“Elkarri on” kanpaina abiarazi du Atzegi elkarteak Buruntzaldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 23a, 20:04

Adimen urritasuna duten pertsonen aldeko elkarteak argazki edo “selfie” bat egin eta bidaltzeko deia egin die eskualdeko herritarrei.

Elkarri on egiten diete pertsonek, adimen urritasuna izan edo ez. Harreman oro aberatsa izaten da eta Atzegikoen kasuan sinetsita daude hori horrela izaten dela. Kanpaina hori asteartean aurkeztu zuten Lasarte-Orian, bertako eta Andoaingo alkatearekin. Bi udaletxeetan ere Atzegiko kideak lanean izan dira, eta hain zuzen ere esperientzia hori gizarteratu nahi izan zuten bai Barrio Lasarte-Oriako alkateak eta baita Carrere Andoaingo alkateak ere.
Dagoeneko 609 703 706 telefono zenbakira Atzegiko kide batekin ateratako argazkia bidaltzeko kanpaina zabalik da. 

Ohiko sare sozialen bitartez ere argazkia bidal daiteke. Atzegik aurtengo kanpainan pertsona hauek gizartean duten paperari buruz hausnarketa berria gizarteratu nahi du, “adimen urritasuna duten pertsonak zerbitzu-hartzaile edo gure laguntza edo elkartasuna jaso nahi dutenen modura ikusten ditugu beti. Gogoratzen al gara noizbait gizarteari eskaintzen dioten guztiaz, ematen dizkiguten baloreez?”. Hausnarketa horretatik dator aurtengo kanpainarako lelo nagusia, “Elkarri on” delakoa. Gaur da eguna, esaterako, lan munduan txertatzen ari direla, eta kasu gehienetan esperientzia oso positiboa izaten ari da. 

Alex Tetuan Atzegi elkarteko kideak hasiera eman zion eskualde mailako agerraldiari, Lasarte-Oriako udaletxeko arkupeetan egin zuten prentsaurrekoan, “Elkarri on kanpainarekin bi ideia nagusi gizarteratu nahi ditugu. Batetik, elkarrekin denok askoz hobe gaudela. Horrez gain, on adiera hainbat tresna pizteko erabiltzen dugu. Bada, beste modu batera ere gizartea martxan jarri nahi dugula adierazten ari gara. Horregatik aurtengo kanpainan herritarrei euren eskuko telefonoekin argazkiak edo selfieak egitea eskatuko diegu. Bide batez, argazkiarekin batera, herritar bakoitzak gure seme alabekin bere esperientzia konta dezala. Lerro horien bitartez eurei zein balore positibo eskaintzen dien konta dezatela”.  Adierazpen horiek egin eta gero, Andoaingo alkate Ana Carrereri hitz egiteko aukera eskaini zion. Udaletxean azken urteetan Atzegiko kide Aihotz Albisu Lasa urnietarra Andoaingo udaletxean ari da, administrazio lanetan.
Andoaingo alkateak poza agertu zuen ekimenarekin, “udaletxean lanean dugu Aihotz eta oso esperientzia polita eta ona izaten ari da. Bere kasuan profesionala da, langilea da. Hau ez da Udalak egiten dion mesede bat. Berak bere lana egiten du, eta oso ondo gainera. Alaia da gainera!”. Udaletxean hainbat urtez ari da lanean eta alkateak adierazi zuenez, Udal mailan egiten duten balorazioa oso ona da, “Udal lansail guztiekin harremana du, eta bertako bat gehiago da guretzat”. Integrazioaren adibide argi bat da Aihotzena.
Pablo Barrio Lasarte-Oriako alkateak antzeko esperientziaren berri eman zuen, “gure kasua ere Andoaingoaren oso antzekoa da”. Jon Roncero herrikidea lanean izan zuten udaletxean, “egunerokoan liskar txikiak sortzen dira eta nire esperientziagatik langile hauek giroa gozatzea eta lasaitzea lortzen dute”.

Kanpainarekin bat egiteko:
609 703 706  / www.atzegi.org

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!