Baratz fruta-dendak 25 urte

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 24a, 16:55

1985. urteko urriaren 5ean zabaldu zituen ateak Amasa-Villabonako Baratz fruta-dendak. Mende laurden bete berri du, bada! Dendako nagusi Begoña Elolak urte hauetako bidearen  errepasoa egin du.

Azaldu duenez, uste baino azkarrago pasa zaizkio 25 urte hauek Begoñari. Gazte-gazterik, 25 urte zituela zabaldu zuen Baratz denda Amasa-Villabonako Errota auzoan. “Gogoan dut  senarra eta biok goizeko 05:00etan Atotxara nola joaten ginen fruta biltegira, gure begiz fruta aukeratu eta ekartzera. Gero 08:00etarako etortzen ginen dendara, generoa prestatu eta ateak zabaltzera. Oso goiz jaiki behar izaten genuen, baina fruta geronen begiz ikusita aukeratzea, biltegira telefonoz eskatzea baino garrantzitsuagoa iruditzen zitzaigun”, azaldu du. Denda ireki aurretik ere ohituta zegoen Baratz-eko dendaria barazki, hegazti nahiz arrautzak azokatan saltzen, “amarekin asko ibiltzen nintzen etxeko produktuak saltzen. Tolosa eta Villabonako azokatan bereziki, Donostiako Bretxara oso gutxi, hara ama bakarrik joaten zen gehienetan”. Senarrak ere ikastaroa egin zuen Zabalegin fruta-denda zabaldu aurretik eta han ikasitakoarekin bi negutegi handi jarri zituen. Modu horretan, bertatik ekartzen zituzten dendarako barazki asko urte askoan, “bezeroei bertako produktua eskaintzeari garrantzia handia eman diogu hasieratik”, argitu du. Oraindik ere mantentzen dute etxeko baratzea, hasierako garaietakoa baino txikixeagoa izanagatik.

Hasiera gogorra
25 urte hauen oso irakurketa ona egiten du Begoñak, “hasi­era zaila eta gogorra izan zen. Egungo krisi egoerarekin parekatzen dut garai hura. Martxan hastea zertxobait kosta egin bazitzaigun ere, oso ondo mantendu gara gerora”. Pozik egoteko arrazoirik badu, beraz. Egungo garaietara etorrita, krisiak jatekoan eraginik ba ote duen galdetuta, baietz erantzun du, zalantzarik egin gabe: “nik beti esan ohi dut garai onenetan ere bizioak janariak baino lehentasun handiagoa duela”. Merkatalgune handien irekierak denda txikiengan izan duen eraginaz ere hitz egin du Begoñak eta bere esanetan, alderdi onak eta txarrak, bietakoak sumatzen dizkio, “garai puntualetan, Eguberrietan esaterako, jendea merkatalgune handietara joaten da erosketa guztiak batera egitera. Baina merkatalgune handietara joandakoan, eguneroko erosketak egiterakoan baino diru askoz ere gehiago gastatzen da. Gainera, merkatalgune handi eta denda txikietako tratua ezin dira parean jarri; denda txikietan bezeroekin harreman zuzena dugu eta tratua goxoagoa izateaz gain, parez pare azaltzen dizkiegu aukerarik onenak, erabakiak hartzen lagunduz”. Jendartean lanean aritzera ohituta dago Begoña eta gustukoa du bezeroekin harremanetan egotea.

Mila esker bezeroei
25 urte egunero betetzen ez direnez, Baratz fruta-dendan eskaintza bereziak egiten ari da Begoña bezeroen artean eta baita dendaren izena duten erosketetarako poltsak banatzen ere. “25 urteak bezeroak gurekin gustura daudelako bete ditugu eta haiekin ospatu nahi dugu urteurrena”. Herritarrak ez ezik, inguruko herri txikietatik etortzen zaizkio bezerorik gehienak eta noizbait hanka sartuko zuela badakien arren, bezeroekin izandako harreman ona azpimarratu du, “eskerrik beroenak eman nahi dizkiet urte hauetan guztietan gure bezero izan direnei. Noski, aurrera begira ere harreman bera mantentzea gustatuko litzaidake”, amaitu du. Zorionak egindako bideagatik!
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!