Ilustrazio tailerra, Aitziber Alonsoren eskutik

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 24a, 14:03

Azarotik otsaila bitarte Amasa-Villabonan arituko da Aitziber Alonso ilustratzaile donostiarra ilustrazio tailerrak eskaintzen; asteazkenetan, bi orduz.

Azaroaren 5etik otsailaren 25era luzatuko da Villabonako Udaleko kultura sailak antolatu duen ilustrazio tailerra. Ikastaro teorikoa baino praktikoa izango dela jakinarazi du Aitziber Alonso irakasleak, “marrazki batean gauzak nola kontatu irakatsi nahi dut gehienbat eta horretarako pertsonaia eta haren izaera nolakoa den landu beharko dugu. Espazioekin jokatzen ere ikasiko dugu, plano ezberdinak landuz. Kolorea ere oso garrantzitsua da: gai triste edo alai bat irudikatzeko kolore ezberdinak erabili behar dira, baita hutsunea edo bakardadea irudikatzeko ere”. Bestalde, proiektu pertsonalak garatzeko asmoa ere badu tailerretan, bakoitzak bere istorioa osatuz. “Batetik, teoria pixka bat landuko dugu, liburuetako irudiak ikusiz eta ariketa ezberdinak eginez. Bestetik, proiektu luzeagoa jorratuko dugu norberaren istorioa landuz. Ipuin ezagun batzuk hartu eta ohiko marrazkiak errepikatu gabe haiek irudikatzea ere gustatuko litzaidake”, azaldu du. Gogoa duen 14 urtetik gorako edonori egiten dio ikastaroan izena emateko deia Aitziberrek, gerturatzen denak marrazketa maila alturik izan behar ez duela nabarmenduz, “marrazketa garrantzitsua da, baina landuz gero, edonork ikas dezake. Marrazketa ‘onik’ ez duen norbaitek kontatzeko era polit eta interesgarria izan dezake. Ilustrazioan interesatuta dauden guztiei zuzenduta dago ikastaroa, maila izan edo ez”. Tailerraren helburua ikastea eta ondo pasatzeaz gain, saioak amaitutakoan lan egiteko gogoa piztea litzateke Aitziberrentzat. Izen-ematea amaitzear da: kultura@villabona.net / 943691655.

 

Zerk erakarrita hasi zinen marrazkiaren ingurumarian lanean?

Txikitatik marrazten dut, ilustratzaile gehienek bezala. Beti ibili naiz pintura artean. Errege egun batean bizikleta eta margo kaxa txiki bat oparitu zizkidatenean, korrika batean margo kaxaren bila joan omen nintzen. Txikitatik markatuta zegoen, beraz, zer egin nahi nuen. Gero Arte Ederrak egin nituen Bilbon. Orduan ez nekien ilustrazioa egin nahi nuenik, baina dagoeneko gustatzen zitzaidan marrazkiaren bidez gauzak kontatzea. Karrera amaitutakoan konturatu nintzen ilustratzaile izan nahi nuela, nire nahia kokatu egin nuen.

 

Ilustrazioaren alorrean lan ugari egindakoa zara. Zein izan da zure ibilbidea?

Urte pare batez nire kabuz lanean aritu nintzen argitaletxeetara nire lana erakustera joateko aukera izan nezan. Tarte horretan UEUrako musika liburu bat ilustratzea izan zen nire lehenengo lana. Geroztik, poliki-poliki, liburu eta aldizkari gehiago ilustratzeko aukera sortu zitzaidan, postalak egitekoa… Itziar Zubizarreta ezagututakoan, Galtzagorri elkartean hasi nintzen lanean, batik bat areto literarioak, eszenografiak egiten. Hiru urtez Galtzagorriko lehendakari bezala aritu ostean, aurten utzi dut lehedakaritza, baina Galtzagorri elkartean oso sartuta jarraitzen dut: Marrazioak tailerraren koordinatzailea naiz. Nire bigarren etxea da Galtzagorri.

 

Artelekun lan egin zenuen urtetan. Egun zure estudioa duzu Donostian…

Urte asko aritu nintzen Artelekun, etapa ezberdinetan. Ilustrazioaren munduan finkatu nintzenean, nire lekua bilatzeko garaia iritsi zen eta geroztik Altzako estudioan ari naiz lanean.

