Amasako Samartiñak ate-joka

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 24a, 16:59

Amasako gazteek prest dute aurtengo Samartiñetako egitaraua. Irailetik hasita dozena pasatxo gazte elkartu da larunbatero festak antolatzeko. Miren Jauregi, Gurutze Astiasaran eta Arkaitz Arretxek hartu dute hitza.

Oro har, aurreko urteko egitarauaren patroia hartuta hasi ohi dira lanean. Tradizio luzeko ekintzak urtero errepikatzen badituzte ere, urtero erronka berriren bat antolatzen saiatzen direla azaldu dute. Azaroaren 11tik 16ra luzatuko dira aurtengo Samartiñak, baina azken urteotan bezala, aurreko asteburuan ere festa giroa nagusituko da Amasan. Azaroaren 1ean IV. Azoka Berezia izango da pilotalekuan, “bertako baserritarren generoarekin azoka antolatzeko intentzioa izaten genuen, baina hori oso zaila denez, postu gehienak kanpotik etortzen dira, amasar batzuk tartean direla”, azaldu du Arkaitzek. Orain artean azokak erantzun ona izan duela ere aipatu du, “eguerdi alderako itxura polita hartu ohi du”. 10:00etatik 14:00etara zabalik izango da azoka eta eguerdiko 12:00etan herri kirol erakustaldia antolatu dute. Biharamunean, berriz, urtez urte sona bereganatu duen Amasako Mendi Duatloiaren txanda izango da. Miren Jauregik argitu duenez, Euskal Federazioaren baitako proba da azken lau urteotan eta ondorioz, “muntaia nahiz parte hartzea ere handiagoak dira, Euskal Herri osoko parte hartzaileak etortzen baitira. Kilometro kopurua ere luzatu egin behar izan zen Federazioan sartzeko eta urte guztian zehar antzeko probetan aritzen den jendea gerturatzen da. Tartean, noski, baita herritarrak ere”. Duatloiaren antolaketan herri guztiak parte hartzen duela adierazi dute eta asko eskertzen dela hori. Probaren aurreko asteburuan hasita, bezperan nahiz egunean bertan nahiko lan izaten dute lasterketa ondo bideratzeko.

Berrikuntzak herri kiroletan
Azaroaren 11n, San Martin egunarekin hasiko dira aurtengo festak eta egitarauko berrikuntzen artean, herri kirolei lotutako pare bat aipatu dituzte: “asteartean, San Martin egunean idia eta astoa lehiatuko dira eta, larunbatean, bazkalaurretik, harri-tiraka aritzen diren Leitzako bi talde misto. Neska eta mutilak nahastuta aritzen dira eta ikusmina sortu ohi dute”, jakinarazi dute. Gainerakoan, igandeko herri kirol probetan Bedaioko taldearen aurka arituko dira Amasako gazteak, “irailaren hasieran Bedaion izan ginen gu eta haiek etorriko dira orain. Iaz gauza bera egin genuen Lasturkoen kontra. Kanpotarren kontra saltsa gehiago sortzen da betiere”, azaldu du Arkaitzek. Bedaion bedaiotarrak nagusitu zirenez, emaitza horri etxean buelta emateko gogo biziz daude amasarrak. Erreleboka egingo dituzte zirkuituko probak: korrika, ingudea, txingak, lokots bilketa, bizikleta txikiaren gainean, karretilan…

Gazteen eguna, kuttuna
Gainerakoan, urteroko hitzorduen artean erantzun bikaina dute ostiral arratsaldeko pailazoen emanaldiak (aurten ‘Irrien lagunak’) eta baita ondorengo txokolatadak ere. Zer esanik ez iluntzeko bakailao lehiaketak. “XXIII. edizioa izango da aurtengoa. Iaz 17 kazuelka prestatu ziren. Herritar ugari animatzen da parte hartzera eta giro polita sortzen da”, azaldu du Guruzek. Larunbat eguerdian, berriz, lepo betetzen da Amasako frontoia bazkari herrikoian. 300 herritar bildu zen iaz. “Mazuak taldea arduratzen da herri bazkaria antolatzeaz. Izugarrizko lana egiten dute eta omenaldia ere egin izan diegu euren lana eskertzeko. Amasako baserriren bateko txekorra hartu eta ostiraletik hasten dira bazkaria prestatzen. Menua beti berdina: zopa, haragi gisatua eta parrillan erretako haragia”. Arratsaldean, bazkalondorengo tartea betez, Lain taldearen kontzertu akustikoa antolatu dute elizan. “Azken urteotako ohitura da, kontzertu lirikoarekin hasi ginen eta iaz Erramun Martikorena etorri zen. Oso gustura geratu zen jendea”. Baina dudarik gabe, egunik bereziena osteguneko Gazte eguna izaten da amasar gazteentzat. “Kanpoan bizi diren amasarrak ere bertan izaten dira egun horretan. Harrigarria ere bada jendeak lanetik bi egun jai hartu eta nola eusten dion ohitura horri. Urteren batean huts eginez gero, berriz, hurrengorako zer nolako gogoa geratzen den”, aipatu du Arkaitzek. “Azken batean ez da erraza izaten. Goizeko 06:00etan baserriz baserri abiatu eta azaroa hotza denez, pereza emateko ere ez da zaila. Eguraldi ona edo txarra izan, ordea, urtero jende asko biltzen da. Horixe da urte guztian gazteak gehien elkartzen garen ekintza”.

