Bigarren eskuko azoka hilero herrian bertan

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 6a, 09:06

Datorren larunbatean, azaroak 15, 09:00etatik 14:00etara egingo dute bigarren eskuko azokaren hurrengo edizioa Aurrera plazan.

Etxeko traste zaharrei bigarren bizimodu bat emateko aukera paregabea eskaintzen dute bigarren eskuko azokek; baita beharrezko suerta daitekeen edozer, merke erosteko aukera ere. Saltzaileek zein erosleek, denek irabazten dute bigarren eskuko azokei esker. Zizurkilen, martxan jarri berri dute bigarren eskuko produktuak eskainiko dituen azoka. Hileko hirugarren larunbatetan egingo dute, Aurrera plazan.
Susana Carrasco eta Naiara Olano zizurkildarrak uda honetan hasi ziren bigarren eskuko gauzak azokaz azoka saltzen: “Arropak, liburuak, jostailuak..., etxean pilatuta genituen gauzak saltzen ditugu, eta baita jendeak eman dizkigunak ere. Gauza batzuk eraberritu egiten ditugu saldu aurretik, eta beste batzuk, berriz, bere horretan saltzen ditugu”, azaldu dute.
Udan zehar zenbait azoketara joan ondoren, Zizurkilgo Udalari luzatu zioten herrian bertan ekimena antolatzen hasteko gonbita: “Elbarrenako jaien atarian joan ginen proposamena egitera eta oso harrera ona egin ziguten. Urriaren 18an egin genuen lehendabizikoa eta gustura gaude izandako harrerarekin. Gerturatu zen jendeak erosketa politak egin zituen eta oso giro ona sortu zen”.

Ohitura sortuz
Pixkanaka, hazten ari da bigarren eskuko gauzen salmentarekiko kultura. Hala azaldu du Susanak: “Garai batean ez zegoen ondo ikusia. Orain, ordea, krisiak estutu egiten gaituelako-edo, geroz eta jende gehiago animatzen da bigarren eskuko azoketara gerturatzen, bai saltzaile bezala, baita erosle gisa ere. Krisialdiaz gain, beste arrazoi bat ere badagoela iruditzen zait; jendeak geroz eta gehiago bidaiatzen du eta zenbait herrialdetan urte asko daramate horrelako azokak antolatzen. Horiek gertutik ezagutzeak, hemen ere parte hartzera animatzen du jendea”.
Susanak garbi du bigarren eskuko azoken oinarria: “Berritasunari garrantzia handiegia ematen zaio oraindik ere. Berria ez den zerbaitek ez du zertan txarra izan beharrik. Bigarren bizia eman dakieke gauza horiei”.

Krisialdiari aurre
Premiazko egoera ekonomikoa bizi duten familientzako irtenbide polita izan daitezke bigarren eskuko azokak Naiara Olanoren hitzetan: “Saltzen duenarentzat, diru pixka bat lortzeko modu duina da eta gainera, ez du zentzurik gure etxeak biltegi bihurtzeak”. Beharrezko gauzak merke erosteko aukera ere azpimarratu du Naiarak: “Umeentzako jostailuak, liburuak..., zenbait gauza, berriak badira, oso garestiak izan daitezke eta zenbait familiarentzat ezinezkoa da horrelako gastu bati aurre egitea. Bigarren eskuko azokak gauza horiek eskuratzeko aukera ematen die egoera larrian dauden familia horiei”. Susana eta Naiararen aburuz, lagunak egiteko modua ere badira azoka hauek. “Erosleen eta saltzaileen arteko harreman polita sortzen da. Tarteka, gauza zehatzen bat eskatzen digute eta momentuan ez badugu, lortzen saiatzen gara. Postua jartzen dugunon artean ere, bestalde,  oso giro polita dugu. Elkarri laguntzen saiatzen gara beti”.

Denetarik
Liburuak, musika, arropa eta jostailuak izaten dira gauzarik salduenak, baina bigarren eskuko azoka batean denetarik aurki daiteke. “Elektratresnak, sukaldeko ontziak, pitxiak, platerak, erremintak, motxilak, maletak... Panpinek, esaterako, oso harrera ona izaten dute eta baita garai bateko komikiek ere. Ume garaiko oroitzapenak pizten dizkigute nonbait. Ziur nago, azokara hurbiltzen den edonork, behar duen edo interesatzen zaion zerbait aurkituko duela”, azpimarratu du Naiarak.
Haurrentzako patinetea hiru eurotan, jertsea bi euroren truke..., oso prezio merkeak izaten dituzte bigarren eskuko azoketan. “Euro bakarraren truke ere erosi ahal izaten da. Hortik gora, prezio ezberdinak izaten dira, baina sekula ez da ezer garestirik izaten”.

Azaroaren 15etik aurrera
Azaroaren 15ean egingo dute hurrengo azoka, Aurrera plazan. Mahaia jarri nahi duenak 943 692 495 deitu behar du aurrez. “Bakoitzak bere mahaia eraman behar du. Goizeko 08:00ak aldera hasten gara postuak jartzen eta 09:00etan ematen zaio hasiera azokari. Urrikoa izan zen Zizurkilen egindako lehendabizikoa eta ez zen postu gehiegirik egon, baina badakigu azarokoan parte hartzaile gehiago izango dela. Jendea animatu nahi genuke postua jartzera eta baita, nola ez, erosketak egitera ere. Pixkanaka, azoka sendotzen joatea nahiko genuke”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!