"Herrian bertan kantatzeak badauka estra puntua"

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 9a, 15:55

Unai Mendizabal zizurkildarra izen handiko bertsolarien alboan aritu da kantuan uda honetan. Antzezpenean ere ederki moldatzen dela erakutsi du beste behin.

Zer moduz sentitu zara sona handiko bertsolarien alboan?

Bertso saio handietan ez dut bertsotan gehiegi gozatzen. Gusturago aritzen naiz saio txikiagoetan, nire neurrikoetan. Baina uda honetan saio handiagoak eskaini dizkidate eta ondo etortzen dira gure burua pixka bat probatzeko. Hala ere, nik beti esaten dut saio horiek ez direla gure neurriko zapata. Izan ere, gu ibiltzen garen mailatik bat-batean halako saio batean parte hartzea jauzi handia baita. Hori, gainera, ez da bertsolaritzan dudan helburua; momentuz behintzat ez dut goi mailara iristeko irrikarik. Maila handiko saioetan urduritasun handia sortzen da eta gu ohituta gauden saioetatik abiadura aldatzen da bereziki. Goi mailako saioek erritmo bizian kantatzera behartzen dute eta bukaera kili-kolo pentsatuta hasi behar izaten da kantuan.

 

Besteak beste, Villabona eta Zizurkilgo plazetan aritu zinen udan…

Ekainean Tolosako Sanjuanetan kantatu nuen aurrena, hango bertso eskolako irakasle naizenez. Gero Villabonarako eskatu zidaten eta Villabonan baiezkoa eman ondoren nola emango nuen ezezkoa herrian?

 

Errespeto gehiago ematen al du herriko plazak?

Saioaren aurretik urduri nengoen, baina behin taulara igotakoan urduritasunak ahaztu egin zitzaizkidan. Hori bai, plazaren handitasunak errespetua eman zidan. Gainera, Villabona eta Zizurkilgo kasuan ezagun eta inguruko jende asko zegoenez, saio ona egin nahi nuen. Maila horretako bertsolariek duten abildadearekin, badakizu saioan zu laguntzera joango direla eta alde horretatik ez nuen zailtasunik izan, euren konplizitatea nabaritu bainuen. Baina esandakoa, abiadurarena izan zen zailtasun nagusia.

Beste era bateko plazak dira, saio garrantzitsuak. Sanjuanetakoak agian ez du hainbeste tradizio, baina Villabonakoak edota Zizurkil Goikoak jende asko erakartzen dute. Zizurkilgo saioa berezia da niretzat, ume nintzenetik urtero-urtero joaten bainaiz. Saio guztietara joaten naiz ondo egin nahiaren betebeharrarekin, baina herrian bertan kantatzeak badauka bere estra puntua.

 

Bertsotan ez ezik, mozorro gauean ere protagonistetako bat izan zinen Zizurkil Goian. Irribarrea baino gehiago sortu zenuen(ten) ‘Zizurkil es muy raro’ saioarekin. Kontaiguzu…

Orain dela lau urte Aita Santuaren inguruko parodia egin genuen, ondoren militarrena eta suhiltzaileena iaz. Aurten ez genuen halako muntaiarik egiteko asmorik, afalostean kosta egiten baita altxatu eta dena prestatzen hastea. Ijitoz mozorrotu arren, emanaldi berezirik ez prestatzea erabaki genuen hasieran, baina kanturen bat egin beharko genuela eta arratsaldean bertan idatzi nuen letra. Bat-bateko ideia izateko, ondo atera zen. Oso polita. Herritarrei zuzendutako festa izaten da, barrura begira egiten dena eta horixe da politena.

 

Kantuan ezagutzen zintugun, baina nondik datorkizu dantzarako halako abildadea?

Herri afarian ardo pixka bat eta ondoren konbinaturen bat hartuta, erraz sartu ginen paperean. Gaua aurrera, ikusi egin behar zen zer nolako ijito koadrila autentikoa osatu genuen. Ikaragarri ondo pasa genuen. Aurreko urteetako mozorroak agian hobeak izango ziren, baina aurtengoak eman digun jokoa ez digute besteek eman. Ijitoaren paperean sartuta pasa genuen parranda osoa: ilea mozteko asto zaharrik ba ote zen edota txatarretarako labadora zaharren bat ba ote zuten herritarrei galdezka. Gainera, tabernara sartzen ginenean, Manolo Escobar edota Camelaren musika jartzen ziguten.

 

Urtero egiten du Joxin Azkue herritarrak jaietako parodiaren bideoa. Aurtengoak ere ikusle mordoa izan du dagoeneko…

Aurreko bideo guztiak Joxinek grabatu baditu ere, gure amak grabatu zuen aurtengo saioa. Gero Joxinek egin du muntaia eta bai, 1500 ikustalditik gora izan du dagoeneko. Harrituta geratu nintzen Donostiako estropadetara joan ginenean, ‘hara, Zizurkilgo ijitoa’ esan zidala ezagutzen ez nuen jendeak…

 

Festak pasa arren, uda eta negu, bertso munduan txertatuta jarraitzen duzu. Zein ekimen duzu orain esku artean?

