Aurtengo Zinemaldiaren erakusketa egiteko hautatu zintuzten. Zer moduzkoa izan da esperientzia?
Jon Jauregi. Oso ona! Nahiz eta ekitaldi xume bat izan den, Zinemaldiak eskaintzen dituen ekitaldi ezberdinen artean egotea garrantzitsua izan da, dudarik gabe. Gainera, Zinemaldiak oihartzun izugarria du bai hemen eta baita atzerrian ere; beraz, bere hedabideen ikusgarritasuna jarri du nire eskura eta egiten dudana jendeari helarazteko modu bikaina izan da.
Zinea modu ezberdinetan irudikatu daiteke, baina zuk aktore eta zuzendarien erretratuak egin dituzu. Zergatik?
J.J. Bestela ere, gehienbat, erretratuak margotzen ditudalako. Hala ere, esango nuke Zinemaldiak beti izan duela mitomania puntu hori, eta zineak, orokorrean, beti izan du mitoak sortzeko erraztasun berezi bat. Izan ere, zineman ez dira garrantzitsuak pelikulak soilik, pertsonaiek ere (aktoreek, zuzendariek etab.) badute bere pisu eta erakargarritasuna ikuslegoarentzat. Mitoek eta ikusleen ametsek bat egiten dute zinearen baitan, eta zentzu horretan, oso ondo enkajatu dute nire koadroek erakusketa honetan.
Jim Jarmusch, David Bowie, Woody Allen... Zeren arabera aukeratu dituzu?
J.J. Denetik egon da. Batzuk eginak nituen, beste batzuk, ordea, aurtengo ekitaldiari oso loturikoak izan dira: Denzel Washington eta Benicio del Tororenak sarituak izan direlako, Alex Angulo eta Nestor Basterretxearenak aurten omenaldia egiten zitzaielako... Baina, batez ere, begiradan bilatzen dut erretratu bat egiteko motibazioa, eta aktoreen artean oso erraza da begirada indartsuak aurkitzea.
Guztira 14 artelan egin dituzu. Zenbat denbora suposatzen du horrek?
J.J. Ez nuke jakingo zehazki denbora neurtzen. Baina azken hiru asteetan ordu asko egin ditut margotzen. Erronka handia izan da, izan ere, lan gehienak hiru astetan eginikoak dira eta gehiegi pentsatu gabe margotu behar izan ditut. Dena den, horrek lanei freskotasun berezi bat ematen die. Konturatu naiz, askotan, intuizioaren askatasunak gidatuta, garbiago heltzen zarela irudikatu nahi duzun pertsonaren benetako izaera islatzera.
Zer esan dizu jendeak? Nola sentitu zara?
J.J. Orain arteko kritikak oso onak izan dira. Nire lanak ezagutzen zituztenek, ordenagailu edo sakelekoaren pantailan ikusita zeuzkaten soilik, eta koadroak aurrez aurre ikustea izugarri gustatu zaie. Gainera, tamaina handikoak dira gehienak, eta jendeari harridura puntu bat sortzen diete. Gertutik, gainera, testura ñabardurak ikusi daitezke, eta horrek erakargarritasuna ematen dio obrari.
Erakusketa honen bidez, zure izena nazioartean ezagutzera emateko aukera izan duzu. Hori zuretzat garrantzitsua izango da, ezta?
J.J. Dudarik gabe. Ez dakit ziurtasunez oraindik zein izan den benetako oihartzuna, baina gutxitan izango dut tamaina honetako ekitaldi batean muturra sartzeko aukera.
Noiz hasi zinen margotzen? Nolatan?
J.J. Txikitatik izan dudan afizioa da. Gaztaroan musika munduan sartu nintzen buru-belarri eta alde batera utzi nuen, nire alabak margotzen hasi ziren arte. Beraiek margotzen ikusteak lokartuta nuen sena berriro piztu zidan, eta ordutik, orain dela urte eta erdi ingurutik, ezin gelditu nabil margo artean.
Zein da zure estiloa?
J.J. Ezin dut nire burua definitu, baina momentuz nahiko figuratiboa da nire estiloa. Erretratuak egiten oso gustura sentitzen naiz. Egiten ditut noizbehinka abstrakziorako saiakerak, baina bide luzea dut aurretik egiteke nire estilo propioa eraikitzeko. Badago zerbait, baina muturrera eraman behar ditut gauzak estilo propio hori neureganatzeko.
Zer da pinturaren bidez bilatzen duzuna? Zergatik margotzen duzu?
J.J. Haurtzaroan nork ez ditu margoak esku artean eduki? Nire kasuan, margotzen nuen bitartean, beste dimentsio batera egiten nuen bidaia. Mundu berri magiko bat eraikitzea ahalbidetzen zidaten margoek. Ez-denbora eta ez-leku den mundu magiko bat. Gaur, sentsazio berbera berreskuratzea dut helburu. Leku misteriotsu horretara bidaiatzen dut margotzen dudanean.
Zein proiektu aurreikusten dituzu etorkizunerako?
J.J. Ezer garbirik ez. Margotzen jarraituko dut; ikasten jarraitu nahi dut. Gero eta denbora gehiago emango dut bide berriak irekitzeko eta, agian, denborarekin, lortuko dut estilo propioago bat. Orduan saiatuko naiz muturra plaza garrantzitsuagotan sartzen…
Momentuz, bideaz, prozesuaz gozatu nahi dut; ez da eta gutxi!