Emakumezkoen futbolean aitzindari

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 24a, 17:10

Zazpi urte besterik ez zituenean hasi zen Ainhoa Bakero futbolean jolasten. Añorga auzoan bizi zen eta bertako futbol taldean eman zituen lehen pausoak. Nerea Urkola asteasuarrak, berriz, hamahiru urterekin ekin zion bere zaletasunari.

Noiz eta nola hasi zineten futbolean?
Ainhoa Bakero:
1980 urtean Carlos Romerok sortu zuen taldea. Añorgako Amasorrain ikastolaren izenean jokatu genuen lehen partida, Donostiako hondartzan, baina ez ginen guztiak ikastolako ikasleak. Adin ezberdinetako auzoko neskak batu, eta lehendabiziko talde hura osatu genuen. Partida gutxi batzuk jokatu genituen beste ikastetxe batzuen aurka eta hondartzako txapelketan izena eman genuen. Finala jokatu genuen zuzenean, eta irabaztea lortu genuen. Talde hartatik, Añorga taldea sortu zen gerora. Añorgan bizi izan ez banintz, ziurrenik ez nintzatekeen futbolean hasiko. Baina hala egokitu zen eta jolas modura hasi zena, zaletasun handi bihurtu zen.
Nerea Urkola: Hamahiru urterekin hurbildu nintzen Añorga taldera. Institutuan hasi berria nintzen eta gimnasiako irakaslearen bidez jakin nuen nesken futbol taldea martxan zela bertan. Iluntze batean, autobusa hartu eta entrenamendura azaldu nintzen. Pixkanaka-pixkanaka taldean sartzen joan nintzen eta zortzi denboraldi osatu nituen bertan. Garai hartako oso oroitzapen onak ditut.

Nola gogoratzen dituzue entrenamendu saioak?
N.U.:
Denbora asko behar izaten nuen Añorgara iristeko; bi autobus hartzen nituen joateko, eta berdin itzultzeko. Arratsaldeko 19:00ak aldera ateratzen nintzen eta gaueko 23:00ak arte ez nintzen etxeratzen. Baserrian bizi ginen eta amak etorri behar izaten zuen nire bila Asteasura. Ordu asko eta asko eskaintzen nizkion futbolari. Zaletasun izugarria nuen eta ez zitzaidan batere aldapa gora egiten.
A.B.: Lanera edo ikastera joaten ginen taldeko kideak. Horregatik, entrenamenduak iluntzean izaten genituen, berandu samar. Nik neronek, Irunen egiten nuen lan eta hizkuntzak ikastera joaten nintzen arratsaldetan; ondoren entrenamendura. Zelaia libre egoten zen iluntzeko zortzietatik aurrera, eta orduantxe hasten ziren gure saioak.

Ainhoa, zure kasuan, etxetik datorkizu zaletasuna...
A.B.:
Bai, etxean futbolari asko izan gara, Añorgan bizita, futbol zelaia etxetik gertu genuen, eta horrek asko erraztu zigun gure zaletasunean aurrera egitea. Gainerantzean, nahiz eta etxean futbolari asko izan garen, ez dugu asko futbolaz hitz egin izan. Partidak jokatu, eta lixto.
Arantxa eta Itziar ahizpak ere talde hartako kide izan ziren. Arantxak futbola utzi zuen atletismoa egiteko, baina Itziarrek aurrera egin zuen. Oso jokalari ona zen; asko ikasi nuen beragandik. Haserretu ere egiten ginen noizbehinka; jokaldi zehatzen batean hartutako erabakiak elkarri leporatzen genizkion.

Añorga taldeak kirol maila izugarria lortu zuen...
A.B.:
Emakumezkoen taldeen artean indartsuenetakoa zen gurea. Gipuzkoan, Oiartzun ere oso maila oneko taldea zen eta gainerantzean, Bizkaiko Sondika, Madrilgo talderen bat eta Bartzelonakoa izaten genituen aurkari nagusi.
N.U.: Talde lehiakorra osatu genuen. Emakumezkoen futbolean aitzindarietakoak izan ginen, nahiz eta bere garaian ez ginen horretaz konturatzen. Guri futbolean jokatzea gustatzen zitzaigun eta oso ondo pasatzen genuen.

Emakumezkoen futbolak garapen handia izan du zuen garaitik hona...
A.B.: 
Bai, jende askoren lan ezkutua dago garapen horren atzean. Gu jokalariak ginen eta gure lana futbolean jokatzea zen, baina taldeetako zuzendaritzan aritzen zirenek lan handia egin zuten emakumezkoen futbola sustatzeko. Oraindik ere lan handia dago egiteko, baina aurrerapausoak eman dira urteotan. Gure garaian, esaterako, adin ezberdinetako neskak aritzen ginen talde berean; hamahiru urtekoak eta hogeita hamar ingurukoak, denak elkarrekin. Gaur egun, adinka sailkatuta aritzen dira. Aldaketa handiak eman dira.

