Pausoka eguna, jendetsua

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 16a, 19:50

Aparretan daude Pausoka elkarteko kideak, Sanmieletan txosna eremuan jasotako erantzuna paregabea izan zen. Eta, gutxira, Hernanin lehen Pausoka eguna ospatu zuten.

Une gozoa bizi dute, eta gauzak ondo ateratzen direnean bigarren mailan geratzen da atzeko lan isil guzti hori. Izan ere, borondatezko lana egin zutenak askotxo izan ziren horrelako egunpasa antolatzeko. Pausoka elkartekoak hunkituta daude eta hedabideetara esker ona igorri dute: “Eskertuta eta hunkituta gaude. Hernaniko Udalak eta gainerako erakundeak, ikuskizunetan eta tailerretan parte hartu dutenak, bazkarirako elikagaiak eman dizkiguten enpresak eta lan eta lan aritu ziren gertuko pertsonak..., horiei guztiei gure eskerrik beroena”.
Parte hartze handia izan zen egun osoan zehar eta horri esker Pausokak helburu bikoitza bete duela diote. Lehena, elkartea indartzeko dirua biltzea. Eta horri lotuta, elkartea bera ezagutzera ematea.
Antolatzaileek emandako datuen arabera, Porrotx eta Ane Pirata ikuskizunaren 1.100 sarrera saldu ziren eta paella jaterako 560 txartel. Lauroba taldearen kontzertua iristerako Atsegindegi plaza jendez gainezka zegoen.
Elkarteak adierazi duenez, egun osoko balorazioa egin eta gero, bildutako diruaren berri emango dute eta baita zertara bideratuko duten Pausoka egunean jasotako diru guztia.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!