Adunako Kultur Asterako prest

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko aza. 6a, 09:00

Mojito gaua eta doinu kubatarrekin festa antolatu dute Aburuzako kafetegian. Kultur Astea azaroaren 17tik 23ra burutuko da.

Adunako kultur batzordeko kideek hartzen dute urtero Kultur Astea antolatzeko ardura eta zenbait aste pasatzen dute lan horiek egiten. Kultur Astearen ildo nagusia finkatuta izaten dute, baina beti saiatzen dira berrikuntzaren bat edo beste tartekatzen. Eider Ezeiza batzorde horretako kideetakoa da: “Aurten, esaterako, mojito gaua egingo dugu eta La jodedera taldea etorriko da giroa piztera; ea jendea dantzan jartzea lortzen dugun. Ekitaldi horren kokalekua ere berria izango da, izan ere, plazako eremutik atera eta Aburuza sagardotegiaren kafetegian elkartuko baikara”.
Herritarrak
Kirol solasaldiak emango dio hasiera aurtengo Kultur Asteari. “Berezitasun gisa, azpimarratu beharra dugu solaskide guztiak herritarrak izango direla; arraunlariak, sokatilariak, korrikalariak eta emakumezko pilotari bat izango ditugu hizlari”, azaldu du.

Asteburua
Aste guztian zehar izango da ekitaldiren bat gozagarri, eta asteburua iristean, are zabalagoa izango da egitaraua. Larunbatean, mus txapelketa izango dute helduek eta txikiek, berriz, pailazoen emanaldia. Txokolate beroa, barrikotea, gaztain erreak eta taloak dastatuz errematatuko dute arratsaldea adunarrek. Eiderrek azaldu duenez, horixe izaten da, Kultur Asteko ekitaldirik jendetsuena.

Azokarik ez
Iaz martxan jarritako azoka berezia ez dute aurten errepikatuko. “Arrakasta polita izan zuen, jende asko hurbildu zen eta oso giro polita sortu zen. Nolanahi ere, urtero errepikatzea baino aukera hobea iruditu zitzaigun tarte handiagoarekin egitea. Bestela, jendea aspertu egin daitekeela uste dugu. Aurten, beraz, ez da azoka berezirik izango”, azaldu du Eiderrek.

Ez gara palestinaz ari
Azaroaren 22an Ander Lizarralde eta Unai Muñoa bertsolariek nahiz Aitor Atxega eta Imanol Kamio musikariek osatutako bertso musikatuen txanda izango da. Lizarraldek adierazi duenez, uste zutena baino erantzun hobea izan dute, “ez dugu ezer berririk esaten, baina guztiok buruan darabiltzagun gaiak aurkezten ditugu, agian orain artean bertsotan esan ez direnak”. Adunara gogo biziz datozela ere jakinarazi du, “iaz bi emanaldi egokitu zitzaizkigun egun berean eta Adunakoa utzi egin behar izan genuen. Pozik gaude aurten berriz ere gurekin gogoratu direlako”.

EGITARAUA

Azaroak 17, astelehena
19:00. Kirol saio herrikoia kultur aretoan: arrauna, sokatira, mendizaletasuna, korrika, duathloia, pala.

Azaroak 18, asteartea
16:15. Turroi, mazapan eta bestelakoen ikastaroa Txulobi elkartean. Aurretik udaletxean izena eman eta 10 euro ordaindu behar da.

Azaroak 19, asteazkena
17:30. Ipuin irakurketa: “Bertsol Haritza”,  Ibai Esoain bertsolariaren eskutik.
19:00. Umeen erasoen inguruko hitzaldia (bulling, eraso eskolarrak, etab.), Baikara taldekoen eskutik.

Azaroak 20, osteguna
19:00. Adunan eta herri euskaldunetan euskaraz hitz egiten al da? hitzaldia, Kontseiluko Xabier Bengoetxearen eskutik.

Azaroak 21, ostirala
18:00. Loatzoren “Santa Zezili” kontzertua, plazan.
22:30. “Mojito gaua” , “La jodedera”  taldearekin, Aburuza sagardotegiko kafetegian.

Azaroak 22, larunbata

16:00. Euskal Herriko mus txapelketa Txulobin.
16:30. Jakin eta Jolas pailazoek “Ipar poloan bero, dantzatuz gero” saioa egingo dute frontoian. Jarraian, txokolatada. Ondoren, barrikotea, gaztain erreak, taloak…
22:00. “Ez gara palestinaz ari!” emanaldia Elordiko aretoan.

Azaroak 23, igandea
12:00. Arabako ardoekin, dastaketa komentatua.
14:00. Bazkari musikatua. Aurrez tiketa hartu behar da Uztartza aterpetxean.

Oharra: Aste guztian zehar Naziotasun erakusketa batzar aretoan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!