Familia baten kaleratzea saihestu dute Andoainen

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 9a, 20:49

Pozik agertu ziren Stop Desahucios - Kaleratzeak Stop plataformako kideak urriaren 2an Udal batzarraldi aretoan eskaini zuten prentsaurrekoan. Izan ere, Gipuzkoan lehenengo aldia da banku batek dazio ordainketa onartzen duela; alegia, bezero batek Popular Vasconia banketxearekin daukan zorra etxebizitza ematearekin kitatu ahal izango du.

Xehetasunak:

Egoera ekonomiko larrian dagoen familia horrek bere etxean jarraitu ahal izango du hiru urtez, 380 euroko errenta ordainduz. Epe hori pasata, etxea banketxearen esku geratuko da. Eta hortik aurrera, gero gerokoak. Gutxienez egungo egoera jasanezina arindu ahal izango dute. Ez da eta gutxiagorako. Gurasoek 720 euroko diru sarrerak zituzten, subsidioak eta Caritasek emandako laguntza batuta. Eta mailegua, aldiz, 900 eurokoa. Ezinezko egoera.
Eta hiru urte barru zer gertatuko da? Etxea ez da familiarena izango, beraz, etxea utzi beharko dute. Bestelako egoeran egongo dira, familiakide bat ordurako jubilatu egingo baita eta horri esker diru sarrera handiagoak izango dituzte.
Banketxeak dazio ordainketa onartzean familia ez da kale gorrian geratu eta unean uneko arazo larri bati irtenbidea aurkitu zaio.
Andoainen lortu duten akordioa aintzindaria omen da Gipuzkoa osoan. Onuraduna hiru kidez osaturiko Andoaingo familia bat da. Gurasoek eta adin nagusiko semeak, gurasoek langabezia agortuta zuten eta ezinezkoa zitzaien maileguari aurre egitea. Ezintasun egoera larri horretan familiak Stop Desahucios plataformarengana jo zuen.
Plataformak bankuaren eta hipotekak kaltetutako familiaren arteko bitartekari lanak egin ditu: “Negoziaketa prozesua gogorra izan da banketxe horrekin, baina azkenean lortu dugu Andoaingo familia baten kaleratzea galeraztea”, adierazi zuen arlo juridikoa jorratzen duen Marcelino Garcia plataformako kideak, “dazio ordainketa aplikatzea erabaki da, hiru urtera arte luza daitekeen alokairu sozialarekin; aldi berean, semeak abalista izateari utzi dio”. Kezka edo beldur bat gutxiago gurasoen semearentzat.
Negoziazioren inguruko xehetasunak eman zituen Garciak: “Banketxeak bide judiziala zabaldu zuen eta horrela jarraituz gero desahuzioa berandu baino lehen iritsiko zen. Bitartean etxebizitza tasatu egin zuen 125.000 eurotan. Familiak zuen zorra, aldiz, 157.000 eurokoa zen. Stop Desahuciosetik negoziatzea eskatu genion. Banketxeko ordezkariei adierazi genien maileguak gehiegizko klausulak zituela, eta epaileren batek arrazoia eman ziezaiekeela. Banketxeak orduan akordio ekonomiko batera iristeko borondatea adierazi zuen, baina horretarako proposatzen zituen kopuruak onartezinak ziren. Proposamen ezberdinak trukatu ondoren, azkenean banketxeak dazio ordainketaren aukera ontzat eman zuen”.
Plataformak poza agertu zuen akordioa sinatu izanagatik. Baina aldi berean, egoeraren xelebrekeria aipatu zuen: “paradoxikoa da zure etxea galdu behar izatea bankuarekin daukazun zorra kitatzeko, eta horrexegatik lasaitasuna eta are gehiago poza sentitu behar izatea”. Gaur gaurkoz familiak hainbat abantaila lortu ditu: ez dute kale gorrian ipiniko, zorra desagertu egin da, semeak abalista izateari utzi dio eta hiru urtez alokairu sozialaren baldintzatan biziko dira. Kontrara, etxebizitza galdu dute.

Kritikak Kutxabanki
Marcelino Garcia plataformako kideak Popular Vasconia banketxearen jarrera azpimarratu zuen, “uneoro errespetua adierazi dio familiari eta bizi duten egoera larriari, eta akordioaren aldeko borondatea erakutsi du”. Guztiz kontrako adibidetzat jo zituen Kutxabank eta Caixabank erakundeena, “erabat kritikagarria da banku bihurtzeko prozesuan dauden bi aurrezki kutxa horien jarrera. Euskadin, egun, kaleratzeen rankinean lehenbizikoak agertzen zaizkigu. Ezin dugu ulertu zertan dabiltzan Kutxabankeko administrazio kontseiluetan parte hartzen duten alderdi politiko eta sindikatuak. Ez dirudi herritarren ordezkariak direnik”.

Gurasoak langabezian, eta semeak soldata kobratzeko arazoekin

Anonimotasuna gorde nahi duen familiaren kasua

Anonimotasuna gorde nahi duen familia horren ezaugarriak azaldu zituen Marcelino Garciak: “50-60 urteren bueltan dabiltza familia horretako gurasoak. Semea, adin nagusikoa da. Esan behar da orain bost bat urte, familiak ez zuela estuasun ekonomikorik bizi. Hirurak zeuden lanean, nominarekin. Laster, ordea, aitaren lantokia itxi egin zuten, ama lanik gabe geratu zen eta semearen lantokiaren egoera ere gaiztotzen joan zen, soldata kobratzeko arazoak edukiz. Denbora aurrera joan ahala, gurasoei zegozkien langabezia-sariak xahutzen joan ziren. Horrela, 2011n banketxearekin maileguaren ordainketa bernegoziatu behar izan zuten, etxeko hipoteka ordaintzen jarraitu ahal izateko. 2036. urtera arte luzatuko zen mailegua, semea abalista izanik”.
2014ra iritsita, miseria egoeratik gertu zeuden. Gurasoek 426 euroko subsidioa eta Caritasen laguntzarekin 720 euro kobratzen zuen hilabetean. Maileguari zegokion kuota 900 eurokoa zen, “egoera jasangaitza egin zitzaion familiari: mailegua ezin ordaindu eta kaleratze prozedura abian jartzeko arrisku bizian. Gauzak horrela, plataformaren bitartekaritzara jo zuen familiak”. Stop Desahucios taldeari esker, kale gorrian geratzea saihestu dute.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!