 

Zerk inspiratzen zaitu marrazkiak egiten hasteko? Zein marrazki mota marrazten duzu nagusiki?

Proiektu edo libururen bat iristen zaidanean, liburu horretan bilatzen dut inspirazioa. Proiektu pertsonalak egiten ditudanean asko gustatzen zait natura, animaliak edota urarekin zerikusia duten elementuak irudikatzea.

 

Marrazki koloretsuak lantzen dituzu bereziki…

Izan ditut garai ilunagoak. Asko gustatzen zait kolorea eta nahiko barrokoa naiz: marrazkiak kolorez bete eta bete zalea. Norberaren estiloa aurkitu arte bila aritu ohi gara ilustratzaileak. Bolada batean hasierako bidetik atera arren, berriz ere abiapuntura itzultzen gara asko. Egin beharrekoa norberari atera behar zaio eta nik uste fidela izan behar dela bakoitzaren buru eta estiloarekin.

 

Zein lan duzu esku artean uneotan?

Oraintxe Galtzagorri elkartean berdintasunari buruzko aretoa lantzen ari naiz. Oso lan polita da niretzat: marraztu baino, esku-lanak egiten ditut, objektuak nahiz espazioak sortuz. Ume baten moduan sentitzen naiz, jolasean. Lanean tope arituagatik, izugarri disfrutatzen dut halako lanak egiten. Orain artean, poesiari, beldurrezko literaturari, ipuin tradizionalei edota fabulei buruzko aretoak sortu ditugu. Liburuak apal batean eta azalpenak ematen begiraleak jarri beharrean, joko antzeko bat egiten dugu eszenografiaren bidez, altxorra beti liburua izaten delarik. Lan egiteko beste modu bat da aretoak sortzea; mahai gainean marrazterakoan txikian bezala, handian pentsatu beharrekoa.

 

Zer nolako erantzun du egun ilustratzailearen lanak?

Oraindik ez da oso ondo ulertzen zein den ilustratzailearen lana. Gure lana ez da liburu bat apaintzea bakarrik, ilustratzailearen irudiek ipuinaz kanpo, barrutik beste zerbait eskaini behar dute. Oro har, ilustratzailea marrazki polita egiten dituena dela pentsatzen jarraitzen dugu oraindik. Hemendik kanpo ilustratzailearen lana hobeto ulertzen dela uste dut eta gehiago baloratzen dela gainera.

Krisia tartean, arazo asko izan da eta argitaletxe asko desagertu da. Orain, argitaletxe berriak zabaltzen hasi dira berriz eta ilustratzailearen irudia indartzen ari da pixkanaka. Poliki-poliki ari gara pausoak ematen. Ilustratzailearen lana ez da umeentzat bakarrik, gure lana askotan umeekin erlazionatu arren, pertsona helduei ere gustatzen zaie marrazkiak ikustea. Irudi bidez istorioak kontatzeko beste modu bat da gurea. Hemen dagoeneko komikia ulertzea lortu bada ere, helduentzako ilustrazioa finkatzea falta dela uste dut. Zergatik ez egin helduentzako albumak?

Marrazioak ekimena sortu arte, Euskal Herrian ez da, Espainian bezala, ilustrazio tailer profesionalik izan. Nik Arte Ederrak ikasi nituenean, esaterako, ez zegoen ilustraziogintzari lotutako ezertxo ere. Ilustratzailearen lana badela eta hemen gaudela esateko oso baliagarria da Marrazioak ekimena.

Nola ikusten duzu euskal ilustratzaileen harrobia?

Oso ilustraile onak daude Euskal Herrian. Oso indartsu dator gazte asko. 70eko hamarkadan garrantzi handia hartu zuten ilustratzaileek gure artean. Garairik indartsuena Ipurbeltzen garaia izan zela esango nuke Antton Olariaga, Jon Zabaleta, Jose Gaston Majarenas edota Tomas Hernandezekin. Euskarari bultzada emateko oso garai garrantzitsua izan zen. Asun Balzola ere maisu handia izan genuen, eragin handia izan zuen gugan. Azken urteotan berriz ere ilustratzaileon lana indartzen ari dela uste dut, garai onean gaudela. Aurrez bidea zabaldu ziguten ilustratzaileei esker, ez gara zerotik hasi.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!