Harituz bertsozale elkarteko talde eragileko kide naiz eta urte bukaera baino lehen bertso jarrien afaria antolatzekotan gabiltza. Urriaren 10ean, bestalde, Fernando Amezketarraren urteurrenaren harira, beste afari bat izango da.

Bestalde, deitzen didaten lekuetan bertsotan ibiliko naiz. Berriki Alegiko Artolarekin batera Mallabian aritu naiz bertso poteoan. Bizkaian egindako lehen saioa da, gainerakoan hemen inguruan ibiltzen baikara batik bat. Bestela, bertso eskolan astero elkartu ohi gara. Zizurkilen taldea osatzeko kideren batzuk falta dira eta deialdia egin ondoren, berriz ere biltzen hastea espero dut. Ume eta gazteen bertso eskolekin ere martxan hasiko gara laster Tolosan.

Gainean dugu Gipuzkoako txapelketa eta taldea ateratzeko asmoarekin gabiltza Beñat eta Oihana Iguaran, Aritz Mujika eta laurok. Elkarren babesean errazago arituko garelakoan, izena emateko asmoa dugu.

 

Aritz Mujika eta biok bertsotako bikote zarete azken urteotan…

12 urte nituela hasi nintzen Asteasuko bertso eskolan eta ni baino gazteagoa izanagatik, dagoeneko han ari zen Aritz. Hemen inguruko saiorik gehienak elkarrekin egiten ditugu. Beti berdinarekin ibiltzea komeni ez denez, orain bakoitza bere aldetik ere ari gara beste bertsolari batzuekin, baina asko aritzen gara elkarrekin.

 

Harituz elkartetik iaz antolatu zenuten lehen Herriarteko bertso txapelketan Zizurkilera ekarri zenuten txapela!

Zizurkilgo taldeak irabazi genuen. Udan, bertso eskolatik etena eginda buruak herdoil pixka bat hartzen du, baina orduan konfiantzarekin nengoen eta erraz aritu nintzen.  Zizurkilgo taldea Joseba Otaegi, Jon Ormazabal eta hirurok osatu genuen. Herriarteko txapelketaren ideia sortu zenean haiengana jo nuen zuzenean, haiekin hartu nahi bainuen parte. Ederki kosta zitzaidan konbentzitzea, baina biak ere ez ziren damutu baiezkoa esan izanaz. Oso ondo pasa genuen.

 

Bertsoari lotuta, zein asmo duzu etorkizunean?

Gustatu egiten zaidalako ibiltzen naiz bertsotan. Txikitatik bizi izan dut eta gustura ibiltzen naiz saltsa horretan. Edozein kiroletan bezala, ona izan nahi baduzu entrenatu egin behar da eta helburuak goian jarri. Ni nabilen bezala gustura nabil eta bertso saio handietara iristea jomuga izan ez arren, eguneroko lanketan koxka pare bat gora egiteko esperantza badut oraindik. Etorkizunean ez dakit bertsolaria izango ote naizen beti, baina bertsozalea bai. Magisteritzako ikasketak bukatu berri ditut eta Bertsozale Elkartearen eskutik, Azpeitiako ikastola batean bertsolaritza eskolak ematen hasi naiz. Aurrera begira ere inguru horretan jarraitzea gustatuko litzaidake, nire afizioa eta ikasketak uztartzeko aukera ematen didalako.

Zer lioke aitona Serapiok taula gainean ikusiko bazintu?

Umea nintzela, aitonaren magalean jarri eta bera erabat bertsoak abesten aritzen zitzaidan. Bertsoa bukatzean berriz kantatzeko eskatzen omen nion. Oroitzapen politak ditut alde horretatik. Nik sekula ez nuen boligrafo eta paperik hartu bertso bat idazteko, baina txikitatik beti bertsoa aditzeak erraztasuna eman zidan.

Aitona Serapiok Otaño zuen laugarren abizena eta Pello Mariren bertso asko eta asko zekizkien buruz. Bere arreba Jesusa ere bertsozale amorratua da eta ‘hil aurretik ikusi behar haut plazan kantari’ esaten zidan. Gauean berandu izanagatik, hantxe izan zen Villabonako Santiotako saioan eta poz handia eman zidan han ikusteak.

Aitona Serapio poztuko litzateke gaur taula gainean ikusiko banindu. Zizurkil Goiko agurrean aipamena egin nien aitonari, Amaia Agirreri eta Herriarteko txapelketan nirekin batera parte hartu zuten Joseba eta Joni.

Irakasle-ikasle harremana nuen lehen Amaia Agirrerekin eta oso laguna dut orain, estimu handia diot. Sekula irakasteari utziko ez dion laguna da niretzat Amaia.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!