Gotzon Huizi, aktore lanetan "Lasa eta Zabala" filman

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 21a, 14:24

Gotzon Huizik Lasa eta Zabala filmean parte hartu du, apaizaren papera antzeztuz. Beste hainbat pelikuletan ere ikus daiteke figurante gisa. Ez da antzezlea, baina jendaurreko musikaria denez (atabalaria, abeslaria...) plaza gizonaren dohainak baliagarri izan zaizkio kamera aurrean mugitzeko.

Filma asteburu honetan Basteron.

Elkarrizketa:

Zein izan da zure papera Lasa eta Zabala filmean?
Gotzon Huizi: Apaizarena egin dut, hilerriko gertakizun famatu hartako eszenatan. Bi egun pasa genituen errodajean, baina gero segundu batzuetan baizik ez naiz ateratzen. Horixe da figurantearen patua.

Ezagun egin zara, komunikabideetan makina bat alditan atera zaituzte...
G.H.: Bai, harrigarria da prentsak daukan indarra, edo behintzat filma honek prentsari eragin dion interesa. Edo morboa! Orain, lagun batzuk, kalean, “iepa, apaiza!” esanez agurtzen naute txantxetan. Errodajean bertan, batzuk sinetsita zeuden ni benetako apaiza nintzela..., Hura grabatzen ginela, zuzendariak prentsa gonbidatu zuen, filmaren promoziori begira. ETB, Antena 3 eta Tele5 telebista kateak, eta euskal kazetariak nahiz Madrilgo prentsa eskuindarra ere agertu ziren. Denak Tolosako hilerrira eraman zituzten. Han, eta ohartu gabe, makina bat argazki eta iruditan protagonismoa hartzea egokitu zitzaidan.

Pasadizoak izango dituzu kontatzeko...
G.H.: Makina bat! Hainbeste pertsona, hainbeste kamera, hainbeste plano... Mundu bat da film baten errodajea, mila detaile daude lotu behar direnak. Bat aipatuko dizut. Aurreneko eszenan, bi hilkutxak hilerrian atzekoz aurre sartzen hasi ziren. Nik txikitatik aitarekin ikasia neukan, kristau errituari jarraituz, hildakoa hankak aurretik dituela sartu behar izaten dela elizan edo hilerrian, eta baita atera ere! Horrenbestez, filmako lan taldea akats horretaz ohartarazi nuen. Berehala zuzendu zuten; gainerakoan, betirako gazapo barregarri horietako batekin geratuko zen filma.

Ikusi al duzu filma? Zer iruditu zaizu?
G.H.: Ezin izan nuen ikusi Donostian. Jende ugari ateratzen ari da zinemetatik pelikula ona ikusi izanaren sentsazioarekin. Nire emaztea horien artean; begiak ixtea eragin zioten Intxaurrondoko eszena latzak salbu, dena gustatu zitzaion. Basteron ikusteko irrikatan nago.
Tolosako bi egun horietan oso errodaje-talde serioa aurkitu nuen. Pablo Malo zuzendariak nahikoa adierazi du: ez duela zintzoen eta gaiztoen pelikula manikeo bat egin nahi izan, errealitean gertatu zen biolentzia guztiaren %30 besterik ez duela kontatu, eta, gertakizun izugarri bat ahalik eta objektibotasunik handienarekin kontatu nahi izan duela.
Bi datu esanguratsu aipatuko nituzke, Malorengan konfidantza edukitzeko: bata, Intxaurrondoko bi guardia zibil gaztek pelikularekin kolaboratu izana; eta bestea, alderdi politikoek filma modu zitalean kritikatu ez izana, terrorismoaren edo abertzaletasunaren apologia dela salatuz.
 
Ikuslea, nahitaez, zinemara aurreiritziekin doala esan da...
G.H.: Jakina hala izango dela. Ezinbestekoa da osagai politikoa igartzea. Orain sei bat urte, ezinezkoa zatekeen horrelako pelikula bat. Baina gure herriko historiaren zati bat kontatzen du; ehunka heriotza izan da azken urteetan, eta Lasa eta Zabalarena bi gehiago dira. Gertakizun hori ere jakin, gureganatu eta zabaldu egin behar dugu. Nik uste euskal gizartea prestatuta dagoela halako historiak ikusteko pantailan, eta hala izan dadin eskatzen ari da.
Izan ere, elkarbizitzarako premiazkoa da geure historia onartzea. Azken hamarkadatan nork bere munduan egin duena aitortzea egokitzen zaigu. Beste kontua da politikoek zer esaten edo egiten duten, horiek beren logika baitaukate.
Zein beste pelikulatan hartu duzu parte?
G.H.: Azkenekoa, Zinemaldian oso kritika onak jaso dituena: Loreak. Bestela, Gernika bajo las armas eta Amaren eskuak. Horiez gain, telesailak aipatuko nituzke: Oscar Terolekin sei esketx, Tele 5k Juan Carlos monarkaren inguruan egindako seriea,  Bi eta Bat telesaila...
 
