Plazako zuhaitza oroituz

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 24a, 16:53

Zizurkilgo Pello Mari Otaño plazak itxura berria du. Plazaren erdi-erdian zegoen zuhaitza guztiz kimatu dute eta hilabete gutxi barru kendu egingo dute.

Gaixorik zegoen plazako zuhaitza. Azken urteetan kosta egiten zitzaion udaberrian hostotzea eta enborrak ere itxura kaskarra zuen. Zuhaitzaren egoera aztertzeko eskaera egin zien Udalak Fraisoroko teknikariei eta ondorioa garbia izan zen; zuhaitzaren enborraren erdia baino gehiago ihartuta zegoen eta pisu guztia alde baten gainean zuen. Horrek, zuhaitza erortzeko arriskua zekarren. Arrisku hori saihesteko, zuhaitza kentzeko erabakia hartu zuen Udalak. Urriaren 8an, adar guztiak moztu zizkioten, pisua kenduz erortzeko arriskua txikiagotu ahal izateko. Urte amaieran egingo dituzte zuhaitza guztiz kentzeko lanak.

Itzal ederreko zuhaitza
Jolas, dantza saio eta hitzaspertu ugari egin dute zizurkildar gehienek plazako zuhaitzaren inguruan. Garetza baserriko Maria Kortajarenak beti hantxe ezagutu izan du zuhaitz hori. “Oso zuhaitz ederra izan da, eskolara etortzen ginen garaian itzal ederra ematen zuen. Kamioiak plazan barrena pasatzen hasi zirenean adarrak pixka bat mozten hasi ziren ibilgailuei trabarik ez egiteko, baina horren aurretik, zabal-zabala, borobil-borobila izaten zen zuhaitza”.

Aska
1924an jaio zen Maria, Garetza baserrian: “Bederatzi anai-arrebetan zaharrena izan nintzen. Baserrian makina bat lan egitea egokitu zitzaidan; mendira joaten ginen lanera eta baita esnea saltzera ere”.
Amonarekin mezetara joaten zen Maria umetan, eta hantxe ikusten zuen plazako zuhaitza. “Garai hartan plaza ez zen gaur egun bezalakoa. Aska zegoen zuhaitzaren ondoan. Festetan, zuhaitzaren itzalean, aska haren buelta guztian esertzen zen jendea. Nolanahi ere, nik ez nuen ezagutu aska hartara ganadurik ekartzen. Aurrerago, aska hura kendu egin zuten  eta elizaren atzera eramatea erabaki zuten. Hara bai, inguruko baserrietako ganaduak eramaten zituzten ura edatera. Beste aldaketa bat ere ezagutu nuen aurrerago. Eliza atzeko aska kendu, eta gaur egun iturria dagoen horretan jarri zuten, zimiterioaren ondoan. Orain ez dago askaren beharrik eta ez dago horrelakorik plaza inguruan”, azaldu du.

Jolas-gunea
Umetan, plaza inguruan asko jolastutakoa da Maria: “Kaniketan, harrapaketan, gordeketan, soka-saltoan..., jolas askotara jolasten ginen baina niri gehien gustatzen zitzaidana pilotan jolastea zen. Beti pilota poltsikoan hartuta ibiltzen nintzen. Neska koxkorretan, etxeko esnea plazara jaisten nuenean, pilota saio luzea egiten nuen lagunekin etxera itzuli aurretik, nahiz eta banekien etxera iritsitakoan haserrealdiren bat izango nuela. Zimiterioan aritzen ginen pilotan eta baita gaur egun Zentroa dagoen gune horretan ere”.

