Nahikari Garcia urnietarrak urte hasieran debutatu zuen errealarekin eta ordutik, gelditu gabe ibili da. Munduko azpitxapelketan 17 urte azpiko selekzioarekin, Europako txapeldunorde 19 azpiko selekzioarekin… Goleatzaile oso ona da, gainera.
Elkarrizketa:
Urte oparoa izan duzu. Nahikari Garcia. Urte ona izan da bai. Txapelketek bizitasuna ematen didate eta alde horretatik pozik nago. Emaitza onak lortu ditugu eta gainera, minutu asko jokatu ditut. Hori ere garrantzitsua da eta oso pozik nago. Egia esan, gehiago espero nuen, urrezko domina lortzea gustatuko litzaidake; baina ez zen posible izan. Gainera, golak sartu ditut eta aurrelari batentzat oso garrantzitsua da joko ona egiteaz gain, golak sartzea eta taldeari laguntzea. Hori lortuta, pozik nago.
Gainera, orain errealean jokatzen duzu. Zure futbol ibilbidean izan duzun urterik onena izan da? N.G. Bai, momentuz bai. Minutu asko jokatu ditut, golak sartu ditut eta Espainiako selekzioarekin denbora luzean egon naiz; hori garrantzitsua da. Gainera, Errealera iritsi naizenetik asko jolasten ari naiz. Esperientzia honek ikasteko asko balio du, pertsona bezala hazteko. Jokalari bezala asko ikasi dut, baina horrez gain, horrenbeste bidaiatzeak eta jende helduagoarekin egoteak nire pentsatzeko era aldatzea eragin du. Esperientzia, beraz, pertsonalki ere oso garrantzitsua da.
Zer moduz hasi duzu denboraldia? N.G. Ez gara guztiz ondo hasi; lehenengo lau partidak galdu egin genituen. Baina ondo entrenatzen ari gara. Taldean oso giro ona dago, ondo egiten dugu lan eta denak bide beretik joaten saiatzen gara. Horrekin emaitza onak lortzea espero dugu.
Zer sentitzen da kapitaina izanda? N.G. Erantzukizun bat gehiago da. Taldea beti bide onetik eramaten saiatu behar naiz. Pertsonalki pozgarria da, kargu bat gehiago daukalako gainean. Kapitaina izateak esperientzia gehiago dudala esan nahi du eta atzetik datozenei erakusteko balio du. Hala ere, ez da ezer berezia. Azken finean, taldekide bat gehiago naiz, zelaian dagoen jokalari bat gehiago.
Zein dira zure helburuak errealean? N.G. Paper on bat egitea, bai pertsona bezala eta bai talde bezala. Beti aurreko denboraldiko emaitzak gainditzea lortu behar da eta, espero dugu, nahiz eta gaizki hasi, ondo bukatzea.
Zein dira lehen mailan egotearen alde onak eta txarrak? N.G. Batez ere, asko ikasten dugula. Lehenengo mailan egoteak, eta gainera, Erreala bezalako talde batean, asko esan nahi du. Erreala nesken futbolagatik apostatzen ari da. Egia esan, asko ikasten ari naiz, oso gustura nago eta hemendik aurrera futbolari bezala hazteko balioko didala espero dut. Alde txarrak ezkutatu egiten dira alde onekin, baina egia da ikasteko denbora kentzen duela.
Nola uztartzen dituzu ikasketak eta futbola? N.G. Goizetan izaten ditut klaseak eta arratsaldetan entrenamenduak. Espainiako selekzioarekin jokatzerakoan ezin izaten dut klasera joan, kanpoan jokatzen dugunean asteburu osoa kanpoan igarotzen dugu… Denbora asko eskaini behar zaio eta ikasteko denbora ahal den lekutik atera behar izaten dugu.
Batxilergoa aurten bukatuko duzu. Zein asmo dituzu datorren urtera begira? N.G. Orain batxilergo zientifikoa egiten ari naiz eta esparru sanitariotik jarrituko dut; ziurrenik, erizaintza edo antzekoren bat ikasiko dut. Argi daukat ikasketak garrantzitsuak direla. Futboletik bizitzea oso zaila da eta, beraz, nire asmoa ikasketak aurrera eramatea da.
Ikasketak edo futbola aukeratu beharko bazenu, zer erabakiko zenuke? N.G. Begiratu egin beharko nuke zerk konpentsatzen nauen gehien. Egia esan, futbolean orain gauzak oso ondo ateratzen ari zaizkit eta aprobetxatzea gustatuko litzaidake. Ikasketez gain, futbolagatik ere apostu egin nahiko nuke, beraz, biak batera eramaten saiatuko naiz.
Non irudikatzen duzu zure burua hemendik hamar urtera? Zein amets bete nahiko zenituzke? N.G. Ez dut asko begiratzen etorkizunera. Momentuz Errealean nago, gustura nago eta etorri behar duena etor dadila. Orain errealean dugun dinamikarekin jarraitu nahi dut eta taldearekin gauza garrantzitsuak lortu. Iruditzen zait erreala dagoena baino gorago egoteko taldea dela. Bestalde, Espainiako selekzioarekin urteetan zehar jarraitzea gustatuko litzaidake, eta baita lehen taldean debuta egitea ere.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!