Nola sartu zinen mundu horretan?
G.H.: Txiripaz! Orain hiru urte langabezian geratu nintzen eta casting agentzia batean izena eman nuen. Argazki album batean sartzen dute zure irudia, eta ondoren pelikula zehatz baterako behar duten profilaren arabera, deitzen zaituzte ala ez. Nire kasuan, berehala jaso nuen gonbitea, Gernikako 36ko pelikulan parte hartzeko.
 
Zer behar da figurantea izateko?
G.H.: Denbora eduki behar da, eta pazientzia, hasteko eta behin. Argi eduki behar baituzu bizpahiru segunduko eszena bat grabatzeko, igual egun oso bat beharko duzula egon mahai batean eserita. Eta deskuidatzen bazara, ezertarako ere ez! Amaren eskuak filmean zera gertatu zitzaidan, esaterako: bi ordu pasa nituen eszenatxo bat grabatzen; taberna batean sartu, txanponak aldatu eta zigarro paketea hartu makinatik, horixe zen egin behar nuena. Bada, gero azken muntaian kendu egin zuten.
Eta batez ere, honako printzipioa ez duzu ahaztu behar: ez zarela aktorea! Figurante gisa zenbat eta gehiago agertu irudietan, orduan eta lan gutxiago etorkizunean. Izan ere, zure irudia erreta geratzen baita esaldi bat esan orduko.  

Gaztetan antzerkia egindakoa al zara?
G.H.: Umetan, ikastolarekin gauza txikiren bat bai, Iparragirre zineman. Baina bestela, antzeztea ez da izan nirea! Bizitzan, gauzak bidera atera egiten zaizkizu, ordea. Hori bai, oso gustura aritzen naiz pelikulen errodajeetan. Azaroan, ikastaro bati ekingo diot, kamera aurrean mugitzen ikasteko, eta bikoizketa lantzeko.
 
Baina plaza gizona bazara, musikari esker...
G.H.: Beno, egia esan, abeslari gisa musika talde ezberdinetan ibilitakoa naiz, eta atabalari gisa ere kalean asko mugitzen naiz. Jendeaurrean aritzearen aritzeaz, lotsagabe bihurtzen zara pixka bat.

Zein taldetan jardun zenuen?
G.H.: Kazkabarra folk taldean lau urte egin nituen bi disketan parte hartuz; ahotsa eta perkutsioa ziren nire ardurak. Hortik, Martin (Aginagalde) trikitilariarekin eta Ixiar Zamorarekin talde osatu genuen herrietako jaien dantzaldietarako. Erreta amaitu nuen latza delako festaz festa eta ezkontzaz ezkontza ibiltzea. Dena utzi nuen.

Atabalaria zara Andoaingo txistularien bandan...
G.H.: Lasarten ere banda osatzekotan gabiltza... Andoaingoan, Felix Martinez de Lezea eta biok gara atabalariak. Garai batean, gertu edukitzen nituen aita (Joxe Mari) txistularia eta osaba (Pio) atabalaria, eta haiengandik asko ikasi nuen. Nolanahi ere, Martinez de Lezea maisu handi bat da niretzat; pribilegioa bat da bera ondoan edukitzea. Izugarri lagundu dit beti.

Txistuaren ondoan dagoen beste instrumentua da atabala...
G.H.: Oraintsu iloba hasi da atabala ikasten. Baina bestela, oso eskas dabil atabalariekin Andoain! Ez dakit zergatik den hori. Musika eskoletan perkutsioa bai, baina atabala ez da erakusten. Makilak hartzeko eta soinua jotzeko modu ezberdina eskatzen du atabalak. Ondo erreparatzen badugu, agudo ohartzen gara dantza talde gehienek, txistularia bai baina atabalaririk ez dutela. Lasarten edo Andoainen ospatu ohi diren haur txikien euskal jaialdietan, atabala hartu eta kalera ateratzen naiz; atabalaririk gabeko dantza taldea igarri orduko, harekin integratzen naiz...

Gutxietsia dagoela atabala uste duzu, beraz....
G.H.: Ez dugu baloratzen atabalaren funtzioa euskal folkorean. Asko betetzen du dantza batean, erritmoa eramaten du. Atabalariak dantzariari erraparatu behar dio; hark markatzen dion erritmoa bereganatu, eta txistulariari agintzen dio.



AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!