Xabier Lasa
Lana gogotik egin dute, beste behin ere. Ekitaldiz beteriko bost eguneko programa osatuz, eta ahalegin ekonomikoa eginez. Karpa jartzearen erabakiarekin ere asmatu dutela esan behar da, nahiz eta horrek aurrekontua handitzea eragin.
Ez da meritu makala aurrekontuan zulorik ez egitea lortzea. Neurri handi batean oreka ekonomiko hori auzotarren ekarpenei, Udaleko dirulaguntzari eta autofinantzazioari esker lortzen da. Programa erakargarria osatzea lortu dute, gainera, auzotar gehienak eta Urnieta eta eskualdeko herritar asko jai gunera erakartzea lortuz.
Nekazal giroko auzoa da, eta jatorri horri eusten dio batez ere euskal tradizioari lotutako ekitaldiak antolatuz: bertsolaritza, dantza, herri kirolak, trikitixa eta erromeria, sagardo dastaketa...
Batzordeak batez ere herri kiroletan egiten du egundoko ahalegina. Gure-gureak diren kirolak, gure arbasoen baserriko jarduna nahiz aisialdia erakusten dutenak, baina erakunde publikoetatik hasi eta komunikabideekin jarraituz behar bezalako bultzada jasotzen ez dutenak; belaunaldi berrientzat ere ez dira oso gogoko egiten, egia esanda. Euskal Herrian ozta-ozta iraunbizi duten kirolak dira horiek. Arlo horretan, nekez topatuko dugu Euskal Herrian herri kirolak Xoxokak bezainbeste zaintzen dituen auzo edo herririk. Aurtengoa ere ez da salbuespena izan eta kirolari ugari jarri dituzte lehian, ikuskizuna eta emozioa nahi adina eskainiz.
Azpimarragarria ere bada antolatzaile edo kolaboratzaile gisa dabilen gazte taldea. Antolaketan belaunaldi aldaketa ondo baino hobeto joan dela dirudi. Jai batzordeari eta auzokideoi, bejondeizuela!