Trentxiki elkartea, argazkizaleen bilgune

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 24a, 17:05

Argazkilaritzarekiko zaletasuna duen jendea biltzen du Andoaingo Trentxiki argazki elkarteak. Hogei bazkide inguru dira, eta asteazkenero elkartzen dira Urigain etxean.

Argazkiak egin, partekatu, tailerrak antolatu, argazkilari ezberdinen lana aztertu, elkarrengandik ikasi..., argazkiaren inguruan ibiltzen dira Trentxikiko kideak. Urko Vallejo taldeko kideetakoa da: “Argazkilaritzaren barnean, interes eta gustu ezberdinetako jendea biltzen gara elkartean; argazkilaritza analogikoa lantzen dute batzuk, digitala beste batzuk, argazkigintza estenopeikoa egiten duenik ere bada. Denetarik dugu taldean, eta hori oso aberasgarria da”.

Hiru urteko bidea
Bada, ordea, guztiak batzen dituen puntu nagusi bat. Elkarteko lehendakaria den Pablo Artetxek azaldu du elkargune hori: “Argazkilaritzaren alderdi teknikoa gustatzen bazaigu ere, ez da hori gehien lantzen duguna. Izan ere, teknikoki oso ondo landutako argazkiak ez badu ezer transimitzen, ez badu emoziorik sortzen, ez du balio handirik”.
2011ko apirilean jarri zuten martxan Trentxiki argazki elkartea. “Argazkizaleak ziren lau pertsonen ekimenez sortu zen elkartea. Deialdia herrian zabaldu, eta argazkizaleen bilera bat antolatu zuten elkarteari forma ematen hasteko. Asteazkenero biltzen hasi ginen, eta horretan jarraitzen dugu. Hogei bazkide inguru gara guztira eta bakoitzak, ahal duen denbora eskaintzen dio bere zaletasunari”, azaldu du Urkok.

Ekitaldiak
Urigain etxean elkartzen dira bazkideak, asteazken arratsaldetan. Ekintza ezberdinak antolatzen dituzte urtean zehar; elkarteko kideen artean lantzeko batzuk, eta kanpora begira beste batzuk: “Gure arteko hitzaldiak eta eztabaidak antolatzen ditugu eta baita barne lehiaketak ere. Horrez gain, argazkiak egiteko irteerak ere nahiko maiz egiten ditugu. Gai beraren interpretazio ezberdinak ikusteko aukera ematen digu horrek. Kanpora begirako jarduerei dagokienez, beste elkarte batzuekin elkarlanean aritzen gara. Epe laburrean, esaterako, argazkilaritza estenopeikoaren inguruko tailerra eskainiko du Pablo Artetxek Artekintzan”.

Argazkialdia
Trentxiki elkarteak herrira begira antolatzen duen ekitaldi potoloena, zalantzarik gabe, Argazkialdia izaten da. 2013an egin zuten lehendabiziko edizioa eta dagoeneko, 2015ekoa prestatzeko lanetan ari dira buru-belarri. “Hiru helburu nagusi ditu Argazkialdiak; argazkigintzaren sustapena, hasiberriak diren argazkilariei euren lana erakusteko aukera ematea, eta argazkiak kalera ateratzea. 2013an ekin genion lehendabiziko jaialdia antolatzeari. Udalak bere babes ekonomikoa eskaini zigun eta zenbait azpiegitura jarri zuen gure eskura. Gauzak antolatzen eta lotzen joan ahala, jaialdia haziz joan zen. Oso jaialdi polita atera zen, indartsua”.
2015eko maiatzaren 16tik ekainaren 14ra ospatuko da Argazkialdia eta dagoeneko, antolaketa lanetan ari dira Trentxikiko kideak. Urko Vallejok eman ditu azalpenak: “Iaz ondo funtzionatu zuten ekitaldiak mantenduko ditugu. Kalera ateratako argazki handiek, esaterako, arrakasta handia izan zuten, eta ekimen hori indartu egingo dugu. Erakusketa desberdinak egingo ditugu; Basteron, tabernetan, kalean..., eta litekeena da dendetan ere argazkiak jartzea. Tailerrak eta solasaldiak, Leitzarango argazki rallya..., hori litzateke, 2015eko Argazkialdia”.
 
Bazkide berriak
Elkarteko bazkide izateko aukera guztiz zabalik dago, Urko Vallejok jakinarazi duenez: “Argazkizalea den edonor gertura daiteke gurera. Zer egiten dugun ikusi, eta gustatuz gero, bazkide izateko aukera zabalik dago. Gurekin harremanetan jartzeko, Urigainera hurbildu edota trentxiki.ae@gmail.com helbidera idatz daiteke”. Elkartearen blogean ikus daiteke urtean zehar antolatzen dituzten ekitaldien inguruko berri, baita argazki bildumak ere: trentxikiargazkielkartea.com
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!