Hitz horiekin Hernaniko alkate Luis Intxauspek eskualdeko sei udalerriek bi urteetan egindako lana gauzatzear dagoela adierazi zuen. Eskualdeko Udal ordezkarien izenean hitz egin zuen, eta bere hitzei erreparatuta, eskualdeko garapen ekonomikorako agentzia sortzeko gogo bizia dute. Izan ere, Gipuzkoa osoan agentziarik ez duen eskualde bakarra da Buruntzaldekoa.
2012ko maiatzetik hona agentzia sortzeko pausoak eman dituzte. Dagoeneko eskualdean erakunde ezberdinen artean enplegua sustatzeko milioi bat euro erabiltzen dira eta hori agentzia sortzeko nahikoa datu adierazgarria dela diote. “Baliagarria izango litzateke etorkizunera begira proiektu handiagoak prestatzeko ere, inguruko enpresetan berrikuntzak egiteko edota eskualdeko enpresak nazioartekotzen laguntzeko”.
Eskualdeko ekonomia aro berri batean sar daitekeelako, garrantzia handikotzat jo zuten udal ordezkariek eskualdeko garapen agentziaren proposamena aurrera bidean jartzea, “azken urte hauetan elkarrekin lanean aritzeko baldintza egokiak sortzeko ahaleginaren fruitua da aurkezten ari garena. Aurrerabide handiak lortu ditugulako duela bi urte hasitako ibilbidearen ondorioz”. Alkateen agerraldian Lasarteko eta Hernaniko alkateak izan ziren bozeramaileak. Hernaniko alkate Itxauspek gogora ekarri zuenez, agentzia martxan jartzeko protokoloa 2012ko maiatzean sinatu zen eskualdeko udaletxe guztien parte hartzearekin. Bide horretan eskualdeko enplegu plana osatu zen, eta era berean eskualdeko egoera sozioekonomikoaren diagnostikoa egin zen. Mahai sektorialak sortu dira geroztik, besteak beste, enpresa handi eta ertainekin, sindikatuekin eta lanbide heziketako ikastetxeekin. “Helduz eta haziz joan den lana izan da. Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzak kudeatzea eta horrekin batera Udalek eskualdeko enpleguari zuzendutako milioi bat eurotik gorako ekarpena egitea. Datu hauek azpiegitura baten beharra azaltzen dute, gaur egun dagoeneko egiten den lana kudeatzeko eta etorkizunera begira proiektu handiagoak prestatzeko, adibidez, inguruko enpresetan hobekuntzak eta berrikuntzak egiteko, gure baliabideak nazioartekotzeko, etab”. Aurretik maiz adierazi den bezala, Gipuzkoan horrelako agentziarik ez duen eskualde bakarra Buruntzaldekoa dela gogorarazi zuten.
ANDOAINGO KASUA
EAJ-PNVk urriaren 9an egin zuen agerraldian Andoain herriaren egoerari buruz zera adierazi zuen, “nabarmendu behar da agentzia gaur eratuko balitz Andoain kanpoan geldituko litzatekeela Udalak zor handia daukalako”. Adierazpen horren inguruan galdera egin zitzaien eskualdeko alkateei. Ana Carrere Andoaingo alkateak hartu zuen hitza, adierazpen hori gezurtatzeko: “Andoain herriak ezingo luke elkartea sortu baina behin sortuta, parte hartzaile izateko eskaera egin dezake. Unean uneko finantziazio arazoak izateak ez du esan nahi etorkizunean Andoaingo Udala sar ez daitekeenik”. Luis Intxauxpe Hernaniko alkateak erantzuna argibide gehiagorekin osatu zuen, “prozesu honetan Andoaingo egoera aztertu dugu. Abokatu baten aholkularitzapean egitasmoa teknikoki aztertzen gabiltza. Une honetan bizi duen egoera ekonomikoagatik Andoaingo Udalak ezin du parte hartu Udalaz gaindiko beste edozein erakundetan. Estatutuetan irtenbide bat bilatu zaio. Sortzean izatezko kideak izango ginateke Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbilgo udalerriak. Andoain bazkide kolaboratzailea izango litzateke. Egoera ekonomiko hori gainditzen duenean eta legez posible duenean, izatezko bazkide izatera pasako da. Bitartean, garapen agentziak Andoaingo Udalarekin hitzarmen bidez lan egingo luke. Denok argi baitugu sei udalerriok osatzen dugula Buruntzaldea, eta sortzera goazenak sei herriei erantzun behar diola”.