Zaletu asko hurbiltzen al zen zuen partidak ikustera?
A.B.:
Partida jakin batzuetan, giro polita sortzen zen. Oiartzunen aurkako derbiek, esaterako, jende asko erakartzen zuten eta Madrilgo Oroquieta talde indartsuaren aurka lehiatzen ginenean ere gerturatzen zen jendea. Partida berezi horiek alde batera utzita, ordea, jende gutxi izaten zen harmailetan. Oraindik ere hala izaten jarraitzen duela uste dut. Pena da, baina gizonezkoen kirolak askoz ere jarraipen handiagoa du. Duela urte gutxi batzuk, emakumezkoen futbolak gorakada handia bizi izan zuen. Athletic oso maila onean ari zen eta ETB zenbait partida eskaintzen hasi zen. Gorakada hori pasata, ordea, berriz ere lehengora itzuli gara.
N.U.: Hamabostean behin jokatzen genuen Añorgan. Etxekoak eta lagunak etortzen ziren. Partida berezietan, berriz, giro ederra sortzen zen. Ama, adibidez, behin bakarrik etorri zen partida bat ikustera eta askotan esaten dit ez zitzaiola batere gustatu; hitz itsusi asko entzun omen zuen.

Partidaren bat ba al duzue bereziki gogoan?
A.B.:
  Madrilgo Oroquietaren aurka jokatutako Erregina Kopako finala gogoan dut. Defentsa lanetan aritzen nintzen normalean, ezkerretik. Partida hartan, ordea, postu ezberdin baterako aukeratu ninduten. Garai hartan, ohikoa zen defentsako liberoaren postua. Izugarrizko ardura ematen zidan postu hark. Partida alde jarri zitzaigun eta irabaztea lortu genuen azkenean, baina ez dut sekula ahaztuko zeinen urduri aritu nintzen. Añorgan jokatutako beste partida bat ere gogoratzen dut. Oroquietaren aurkako partida zen; Erregina Kopako finalerdia. Galtzen ekin genion partidari. Nolabait berdintzea lortu genuen eta penaltietan erabaki zen emaitza. Azken penaltia sartuta, finalerako sailkatzea lortu genuen.
N.U.: Nik ere gogoan dut penalti saio hura. Taldean hasi berria nintzen eta ez nuen partida jokatu. Zelaiaren izkina batetik ikusi nuen penaltien jaurtiketa, izugarrizko urduritasunez.
Añorgarekin jokatutako lehen partida ere oso gogoan daukat. Eguna iritsi arte entrenatzaileak ez zidan esan jokatu egingo nuenik; bazekielako oso urduri jarriko nintzela. Oiartzunen aurkako partida bat zen; zelaira sartu, eta lehenengo korrika saioan nituen guztiak eman nituen. Izterrean uzkurdura izan nuen eta zelaitik irten behar izan nuen, baloirik ukitu ere egin gabe.

Selekzioarekin ere aritutakoak zarete biok...
A.B.: 
Espainiako selekzioarekin partida batzuk jokatu nituen, eta ez dut oroitzapen berezirik. Euskadikoarekin, berriz, maizago aritu nintzen. Urte askotan jokalari bertsuak aritu ginen eta tratu estua sortu zen. Oraindik ere mantentzen dut harremana han ezagututako jokalariren batekin.
N.U.: Ni ere aritu nintzen estatu mailako selekzioarekin eta baita Euskadikoarekin ere. Gogoan dut euskal selekzioarekin irabazitako txapelketa batean, ikurriña egin genuela hoteletik hartutako toalla batekin. Ez genuen ikurriñarik eraman eta geronek egin genuen spray batzuekin margotuta. Oraindik ere nire etxean egongo da ikurriña hura.

Estatu mailako liga jokatzen zenuten Añorgarekin. Nola egiten zenituzten bidaiak?
A.B.:
Hamabostean behin, etxetik kanpo jokatzen genuen partida eta autobusean egiten genituen joan-etorriak. Ikasteko aprobetxatzen genituen askotan autobusean pasatako orduak, baina ondo pasatzeko aukera ere ez genuen alferrik galtzen. Mus txapelketak ere antolatzen genituen. Umore onean joaten ginen.
N.U.: Ordu asko eta asko eskaintzen genizkion gure zaletasunari eta giro polit hura egon ez balitz ezinezkoa izango zatekeen zaletasun horri eman genion jarraipena ematea.

Añorga futbol taldea, indartsu
Kirol maila bikaina lortu zuen Añorga taldeak. Lau liga irabazi zituen guztira. 1983-84 denboraldian jarri zen martxan emakumezkoen Espainiako liga, eta Añorgak lortu zuen lehen liga hartako garaipena.
1991-92, 1994-95 eta 1995-96 denboraldietan ere añorgarrak izan ziren garaile. Horrez gain, hiru Erregina Kopa ere lotu zituen taldeak 1989-90, 1990-91, eta 1992-93 denboraldietan.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!