Egun borobila atzo Zizurkilen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 13a, 13:57

Azoka bereziaren XVII. edizioa ospatu zuten atzo Zizurkilen. Eguraldi iragarpenek ez zuten asmatu, eta eguzkia izan zen nagusi goiz osoan zehar. Eguerdirako, jendetza handia bildu zen postuak ikusi eta erosketak egiteko asmoz. Horietako askok, Udalak jartzen duen doako autobusean egin zuen joan etorria. Iriarte etxeko erakusketak ere bisitari asko izan zituen; Zizurkilgo baserrien argazki zaharrak eta herriaren bailara bidezko banaketaren ingurukoa zen aurtengo erakusketa.

Eguarditik aurrera, puzgarriak izan ziren haurren gozagarri eta arratsaldean berriz, pottoken ganean ibiltzeko aukera izan zuten txikiek. Loidi baserriko Anparo Otañok irabazi zuen herriko postu onenari ematen zaion "Baserriko Argia" saria. Arratsaldean, Zizurkilgo erraldoi berriak atera ziren plazara eta haiekin batera ziren Lezo, Ordizia eta Añorgakoak ere. Giro polita sortu zen plaza inguruan. Herritarren artean erabaki zituzten erraldoi berrien izenak; Maurizio eta Bernarda izango dira aurrerantzean.

Argazkiak  / Bideoa

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!