Ortzadar proiektua, Sorabillako Harrera Etxean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 13a, 10:21

Gizarte bazterketa jasateko arriskuan diren gazteen alde ari da lanean aspalditik Caritas elkartea Sorabillako erretoretxean. Irailaren hasieran, auzoko jaietan, “Ate irekiak” eguna antolatu zuten arduradunek, eta bertan garatu den Ortzadar proiektua aurkeztu. Iñigo Lasagabaster hezitzaileak azaldu digu Harrera Etxe horren funtzionamendua.

Zer da Ortzadar egitasmoa?
Iñigo Lasagasbaster: Erretoretxeko belardia txukundu eta erabilgarri uztea izan dugu helburu. Horretarako, etxean bertan bizi diren gazteek egundoko lana egin dute urtean zehar. Izan ere, erabat utzita zegoen lur zati hori; era guztietako hondakinak pilatzen ziren bertan. Elektrizitate eta ur instalakuntza egin, zuhaitzak kimatu, margotze lanak egin, baratzea antolatu... Horretarako, esan behar da oinarrizkoa izan dela Andoainen dauzkagun laguntzaile ezberdinek eskaini diguten laguntza, nork bere arlotik.
Etorkizunean, Ortzadar proiektuari jarraipena emateko erronka bikoitza jarri dugu martxan: batetik, belardia auzotarrentzat eta herritarrentzat irekia dagoela jakinaraztea, eta bestetik etxeko kide guztiak bizilagun horiengana guztiengana irekitzea. Bigarren erronkan jarri nahi dugu indarra, batez ere; izan ere, etxe honetako guztiak ere andoaindarrak baldin bagara, eta hala gara, zergatik ez eduki harremanik naturalenak gainerako andoaindarrekin?

Garrantzi handia eman diozue Ortzadar egitasmoari. Nola baloratzen duzu egindakoa?
I.L.: Harrera Etxekoak ohartzen gara zenbateko balioa daukan bertako gazteak jarduera batean murgildu izana, eta Andoaingo herritarrei zerbait eskaintzeko prestutasuna agertu izana. Izan ere, orain hiruzpalau urte bertako hezitzaileok gogoeta prozesua ireki genuenean, Sorabillako etxean bizi diren gazteak axolagabekerian bizi direla ohartu ginen, ez daukatela motibaziorik, porrotaren sentsazioan bizi direla, autoestima ezarekin... Horrek guztiak, besteak beste, diziplina arazoak ere eragin izan dizkio etxeko martxari.
Jarrera horretan eragin handia dauka, nola ez, bizi dugun krisiak. Izan ere, krisiaren aurretik, gazte horiek lan munduan txertatzeko aukera handiak eduki ohi zituzten lantegietan praktikak egin ostean. Orain, ez lanik, ez praktikarik ezta ikastarorik ez da sortzen horientzat. Gazte emigrante hauentzat gero eta baldintza gogorragoak ipintzen zaizkie.
   
Ate irekiak jardunaldia antolatu zenuten Sorabillako jaietan...
I.L.: Pozik gaude herriko jende dezente etorri zelako. Kolaboratzaileez gain, etxe honen martxa ezagutzeko interesa daukaten hainbat hurbildu zen. Bertako gazteek harro erakutsi zieten hilabeteetan egindako lana, eta hezitzaileok ere aukera eduki genuen Harrera Etxea zer den azaltzeko.

Eta zein da, bada, Harrera Etxearen funtsa?
I.L.: Caritas elkarteak gidatzen du egitasmoa, eta diputazioarekin hitzarmena sintatuta dauka. Gizarte bazterketa jasateko arriskuan dauden 18-25 urte bitarteko gazteak hartzen ditu etxeak. Berdin dio paperak eduki ala ez, nazionala izan ala ez.... Oinarrizko bizi-baldintzak eskaintzen zaizkie (aterpean bizitzeko aukera, baliabide ekonomikoak...), eta hezitzaileok gertutik jarraipen bat egiten diegu, hainbat alderdiri begira: lan formakuntza, harreman sozialak, gabezia afektiboak, ohiturak... Denbora jakin batean (urte eta erdi-bi urtetan) normaltasunez gizarteratu daitezen da azken helburua. Egun, hamar lagun bizi dira Sorabillako erretoretxean; mutilak eta emigranteak dira denak ere.
Ibilbide luzeko egitasmoa da hauxe, eta eskarmentuak esaten digu, gutxi gorabehera, %80ak arrakasta lortu ohi duela.

Jardinaren espazioa ez ezik zuek ere auzora eta herrira ireki nahi duzuela adierazi duzu, etorkizunerako erronka nagusi gisa...
I.L.: Ana Carrere alkateak esan izan digun bezala, gu ere andoaindarrak gara eta halaxe jokatu behar dugu. Autokritika eginez, aitortu behar dugu nahiko itxita bizi izan garela orain arte Sorabillako etxe honetan.
Belardiari dagokionez, nahi duten pertsonen topaleku bilaka daiteke, eta era guztietako ekintzak antolatu bertan. Baina espazio zehatz horretatik urrunago begira jarriz gero, sorabilatarrekin eta andoaindarrekin orain arte eduki ez dugun harremanak eduki nahi genituzke. Orain arte, auzoko elkartearekin eta jai batzordearekin eduki ditugu harremanak. Gure asmoak zein diren jakinarazi diegu; hots, prest gaudela auzoaren bizitzan parte aktiboa izateko; jaien antolaketan parte hartzeko, auzoan konposta komunitarioa irekitzeko eta kudeatzeko, auzoko belardiak eta zuhaitzak zaintzeko... Harrera beroa jaso dugu, eta pozik gaude.

Elkar ezagutzeko kultura falta zaigu guztioi ere, hemen bizi garenoei ez ezik kanpotik datozenei ere bai...
IL.: Hala da. Hemengotarren artean emigrazioaren inguruko aurreiritzi ugari dagoen bezala, mutilak ere ez dira libratzen gaitz horretatik! Pertsona zintzoak dira, baina kale gorrian bizitzera kondenatuta egon dira bolada batean, eta etxe honetara etortzen direnean ere, iraganaren zamarekin bizi behar dute: agindu judizialak heltzen zaizkie, “moro guztiak berdinak zarete” eta hortik aurreragoko komentario iraingarriak entzuten jarraitzen dute...  
Dagoeneko Sorabillako auzotarrena eta taldeetakoa ez ezik, Udalaren, La Salle-Berrozpe ikastetxearen eta herriko hainbat kolaboratzaileen gertutasuna sentitzen dugu, eta horrek aurrera egitera bultzatzen gaitu. Aiurri astekariak egin digun elkarrizketa hau probestuz, gonbidapena luzatu nahi nieke andoaindarrei, hala nahi badute behintzat, gure proiektua ezagutzeko eta guregana hurbiltzeko anima daitezen.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!