Garabide elkartearekin hitzarmena

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 16a, 19:51

Andoaingo Udalak hitzarmena sinatu du Garabiderekin, garapen bidean dauden herrietako hizkuntzen normalizazioan laguntzeko. Elkartearen lana hizkuntza gutxituekiko eragileekin proiektuak hitzartu eta aurrera eramatea da, eta horretan lagunduko dio Udalak.

 Zehazki, Mexikoko Nauat herriaren eta Euskal Herriaren arteko esperientzia trukean oinarrituko da aipatu hitzarmena.
Ana Carrereren ustez, herrien arteko kooperazioa ezinbestekoa da mundu justuago eta parekatuago bat lortzeko bidean. Honenbestez, truke hori gauzatu nahi du, Euskal Herriko esperientzia, ezagutza eta balioak garapen bidean dauden herrietara eramanaz eta han jasotakoa, berriz, hona ekarriz.
Hiru helburu nagusi ditu hitzarmenak. Batetik, hizkuntza komunitate minorizatuekin lankidetza bideratzea, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientzien trukean oinarrituta. Bestetik, eragile horiekin lankidetza proiektuak garatzea, hizkuntzaren, kulturaren, nortasunaren eta, batez ere, hezkuntzaren alorrean indar berezia jarriz. Azkenik, euskararen eta euskal kulturaren garapenean lanean ari diren erakundeek hegoaldeko hizkuntza komunitate minorizatuekiko lankidetzarako beren esperientzia eskain dezaten sustatzea nahi da.
Hori guztia lortzeko, Udalak 14.100 euro eskainiko dizkio urtebeteko epean. Trukean, Mondragon Unibertsitateak eskaintzen duen Aditu tituluaren bidez, ikasleek udazkenean egiten duten egonaldia baliatuz, andoaindarrengan hizkuntza minorizatuekiko  sentsibilitatea pizteko Udalarekin adostutako ekimenean parte hartzeko konpromisoa hartzen du Garabidek.
Garabide kooperazio era berria egiten duen elkartea da, esperientzien elkarbanaketan oinarrituriko lankidetza hain zuzen.
www.garabide.eus
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!