2013tik profesionaletan zabiltz Euskadi Fundazioarekin. Zer moduzko esperientzia izan da?
Mikel Iturria. Esperientzia oso ona izan da. Izan ere, txikitatik izan dudan ametsa da profesionaletan aritzea, eta zorionez, bi urtez aritu naiz goi mailako txirrindularitzan.
Zer moduz sentitu zara taldean?
M.I. Aldaketa handia izan zen afizionatutik profesionaletara pasatzea, baina gustura ematen duzun pausoa denez, gogor egiten diozu zure buruari eta, nire kasuan behintzat, ez nuen uste horren erraz moldatuko nintzenik. Aldaketa handia da; kilometro gehiago lasterketetan, lan gehiago, erritmo biziagoa, txirrindularien maila altuagoa da…
Dezenteko aldaketa da, baina oso ondo moldatu nintzen eta gustura sentitu naiz taldean.
Zure ametsa bete zenuen. Orain, ordea, taldea desagertzera doa…
M.I. Euskaltel izatetik, Euskadi Fundazioa izatera igaro zen eta, tamalez, bere bidea amaitu dela ematen du. Ez dirudi aurrerantzean zerbait aterako denik…
Pertsonalki nola bizi duzu taldearen desagerpena?
M.I. Faktore askok eragiten dute, batez ere, krisiak. Dirurik ez dago eta taldea ez dago momentu onenean. Beraz, onartzea besterik ez zaigu geratzen. Pena handia ematen du.
Beraz, zure aukera afizionatuetara itzultzea edo atzerriko talderen batekin profesionaletan jarraitzea dira, ezta?
M.I. Bai, nire helburua profesionaletan jarraitzea da, baina kanpoan begiratzen ibili naiz eta zaila dago kontua. Atzerriko taldeekin zerbait adosten saiatu naiz, baina oraingoz denek ezetz esan didate. Oraindik begiratzen jarraituko dut, baina zorterik izaten ez badut, azken aukera bezala afizionatuetara itzuliko naiz. Urtebete afizionatu mailan egingo dut.
Beraz, atzerriko taldeekin aukerarik ez baduzu, urtebete horren ostean utzi egingo al duzu?
M.I. Azkar da oraindik hori esateko, baina ziurrenik bai. Profesionaletarako aukerarik ezean, afizionatuetan urtebete egingo nuke, baina bizikletaren munduari agur esateko modu bat izango litzateke. Hurrengo urtean egoera berean banago, ikasketei ekingo diet.
Zein asmo duzu, beraz, etorkizunerako?
M.I. IVEF ikastea gustatuko litzaidake, kirolen mundua gustuko dudalako. Txirrindularitzak egoera berdinean jarraitzen badu, hurrengo urtean jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzien fakultatera joatekotan nago. Agian, etorkizun batean berriro ere txirrindularitzaren mundura itzuliko naiz; entrenatzaile bezala edo…, auskalo.