritu dira eta, berriki, esaterako, Donostiako etxe-buelta bat nahiz espaloiak berritu dituzte. Gabik azaldu duenez, “eskola garaian, udako oporrak iritsita, aitari laguntzen aritzen ginen. Ni oso txarra nintzen eskolan, ez nuen batere bistarik. Baina lanerako erraztasuna izan dut gaztetxotatik; beti gustatu zait obra eta buruan izaten nituen eman beharreko pausoak”. Egun ere lanerako grina berberarekin jarraitzen du Gabik, batere perezarik gabe. “Gustura joaten naiz lanera, obran aritzea izugarri gogoko dudalako. Askotan astelehenaren zain egoten naiz lanera joateko”, azaldu du.

Elizmendiko biltegitik
Udal gehienek pitzatutako errepideak konpontzeko deitzen diete, “erreparazioak egiten ditugu batik bat. Tarteka bide berriren bat ere egiten dugu, baina egun, baserri bide guztiak ere eginak daudenez, lan gutxiago izaten da horretan”. Batean eta bestean lan ezberdinak egitea egokitzen zaie eta goizero 07:30etan biltzen dira Elizmendiko biltegian. Handik, egin beharrekoaren arabera, behar dituzten lan-tresna eta makinaria hartuta abiatzen dira lanera, “ilundu arte aritzen gara udazken-negu partean; udaberri-udan luzeago. Egun euritsuetan jai hartzen dugu batzuetan, brea esaterako, ezin baita lur bustiaren gainera bota”. Oso urte oparoak izan zituzten enpresan duela urte batzuk eta langile ugari aritzen zen lanean, momentu onenetan talde bat asfaltatzen eta bestea urbanizazioak egiten aritzen zelarik, baina lana jaitsi zenean murrizketak egin beharra egokitu zitzaien, “ez zen gustukoa izan ez guretzat, ezta kaleratu beharreko langileentzat ere. Orain, sei lagun aritzen gara obrako lanetan, aitaren garaian bezalaxe”. Aurten iaz baino lan gehiago izan duten arren, oraindik lan egoera orekatu ez dela uste du asteasuarrak. “Aurreko urteetan baino mugimendu gehixeago sumatzen da baina, enpresa ugari geldirik dago oraindik ere. Guztiak lanean jardutea lortu arte ez da egoera ona izango”, aitortu du. Gipuzkoa mailan, asfaltatzen aritzen diren hiru enpresa handi eta eurena bezalako beste txiki bat daudela jakinarazi du.

EBRO kamioia lagun
Asteasuko Agiñazpi baserrian jaio zen Bixente Otegi aita. Gaztetan morroi aritu ondoren, kantero lanak ikasi zituen janaren truke. Lanbidea ikasi zuenean, kantero gisa hasi zen lanean eta denborarekin, bideak asfaltatzeari ekin zion. “Andoaingo Udalarentzako lan asko egiten zuen aitak eta haien bidez, baita gerora Urnietako Udalarentzat ere. Egun, oraindik ere haientzat lanean jarraitzen dugu”. Gaur egunean baino lanabes gutxiagorekin hasi zen Bixente bideak egin edota berritzen eta urteak aurrera, etxekoek oraindik altxor modura gordetzen duten EBRO kamioia ekarri zuen, SS 61272 matrikula duena. Aita eta kamioia Asteasun nahiz inguruko herrietan oso ezagunak zirela aipatu du Gabik, “urte askoan ibili zuen aitak kamioia. Lanerako nahiz –kotxea ere bazuen arren–, batetik bestera ere kamioian ibiltzen zen. Asko maite zuen kamioi hura”. 72 urtera arte aritu zen lanean Bixente. Belauneko higaduraren ondorioz, batera utzi zien lanari eta kamioian ibiltzeari. Urtetan ondo baino hobeto zaindu zuen kamioia, hainbat erreparazio eginagatik, oraindik ere martxan baitago. Kamioiak hitz egingo balu, istorio asko kontatuko lituzkeela aitortu du semeak, “denerako erabiltzen zuen aitak kamioia; lanetik sagardotegira joaten zenean ere, kamioian egiten zuen bidaia. Hots berezia zuen kamioiak, guk urrutira ezagutzen genuena. Kalean baginen eta kamioiaren hotsa entzuten genuenen, etxera joateko ordua ailegatu zela jakiten genuen”. Ume garaiko pasadizo gehiago ere etorri zaio gogora, “txikiak ginenean, zortzi anai-arrebok nahiz auzokoak ere igual joaten ginen Iturriotzeraino aitarekin kamioian. Baserrian behiak genituenez, haientzako belar bila ere, traktorearekin beharrean, kamioiarekin joaten ginen guraso eta anai-arrebok mendira. Lanak bukatutakoan, belar pilaren gainean eserita itzultzen ginen baserrira. Orain ezingo litzateke halakorik egin segurtasunagatik, baina begira, hementxe gaude gu. Pena da; dena galarazi dute”.

Lanerako grina
Aipatu dugunez, lanak ez du Gabi izutzen, “aitarekin aritzen ginenean, askotan aurretik baserriko lanak egin ondoren abiatzen ginen asfalto lanetara”. Pozik ageri da lanerako grina bizirik mantendu izanaz. Egungo errealitatearekin alderatuta, ordea, kezka ere badu: “Umetatik beti izan dugu zereginen bat baserrian. Gaztetxotan, parrandaren bat egiten genuenean ere, biharamunean lan egin behar izaten zen. Lanean hezi gara gu eta oso eskertuta nago erakutsi zigutenaz. Lehen geronek egin behar izaten genuen guztia, baina ez dago ikasteko bide hoberik. Orain dena eginda ematen diegu seme-alabei eta gaizki ohitzen ditugu maiz”.


Kapritxoz eraikitako etxea
Lan gogorra da bide asfaltatzailearena, fisikoki indartsu egotea eskatzen duena. Egun makinen laguntzaz erraztasunik badute ere, oraindik ere, Bixente aitaren garaian bezala pikatxoia eta pala hartuta ere sarritan aritzen direla adierazi du Gabik. “Ariketa fisikoa egiten dugu gure lanean, baina hura bukatutakoan kirola egitera joaten naiz berriz ere askotan. Ezberdina da eta oso ondo etortzen da. Futbolean jolasten nuen lehen. Bizikletan ibiltzen naiz orain; errepidean nahiz mendian, lagunartean. Ehizera ere joaten gara, oilagorretara”. Elizmendiko Gurutzeaga baserrian jaio zen Gabi eta handik metro gutxira eraiki zuen egun bizitoki duten Goiz Eder etxea, “kapritxoz eraiki genuen etxea, batere presarik gabe, bost urtean zehar; emaztea, lehengusu igeltseroa, Juanjo laguna eta laurok aritu ginen. Lanetik etxeratutakoan nahiz igande goizetan ere lanean aritzen ginen, baina garai haien oroitzapen onak gordetzen ditut. Etxe bueltako harria guk jarri bagenuen ere,  sarrera Juantxo Garmendia asteasuar errementari lagunak egin zigun”, azaldu du.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!