Aitor Ormazabal, pilotalekutik telebistara

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 24a, 17:03

Aitor Ormazabal ‘Artzaia’ 19 urteko billabonatarra, ETB eskaintzen hasi den ‘Gu ta gutarrak’ saioko partehartzaileetako bat da. Gustura dabil kameren aurrean.

Gu ta gutarrak’ ETBko saio berrirako deialdia egin zutenean, Aitorrek ez zuen hasiera batean izena emateko inolako asmorik. Guztia kasualitatea izan dela azaldu du, “koadrilako lagun bat kotxez casting-era eramatera joan nintzen eta azkenean neroni ere casting-ean parte hartzera animatu. Bat-bateko erabakia izan zen eta inondik ere ez nuen aukeratuko nindutenik espero”. ‘Gu ta gutarrak’ saioaren helburu nagusia Euskal Herriko koadrilarik jatorrena aurkitzea da eta horretarako, bi taldetan banatuta, hamabi lagun ari dira parte hartzen; sei neska eta sei mutil. “Bi asteburuz behin Morgako (Bizkaia) aterpetxe batera joaten gara eta ekintza ezberdinak egiten ditugu han: surfa, dantzaldiak… Asteburuko irudiekin eta beste hainbat gairekin debateak grabatzen ditugu gero Miramongo estudioetan”. Platoan hainbat jolas eta proba ere egiten dituzte eta koadrilan harreman gutxien duten kideak kanporatzen dituzte tartean, berriei lekua egiteko. Esperientzia oso ona izaten ari da Aitorrentzat, “hasieran arraro samar sentitzen nintzen, baina behin martxa hartutakoan, nire buruarekin konfiantza hartu dut eta dagoeneko ia ez naiz konturatzen kamera dagoenik ere. Gero eta askeago sentitzen naiz, etxean bezala ia. Ezagutzen nautenek natural ikusten nautela diote eta horixe da helburua: zaren bezalakoa agertzea”.

Naturaltasunari pisua
Hasiberria da ETBko ‘Gu ta gutarrak’ saioa eta hasierak zailak izaten badira ere, audientzi maila onarekin abiatu dela dirudi. Programak beste telebista kate batzuetan egiten diren hainbat reality eta gazteen arteko elkarrizketa eta jolas saioekin antzekotasuna baduen arren, garbiagoa dela uste du Aitorrek, “beste programa batzuetan sexuak edota alkoholak indarra izan dezaketen bezala, hemen harreman sanoak bilatu nahi dira. Egia da partehartzaileen artean bikoteak egiten ahalegintzen direla saioko kideak eta guk zer edo zer konta dezagun, baino naturaltasunari ematen zaio pisurik gehien”. Abendu bukaerara arte behintzat abian izango da Julen Telleria tolosarrak gidatzen duen programa, audientzien arabera, aurrera jarraitzeko aukerarekin. Astelehenetik ostegunera gauero ETB1en ikus daiteke 21:25etik 22:25era. “Ostegun eta ostiral goizetan grabatzen ditugu platoko saioak, bi goizak oso-osorik igarotzen ditugu Miramongo estudioetan”. Bai Miramonen nola Morgako aterpetxean lasai aurkitzen da Aitor, “hasieran urduri joaten nintzen asteburuak pasatzera, baina berehala ireki ginen taldekide guztiak eta produktorako kideekin ere primeran moldatzen gara. Platoan ere ohitu gara dagoeneko. Prestaketak eta gero, zein lekutan eseri esaten digute eta proposatzen dituzten gaiei erantzun behar izaten diegu, guk aurrez gaiak ezagutu gabe”. Esperientziatik gehien gustatu zaiona, “saioan jende sanoa lanean ari dela ikustea eta oso giro onean ari garela”. Zailena, berriz, ikasketak eta grabazio orduak uztartzea egin zaio. Telebistako aurpegi ezagun izatea nola bizi duen galdetuta, “normal-normal”, erantzun du. “Zer moduz nabilen galdetzen didate batzuek kalean, nik oso natural bizi dut egoera. Telebistan parte hartzea ez da beste munduko gauza”, dio.

Kirol irakasle
Txiki-txikitatik pilotan jolasten du Aitorrek eta haurren pilota irakasle gisa ere aritzen da Zizurkil Goiko Ziotza elkartean. Era berean, goi mailako kirol modulua ikasten ari da Donostian, “izugarri gustatzen zait kirola; bai praktikatzea, bai irakastea eta baita ikustea ere. Asko gustatuko litzaidake kirol irakasle izatea, baina gaur ez dago aukeratzerik: dagoenean egin behar da lan”. Egun, aitari tabernan laguntzen ere aritzen da arrebarekin batera. Telebistan jarraituko ote lukeen galdetuta, baietz erantzun du, “eroso sentitzen naiz kameren aurrean eta aukera sortuz gero, ez nuke ezezkorik esango. Hala ere bigarren mailan dago aukera hori”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!