Musika eta dantza
Igande arratsaldetan, bezperetara joan ondoren, Villabonara joaten zen Maria lagun koadrilarekin batera. “Musika egoten zen udaletxeko arkupean eta hara joaten ginen. Aurrerago, Zizurkilera soinujoleak ekartzen hasi ziren eta herrian bertan pasatzen genuen igande arratsaldea, zuhaitzaren bueltan dantzan. Arratsaldeko bostetan hasten zen soinua, eta avemarietarako itzuli behar izaten genuen. Motz egiten zitzaigun!”. Herriko jaietan ere erreferentzia izaten zen plazako zuhaitza: “Hamabost urte ingururekin hasi nintzen festetara joaten. Bertsolarien saioetara eta dantzaldietara joatea gustatzen zitzaidan. Ekitaldi gehienak plazan izaten zirenez, zuhaitzaren inguruan ibiltzen ginen beti”.

Iriarten
1950ean, Migel Mari Bengoetxearekin ezkondu zen Maria, eta Iriarte etxean jarri zen bizitzen. “Berrogei urte egin nituen Iriarten. Beti etxe ondoan izan dugu zuhaitza eta erreferentzia izan da guretzat. Umetan hortxe jolasten nintzen ni, eta aurrerago, baita gure seme-alabak ere”.
Txatartegia eta harategia ezagutu zituen Mariak Iriarten: “Alderdi batean txatartegia egoten zen eta bestaldean harategia jarri zuen Garmendiak. Igandetan bakarrik zabaltzen zuten, baina jende asko etortzen zen erosketa egitera. 1991n etxea bota eta kultur etxea egin zuten eta hori baino lehenxeago itxi zuten harategia”.

Belaunaldi ezberdinak
Maxuxek, Mariaren alabak, ondo gogoan ditu bere umetako jolasak: “Zuhaitzaren inguruan gordeketan jolasten ginen oso maiz eta gaur egun Zentroa dagoen horretan, kaniketan aritzen ginen. Igande arratsaldetan, berriz, telebista jartzen zigun On Inazio apaizak pezeta baten truke, eta hantxe biltzen ginen herriko ume gehienak. Pantxikanen pipa zorro txiki bat erosi eta hantxe pasatzen genuen igande arratsaldea. Tarteka, musika ere jartzen zigun apaizak gramola zahar batean”. Plaza inguruan zuhaitz gehiago ere ezagutu zituzten, nola Mariak hala Maxuxek. “Indigaztain zuhaitzak zeuden orain Zentroa dagoen tokian. Haien artean ere makina bat jolas egin izan genuen umetan. Gaztainak elkarri botatzen ere saio bat baino gehiago egiten genuen”, azaldu du irribarretsu Maxuxek.
Pena pixka bat eman dio Mariari plazako zuhaitza kentzeak: “Erreferentzia izan da guretzat eta orain arraro egiten da plaza horrela ikustea. Enborra bakarrik dago orain, eta tristura pixka bat ematen du”.

1921ean jarria
Mendea bete aurretik desagertu da Otaño plazako zuhaitza; 1921ean jarria baita. 1920an egin zuten plazatik Olentzora doan errepidea eta hurrengo urtean, 200 panpano erosi zituen Zizurkilgo udalak errepide bazterretan jartzeko. Foru Aldundiak Irunen zuen landare mintegian egin zuten erosketa, eta hogeita zazpi pezeta ordaindu zituzten 200 zuhaitz haien truke. Errepide berria egitearekin batera, plaza bera ere eraberritu egin zuten eta bertan jarri zuten zuhaitz haietako bat. Nekola baserrian bizi zen Juantxo Urdanpilletak landatu zuen plazako zuhaitza. Plazako zuhaitza gaixotu eta ihartu den arren, Olentzorako errepidearen alboan zutik diraute garai berdinean landatutako askok.

Zuhaitz berria jartzeko prozesua
Datorren udaberri hasierarekin batera zuhaitz berria landatuko dute zaharraren tokian. Herritarrekin batera egindako partehartze prozesuaren bidez erabakiko du Udalak zein zuhaitz mota jarri. Zuhaitz berria landatzearekin batera, gainera, plazako zorua berritzeko lanak ere egingo dituzte.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!