Berdintasunaren aldeko zikloa

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 6a, 09:04

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna lantzen du Zizurkilgo parekidetasun batzordeak. Emakumeei zuzendutako zikloa antolatu dute.

Emakumearen papera aztertu eta lantzeko helburuz sortu zuten parekidetasun batzordea. Legealdiaren hasieran, Udal ordezkariek garbi ikusi zuten batzorde horren beharra bazegoela eta martxan jartzea erabaki zuten. Eva Usandizaga parekidetasun zinegotzia da eta hark eman ditu azalpenak: “Udalean ez dago parekidetasunaren gaia espreski jorratuko duen teknikaririk eta batzordea sortzeko premia bazegoela sumatu genuen. Bost kide elkartzen gara batzorde horretan eta lanean hasi bezain azkar konturatu ginen Zizurkilgo emakumeen inguruko informazioa jasotzea garrantzitsua zela. Emakume eta gizonen arteko berdintasunari dagokionez Zizurkilen dugun egoera aztertzeko, diagnosi bat behar genuen. Beka bidez, Maider Eizmendi herritarrak izan zuen diagnosi hori lantzeko ardura”.

Diagnosia
2013 urte amaieran jaso zituen Udalak diagnosi horren emaitzak: “Atal ezberdinak jorratu zituen Maiderrek emakumearen papera aztertu ahal izateko; ekonomia, lana, biztanleria, Udala, hezkuntza, kultura, kirola, hirigintza eta indarkeria. Datu bilketa egiteko, herriko eragile ezberdinekin aritu zen lanean. Bilketa hori amaituta, zenbait ondorio atera zuen Maiderrek. Lan munduari dagokionez, esaterako, gehiago dira langabezian dauden emakumeak gizonezkoak baino. Lanean ari diren emakumeak, bestalde, baldintza kaskarragoetan aritzen dira eta ezkutuko ekonomian ere emakumeak ari dira gehienbat”.

Atalez atal
Amatasunak emakumeei dakarkien ondorio bat ere azpimarratu du diagnosiak. “Ama izateak, esparru soziala murrizten die emakumeei. Lan karga handia hartzen du emakumeak eta horren ondorioz, beste gauza asko egiteko aukera txikitu egiten zaio”.
Hezkuntza arloa ere aztertu zuen Maiderrek Udalarentzat egindako lanean. “Berdintasunaren inguruan lan egiteko errekurtsoak falta dituztela azpimarratu zuten irakasleek. Borondatea badute, baina aholkularitza zerbitzua eskatzen dute, lana egoki egin ahal izateko”, azaldu du Evak.
Hirigintzari dakionez, emakumearen presentzia txikia dela ondorioztatzen du diagnosiak. Kale izenak, eskulturak…, gehienak gizonezkoei eskainitakoak direla.
Emakumeen aurkako indarkeria ere aztertu zuen Udalak eskatutako diagnosiak: “Prebentzio lana egitea guztiz premiazkoa dela azpimarratzen du azterketak eta horrez gain, emakume horiekin zuzenenko tratua dutenek berdintasunaren gaineko heziketa egokia jasotzea ere garrantzitsua dela deritzo diagnosiak”.

Ahalduntzea
Diagnosia eskuan, emakumearen ahalduntzean lan egiteko erabakia hartu zuen Zizurkilgo Udalak. “Foru Aldundiak badu Berdinbidea izeneko aholkularitza zerbitzua, eta 2013ko haiekin harremanetan jarri ginen. Zenbait bilera egin ondoren, emakumearen jabekuntza eta parte hartze sozio-politikoa lantzeko erabakia hartu genuen. Horren harira, jabetze eskolak sortu dira. Martxoan egin ziren lehen tailerrak, eta azaroan egingo da bigarren zikloa”.

Emakume guztiei zuzendua
Adin ezberdinetako emakumeei zuzendutako tailerrak izan ziren urte hasierakoak. Hala azaldu du Eva Usandizagak: “16-20 urte arteko neska gazteei zuzendutako tailer ezberdinak egin ziren, Medeak kolektiboaren bitartez. Lehendik ere, neska talde bat bazebilen Medeak kolektiboarekin lanean, eta haiekin lanketa bat egitea erabaki genuen, inguruko gazte gehiago erakartzeko asmoz. 60 urtetik gorakoentzat ere egin ziren saioak. Askoz ere zailagoa da tarteko adinean dauden emakumeengana, 35-55 urte ingurukoengana, iristea. Beste lehentasun batzuk dituzte eta zaila da tailerretara erakartzea”.
Emakumeenganako indarkeriaren aurkako nazioarteko eguna ospatu ohi da azaroaren 25ean, eta egun horren inguruan, emakumearen inguruko zikloa antolatu dute: “Bi pelikula emanaldi egingo ditugu eta beste bi tailer. Tailerren bidez, ama diren emakume horiengana iristeko ahalegin berezia egingo dugu. ‘Ez dut nire ama bezalakoa izan nahi, ala bai?’, tailerra bereziki haiei zuzendutakoa izango da”, azpimarratu du Evak.
Azaroaren 25ean, kontzentrazioa egingo dute Elbarrenako plazan emakumeenganako indarkeria salatzeko.


Emakumeei buruzko zikloa
  • Tailerretarako izen-ematea: 943 692 495.

Zineforuma
  • El cairo 678. Egiptoko autobusetan emakumeek jasaten dituzten sexu jazarpenen inguruko filma.
    Azaroak 18, asteartea. 19:30, Atxulondo.
  • Quiero ser como Beckham. Kirolen inguruko genero estereotipoak lantzen dituen filma.
    Abenduak 11, osteguna. 19:30, Atxulondo.

Tailerrak
  • Ez dut nire ama bezalakoa izan nahi, ala bai?
    Azaroak 12, 19, 26 eta abenduak 2, 10 eta 17.
    15:00-16:30, Otaño ikastetxean.
  • Emakumea eta osasuna.
    Azaroak 22, larunbata. 11:00-13:00.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!