Polaroidarekin
Festetako egunik gustukoena?
Miren eta Gurutze: Gazte eguna.
Arkaitz: Gazte egunaren ondorengo ostiral iluntzetik hasi eta gaua ere ederra izaten da.

Samartiñetan sabela berotzeko zer?
A.: Herri bazkariko menua baino hoberik ez dago barrua pizteko. Edateko, berriz, ardo pixka bat.
G.: Jateko, ostegun gaueko oilaskoa. Edateko, kalimotxoa.

Festetan kalera ateratzeko ahaztu ezinezko prenda?
M.: Azken urte hauetan eguraldi ona egin du eta ez dut prenda berezirik faltan bota.
G.: Baina badaezpada, gauez jertsearen beharra izaten da beti.
A.: Samartiñetako arroparik bereziena Gazte eguneko koloretako zapia da. Baserritar jantziaren iluntasunari festa ukitua ematen dio. Amasako festetan urte luzetan mantendu da zapiaren tradizioa.

Herritarrei mezurik?
G.: Festak gazteok antolatu arren, helduak ere bileretara gonbidatuta daudela.
M.: Parte hartzera animatu eta ondo-ondo pasa dezatela.

EGITARAUA
Azaroak 1, larunbata
10:00-14:00 Amasako IV. Azoka berezia.
12:00 Herri-kirol erakustaldia plazan: Landarbide eta Ostolaza harri-jasotzen, Zubizarreta eta Bihurri aizkoran.

Azaroak 2, igandea
11:00 Amasako XXIII. Mendidua-tloia (Euskal Herriko IV. Mendiduatloi zirkuituaren barruan).

Azaroak 8, larunbata
20:30 Mondeju afaria Uxo-Toki elkartean.

Azaroak 11, asteartea.
San Martin eguna
10:30 Meza Nagusia. Ondoren, Idi bakarra asto parearen aurka trikitilariek eta bertsolariek alaiturik.
19:30 Txupinazoa, Martina Sorginaren jaitsiera eta buruhandiak.

Azaroak 12, asteazkena
18:00 Haurren arteko pilota partidak.
Ondoren, Pintxopotea Uxo-Toki eta Iturri-goxo artean.

Azaroak 13, osteguna.
Gazteen eguna
06:00 Gazteen gosaria Amasa kafetegian, trikitilari eta dultzaineroek alaiturik.
14:30 Gazteen bazkaria Uxo-Toki elkartean.
16:30 Soka dantza eta aurreskua plazan. 
Ondoren, Trikitilarien erromeria.
21:00 Gazteen afaria Iturri-goxo jatetxean.

Azaroak 14, ostirala
17:30 Irrien lagunak, “laguntasunaren sekretuak” pailazoen emanaldia frontoian.
Ondoren, Txokolate beroa.
20:00 Amasako XXIII. Bakailao lehiaketa frontoian.
23:30 Dantzaldia Triki ta ke taldearen eskutik.

Azaroak 15, larunbata
11:00 Umeen krosa (6. mailara artekoentzat).
12:30 Giza probak, Leitzako bi talde mistoen artean.
14:00 Herri bazkaria.
18:30 Lain taldearen kontzertu akustikoa elizan.
22:30 Bertso saioa: Beñat Gaztelumendi, Aitzol Barandiaran, Agin Laburu eta Oihana Iguaran.
Gai jartzailea: Amaia Agirre.
Ondoren: Erromeria 3gabe2 taldearen eskutik.

Azaroak 16, igandea
18:00 Herri kirol saioa: Amasako gazteak Bedaioko gazteen aurka.
Ondoren, Martina Sorginaren agurra eta XXV. Intxorraren aldatzea.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!