Javier Miguel eta Ander Lazkano duatloian eta triatloian trebe

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 24a, 19:11

Trialtoia indarrean dago, horixe adierazten du Zumeatarra atletismo taldeko datu batek: 30 bazkide dira triatloiaren jarduera ezberdinetan murgilduta dabiltzanak. Javier Miguel eta Ander Lazkano horietako bi dira. Hamaika urte daramatza distantzia luzeetan Miguelek; lau, Lazkanok. Elkarrekin entrenatzen dute, eta Iruñeako Saltoki Trikideak taldearekin lehiatzen dute.

Denboraldia irailean amaitu zenuten hemen Euskal Herrian.
Javier Miguel: Klimaren araberako da, eta Euskal Herrian normalki otsailean hasi eta iraila aldera bukatzen dira lehiaketak. Hori bai, geografikoki zenbat eta beherago joan, orduan eta beranduago bukatu. Espainiako distantzia luzeko txapelketa, adibidez, azaroaren 1ean jokatuko da, Lanzaroten. Harako prestatzen ari naiz azken asteetan.

Nola doa prestaketa?
J.M.: Nahiko kokoteraino eginda nabil azken egunetan, egia esanda. Lasterketako eguna lehenbailehen etor dadin desiatzen nago, bakea eta patsada hartzeko. Urte osoan entrenatzen dut, baina azken hilabete  eta erdian gorputza estutzen ari naiz, entrenamendu bolumena igota. Madrilen egin dut azken proba, distantzia ertaineko Espainiako txapelketan, eta nahiko ondo ibili nintzen, hamargarren sailkatuz. Badakit profesional ugari doazela; alegia, hortik bizi direnak direla, bestelako lanbideetan dedikaziorik gabekoak; zaila dago kontua, hortaz. Konformatzen naiz lehen hamabosten artean sartzen banaiz.

Lanzaroten da txapelketa...
J.M.: Bai. Emaztea, haurra eta hirurok astebeterako goaz hara. Maila horretan ibiltzen garenok zorionekoak izaten gara familiak oso ulerkorrak eta pazientzia handikoak ditugulako. Ezingo genuke bestela! Nire kasuan, aitona eta amonarengana ere luzatuko nuke eskertza.

Nola da zure egunerokoa aste hauetan?
J.M.: Goizeko 06:00etan sartzen naiz lanean; 14:30an atera, mokadu bat jan eta kiroldegira igeriketa egitera joaten naiz. 19:00etarako libratzen dut, familiarekin egoteko.
Egun normal batean, 3 km igerian, 120 km bizikletan eta ordu bete korrika egin dezaket. Esaterako, atzo planifikazioan atseden eguna neukan arren, 2 km igeri, 140 km bizikletan eta ordu bete korrika egin nituen.
 
Eta aurtengo Euskadiko txapelketa?
J.M.: Ospatzekoa zen, baina bertan behera utzi behar izan zuten antolatzaileek, trafiko arazoak zirela medio. Izan ere, igande berean txirrindulari lasterketa ere bazen, eta Ertzaintzak haiei bakarrik eman zieten baimena. Errepidean, egun berean lasterketa bakarra ospatu liteke, nonbait.
Horrenbestez, Euskadiko txapeldun izaten jarraitzen dut, iazkoa irabazi eta gero!

Zuretzat, Ander, polita izan da aurtengo denboraldia...
Ander Lazkano: Triatloian laugarren urtea da nirea, eta nahiko ona izan da emaitzei begira. Euskadiko txapelketan podiumera igotzea lortu nuen, eta bigarren geratu naiz sprint eta distantzia olinpikoko proba ezberdinekin egin ohi den zirkuituan.
Javierrekin hasi nintzen distantzia luzeetan, baina bai berak eta baita eskarmentua daukaten beste batzuk aholkatu zidaten nire doainekin hobe nuela indarrak distantzia motzetara bideratzea. Egia esan, distantzia luzeetan sabeleko arazoak edukitzen nituen. Bada, kasu egin nien, eta geroz eta azkarrago eta gusturago nabil.
Gogorra behar du izan triatloia, egunean hainbeste orduko entrenamenduekin...
JM.: Ez dakit zer esan... Kirol bakoitzak baitauzka bere ezaugarriak. Gogortasuna ezin da orduen arabera neurtu. Iaz adibidez, Zumeatarrako batzuekin maratoia prestatu nuen, eta hor konturatu nintzen intentsitate handiagoa eskatzen dizula bi ordu  eta erdiko lasterketa batek, hamar orduko Iron Man batek baino. Ehun metroko lasterketa prestatzen duen batek ere, entrenamendu gogorrak egin behar izaten ditu...   
A.L.: Entrenatzeko askoz ere atseginagoa eta entretenigarriagoa da triatloia. Entrenamendu taula bat egiten duzu, eta egun guztiek daukate bere erakargarritasuna. Hiru kirol ezberdin izateak asko laguntzen du horretan; gainera, gaur geratzen zara lagun batekin kirol bat egiteko, bihar beste batekin...

Zer moduz moldatzen zarete hiru probatan?
J.M.: Nik igeriketan huts egiten dut zertxobait. Baina bizikletan oso ondo nabil; apenas zigortzen da nire gorputza, eta hortxe irabazten dut uretan galdutakoa. Gero, korrika, aurrez lortutako errenta mantentzen saiatzen naiz.
A.L.: Igeriketan nahiko ondo ibiltzen naiz. Okerrago gero bizikletan, baina saiatzen naiz taldean joaten eta erritmoa ez galtzen. Azkenik, lasterka defendatu egiten naiz.

Zein dira zuen helburuak aurrera begira?
J.M.: 37 urte bete ditut, baina orain bost urte baino arinago sentitzen naiz. Nire buruari erronkak jartzen dizkiot oraindik. Urrutira gabe, hurrengo urtean, kilometroetan astakeria dirudien proba bat egiteko asmoa daukat Alpeetan.
A.L.: Bi urte egin ditut distantzia motzean, eta aurrerantzean hobetzen segitzeko itxaropena daukat. Nire helburua Euskadiko eta Espainiako txapelketan ondo ibiltzea da.

Javier Miguel
2013an Euskadiko txapelduna duatloiko distantzia luzean (12 km korrika, 75 km bizikletan, 12 km lasterka), eta trialtoiko distantzia ertainean (1,9 km igeri, 90 km biziletan, 21 km lasterka).

Ander Lazkano
2014an Euskadi eta Gipuzkoako hirugarrena sprint modalitatean (750 m igeri, 20 km bizikletan, 5 km lasterka).

 

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!