Azken urteotan, egurraren inguruko lan ezberdinak egin dituzte Larraulgo Ekomuseoko arduradunek. Koldo Jauregi buru-belarri aritu da garai batean egurra nola lantzen zuten aztertu eta erakusgai jartzen. “Denboraldi luzea pasa dugu horretan: basoan egurra bota genuen lehendabizi, bere garaiak errespetatuz. Ondoren, hura garraiatzeko erabiltzen zuten gurdi-motza prestatu eta mendian genituen enborrak museo aurrera ekarri genituen, idi parearen laguntzaz. Iaz, arpana prestatu eta menditik ekarritako enbor horietatik oholak atera genituen. Udaberri honetan, berriz, museoaren inguruan jarrita dagoen etxola egin genuen ohol haiek erabiliz. Prozesu hori guztia erakusten duen ikus-entzunezkoa prestatu dugu eta museoan dago ikusgai. Lana borobiltzeko eta amaiera emateko, egurra lantzeko tresnen erakusketa prestatzea erabaki genuen.” Dagoeneko zabalik dago erakusketa hori. Tresnak bertatik bertara ikusteaz gain, ikus-entzunezkoaz gozatzeko aukera ere eskaintzen du museoak.
165 pieza
Garai ezberdinetako tresnak bildu ditu Koldok urte hauetan guztietan: “Piezarik zaharrena, arpanak izango dira. Horiek hiruehun urtetik gora izango dituzte ziurrenik. Enborren diametroa neurtzeko balio zuen tresna bat ere badago ikusgai, eta hori ere oso antzinakoa da. Berrixeagoa den tresnaren bat edo beste ere ekarri dugu. Guztira, 165 tresna bildu dugu erakusketan, guztiak ezberdinak”.
Menditik etxera
Motozerrik ez zegoen garaian, aizkorak behar izaten zituzten basoan egurra botatzeko; haiek eskuan hartuta hasi ditu Koldok bere azalpenak: “Aizkora, aizkora-atxurra, zerra, zerrotea, arpana, trontza, trabesa, egurra pitzatzeko txingudea..., mendian behar zituzten tresnak ziren horiek. Egurra prestatu ondoren, etxera ekarri behar izaten zuten landu ahal izateko, eta horretarako beharrezko tresnak ere badira ikusgai”.
Arotz lanak egiteko mahai berezia ere badago erakusketan: “Baserrioro egoten zen horrelako mahai bat, izan ere, garai batean etxean bertan egiten zituzten gauza asko; kutxa, ohea, oilategia..., batzuk hobetoxeago eta beste batzuk okerxeago, baina etxean egiten zituzten lan horiek”. Larraulgo Ekomuseoan dagoen mahaiak hiru sargenta ditu, lantzen ari ziren egurra geldirik mantendu ahal izateko.
Taratuluak, trentxak...
Lanerako mahaira etorrita, hainbat eta hainbat erreminta batu ditu Koldok: “Esaterako, tamaina ezberdinetako taratuluak jarri ditut ikusgai. Handienak mendian erabiltzen zituzten; egurra zulatu, dinamita sartu eta pago-buruak lehertzen zituzten txondorretan erabiltzeko. Taratulu txikiak, berriz, oholei zuloak egiteko erabiltzen ziren, altzariak edo bestelakoak egiteko”.
Egurrari marrazkiak egiteko, sakonak ateratzeko, oholak leuntzeko, marka ezberdinak egiteko, tailatzeko, kaikuak egiteko..., erabilera ezberdinetarako tresnak daude ikusgai museo etnografikoan. “Eskuadrak, konpasak, trentxak, enborrak neurtzeko gailuak, aizkorak zorroztekoak, nibelak, enborrari azala kentzekoak, iltzeak sakonago sartzeko behar direnak, ebanista lanak egiteko tresna bereziagoak..., erreminta ezberdin ugari dago ikusgai”.
Lanerako behar zituzten tresnak garraiatu ahal izateko, bestalde, prestatu egin behar izaten zituzten baserritarrek eta hori ere ikusgai dago museoan. Esaterako, taratuluen punta zorrotzak babesteko modu ezberdinak jarri dituzte ikusgai; adar baten puntaz egindako babesa, egurrezkoa, edota baita plastikozkoa ere. “Erreminta zorrozteko harriari egindako egurrezko kutxa txikia, esaterako, oso berezia da. Zintzilik jartzeko ere prestatuta dago”, azaldu du Koldok.
Zabalik Eguberriak pasa arte
Urriaren 9an zabaldu zuten erakusketa, eta zabalik izango dute Eguberriak pasa arte. “Hileko lehen igandean zabalik izaten dugu museoa. Horrez gain, talderen batek bisitaldia egin nahiko balu ere, badago horretarako aukera. 688 803 608 telefono zenbakira deituz, hitzordua jarri besterik ez dago”.
Larrauldar ugari gerturatu zen inaugurazio egunean erakusketa ikustera eta haurrek, arreta bereziz jarraitu zituzten Koldoren azalpenak. Hainbat tresnaren erabilera ere erakutsi zuen eta zenbaitek ez zuen erremintak ukitu eta frogatzeko aukerarik galdu nahi izan.