Zer egin eraso sexisten aurrean?, ikastaroa Silvia Arevaloren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 27a, 09:29

Indarkeri eta eraso sexisten aurrean erantzuteko ikastaroa antolatu du Andoaingo Udaleko Gizarte Zerbitzuak sustatu duen emakumeentzako jabetze eskolak. Karrika auzokoa den Silvia Arevalo psikologoak eskainiko du ikastaroa. Emakume ororentzat irekia dago, edonork noizbait indarkeriazko egoera bizi dezakeelako. Urriaren 30era arte zabalik dago izena emateko epea.

JABETZA ESKOLA
Izenburua:
Zer egin indarkeri eta eraso sexisten aurrean?
Irakaslea: Silvia Arevalo.
Hizkuntza: Euskara.
Noiz: Azaroak 4-11-18-28 eta abenduak 5-12.
Non: Urigain kultur etxea.
Matrikula: 10 euro.
Izen-ematea: Udaletxeko Atarian, urriaren 30 arte.
Informazioa: 943 304 343, Udaleko Gizarte zerbitzuak.

____

 

Zein helburu ditu ikastaroak?
Silvia Arevalo: Egunero kasu berriren bat ari gara ezagutzen, tratu txarrak eta indarkeria sexista gaitzat hartuta. Ikastaroak emakumea egoera horiek identifikatzen eta horiei aurre egiteko gaitasunean trebatu nahi du. Kontzientziazio ikastaroa izango da, non galdera batzuren inguruan irizpide batzuk emango diren: zer den bortizkeria, zein mito dauden bortizkeriaren atzean, zergatik gertatzen diren... Mito guzti horiekin apurtzea izango da helburua. Izan ere, emakume batek defendatzeko mila formula eta baliabide jakin ditzake, baina buruan ez badauka defendatu beharraren kontzientzia, eta pentsatzen badu tratu txar horiek berak eragindakoak direla, bada, bere kalterako izango da.    

Autodefentsa landuko da?
S.A.: Ez da autodefentsako ikastaroa izango; nolanahi ere, ikastaroaren azkeneko zatian zertxobait landuko da alor hori. Beste irtenbiderik ez dagoenean, muturreko egoeratik nola irten jakiteko ariketa fisiko batzuk irakatsiko dira. Beraz, azken pausotzat joko da autodefentsarena, erasotzailearengandik babes distantzia mantentzeko lagungarri izan daitekeena; norbaitek heltzen badizu nola askatu, lurrera botatzen bazaitu egoeratik nola irten eta laguntza nola eskatu...

Mitoei garrantzia ematen diezu...
S.A.: Tamalez eta penaz, gizarte matxista batean bizitzen jarraitzen dugu, eta badira mito jakin batzuk belaunaldiz belaunaldi transmititzen ari direnak. Gaur egungo zenbait gazteren jokabidea ikusi besterik ez dago: maitasuna nahasten dute bikote posesibo eta jeloskor batekin. Esanguratsua da, adibidez, whatsapparen bidez gertatzen dena maiz: mezuak etengabe bidaltzea maitasun adierazlea baino kontrolatzeko modu bat izan daiteke.

Nor gonbidatuko zenuke ikastarora?
S.A.: Ahalik eta emakume gehien etortzea nahiko genuke; izan ere, ez baitago jakiterik noiz topa daitezkeen indarkeriazko egoera batekin. Nork esaten dizu ez zaizula lapur edo bortxatzaileren bat aterako kutxazainera dirua ateratzera joan zarenean edota lantokitik etxera zoazenean? Iruditzen zaigu beti besteei gertatzen zaiela, ez guri. Besteak omen dira zuhurgabeak, ez geu.
Argi utzi nahi dut ikastaroa ez dela bideratzen bakarrik indarkeria giroa bizi duten emakumeentzat. Edozein bilaka daiteke indarkeria mota horren biktima. Klase soziala, bizigunea, heziketa maila eta diru ahalmena bezalako faktoreek ez dute eraginik; pertsona bat berez biolentoa denean, ez dute hainbesteko ajola beste faktore horiek. Alde horretatik, erreparo, lotsa eta aurre iritziak alde batera utzi eta ikastarora etortzera animatuko nituzke Andoaingo emakumeak.
Denok ere alor honetan ikasteko asko daukagula iruditzen baitzait.

Nola hasi zinen ikastaroak ematen? Zerk bultzatuta?
S.A.: Autodefentsa ikastaroetan ohartu nintzen, alderdi fisikotik ere jo behar dela, baina ez dela nahikoa. Autodefentsara jo aurretik, premiazkoa dela emakumeak alderdi psikologikoa lantzea, bi arlo batez ere: kontzientziazioa eta identifikazioa. Hausnartzeari, prestakuntza teknikoan sakontzeari eta dokumentazioa biltzeari ekin nion, eta ondoren hasi nintzen emakume taldeei ikastaroak ematen, haientzat lagungarri izan zitekeelakoan.
Agipad elkartean hezitzaile gisa aritzen naiz emakume taldeekin, eta eskarmentu hori baliagarri izan zait orain indarkeria matxistari buruzko ikastaroei heltzeko. 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!