Kirol pista berria, epe laburrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 24a, 17:11

Epe laburrean Adunan martxan izango diren ekimenen berri eman zuten Udaleko kideek urrian egindako herri batzarrean. Kirol pista eta berdegunea daude aipagarrienen artean.

Eskolaren atzealdeko lursailak erabilera berria izango du laster, izan ere, kirol anitzetako pista eraikiko baitute bertan. Josu Amilibia alkateak eman ditu azalpenak: “Urte asko generaman kirol pista egiteko asmoz. Plan urbanistikoaren barruan sartuta dago, baina arrazoi ezberdinak medio, ez zen eraikitzeko momentu egokia iristen. Azkenik, momentu hori iritsi da eta epe laburrean egingo dugu kirol pista berria. Gastuari aurre egiten lagunduko digun dirulaguntza lortu dugu eta Udaleko diru-kontuak ere horretarako moduan daude”.

Urte amaieran hasi
Areto futbola, saskibaloia, eskubaloia..., kirol ezberdinak egiteko aukera emango du pista berriak. “Herrian dugun kirol azpiegitura bakarra pilotalekua da. Beste kirolen bat egin nahi duenak ez du horretarako egokia den tokirik, eta egoera horri buelta emateko aukera dugu orain. Herriko haurrentzat oso egokia izango dela uste dugu, eta baita helduentzat ere”. Abendu aldera hasi nahi dituzte pista egiteko lanak eta bi hilabetez luzatuko lirateke lanak. Pista berria jarriko duten gunean, eskolako baratzea dago egun, “pixka bat mugitu beharko genuke baratze hori eta baita auzo-konpostagailuak ere”, jakinarazi du.

Berdegunea
Herriko erdigunean patxadaz egon ahal izateko berdegunea ere epe laburrean egitea aurreikusten du Josuk: “Herria asko garatu da azken urteotan, erdigunea ia guztiz urbanizatuta dago; errepideak, oinezkoentzako guneak..., eta berdeguneren bat falta zela sumatzen genuen. Landa eremuko herria izanik, berdeguneren bat izatea garrantzitsua zela iruditzen zitzaigun”. Uztartza atzealdeko aparkalekuaren alboko lursaila egokituko dute horretarako. “Aisialdian erabili ahal izateko gunea izango da, parke moduko zona berdea; zuhaitzak, bidexkak, esertzeko bankuak..., bertan lasai egon ahal izateko tokia. Orain ere herrian bada horrelakorik, baina mendi aldera joan beharra dago. Berdegune berria egindakoan, esku-eskura izango dute herritarrek aisialdirako toki berria”, azaldu du Josuk.
Duela zenbait hilabete erre zituzten hondakinen etxolak martxan jartzea ere Udalaren egitasmoen artean sartzen da: “Etxoletako bat, Oria ibaiaren albokoa, egina dago dagoeneko; Zubitxiki industrigunekoa egitea falta zaigu orain. Beharrezko materialarekin hornitu ondoren, ahalik eta azkarren martxan jarriko ditugu bi etxolok. Erre zituzten etxola horien erabiltzaileek herrigunera ekartzen dute sailkatutako hondakina eta egoera horri irtenbidea eman behar zaio”.

Laguntza
Egoera ekonomiko larrian dauden herritarrentzako dirulaguntzei aurre egiteko diru kopurua gordeta dauka Adunako Udalak: “10.000 euroko partida bat jaso genuen aurrekontuetan, gizarte laguntzetarako. Hori arautzeko ordenantza ari gara garatzen eta, urtea amaitu aurretik, laguntza hori jaso ahal izateko prozedura atera nahi genuke”.
Herri batzarrean aipatutako beste zenbait gai ere hartu ditu ahotan Josuk: “Goiener kooperatibako bazkide egin gara eta aurrerantzean, beraiekin egingo ditugu argi-indar kontratuak. Energia berriztagarriekin egiten dute lan eta egokia iruditzen zaigu pauso hori ematea. Zenbait Udalek dagoeneko Goienerrek eskaintzen duen argindarra erabiltzen du eta epe laburrean halaxe egingo dugu guk ere”.

Interneta
Internet zerbitzua eskaintzeko aukera ere zabalik dute Adunako Udalean. Guifinet ekimena erabiliko dute horretarako. “Dagoeneko antena jarrita dago eta lehen frogak egiten hastea falta zaigu. Ondoren, zerbitzua herritarren esku jartzen hasiko gara. Ziurrenik, oinarrizko internet zerbitzua doan eskaini ahal izango dugu Proxy bidez. Norbaitek zerbitzu zabalagoa nahiko balu, ordainketa txiki bat eginez izango luke horretarako aukera, operadora batekin kontratua eginez”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!