“Zinemagintzaren alorrean, Almodovarren La mala educación filman egin nuen lan lehenengoz”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 9a, 15:32

Joxean Goya Elizondo andoaindarra Bartzelonan bizi da azken urteotan. Filmen anbientatzaile atalean, muntaia atrezzista gisa egiten du lan, sona handiko filmen dekoratu eta girotze lanetan parte hartu duelarik:

Urteak daramatzazu Bartzelonan zinemari lotuta lanean. Azalduko al diguzu zure lanaren berri?

Film bat egiterakoan, zuzendariaren azpian, argazki zuzendaria, zuzendari artistikoa, jantzien arduraduna…, sail ugari izaten da eta sail horietako bakoitzak bere egitura du. Arte zuzendaritzaren baitan egiten du lan muntaiako atrezzistak eta zeregin horretan aritzen naiz ni. Arte zuzendariak, filmaren zuzendariak buruan duen ideia lantzen du, fisikoki forma emanez: dekoratuak, bizi den testuingurua edota erabiltzen dituen tresnak irudikatuz. Arte zuzendariak egiten du aipatu kontzeptuaren diseinu orokorra eta anbientatzaileok lantzen dugu giro hori. Gauza handienetatik, -lanparak, altzariak…-, txikienetara, -poltsak, apaingarriak…-, filma girotzen saiatzen gara. Eraikinen egileek euren egiturak bukatzen dituztenean hasten da gure lantaldea lanean, eraikina girotzeko falta diren elementuak osatzen. Denetarik egin behar izaten dugu: koadro bat sortzetik, existitzen ez den objekturen bat egin arte. Objektuen kopiak ere egiten ditugu noizbehinka, objektu beraren pieza bat baino gehiago behar izaten baitira film batzuetan.

 

Hein batean sortzailearen lana ere bada zuena, beraz?

Sortzailearena baino gehiago artisau lana dela esango nuke. Sortzeko askatasun pixka bat badugu ere, aurrez oso landua dagoen ideia garatu behar izaten baitugu. Orain aste gutxi hasi naiz proiektu berri batean. Aurrez hilabeteak aritu dira ideia guztiak lantzen eta ehundaka argazkirekin, dosier handi batzuk lantzen ari gara.

 

Anbientatzalearen irudia eta langintza ez da ezagunegia gizartean. Zer diozu?

Ez da hain ezaguna, ez. Anbientatzailearen lana oso garrantzitsua den arren, ez du oihartzun handirik. Ameriketara jauzi eginda, Estatu Batuetan esaterako, Oscar sariak banatzen dituztenean, zuzendari artistikoarentzat ez ezik anbientatzailearentzat ere izaten da saria. Espainian Goya sariak banatzen direnean, berriz, zuzendari artistikoarentzat soilik izaten da.

Gure lana ez da askorik ikusten eta alde batetik hobe horrela, orduan eta hobeto egin, gutxiago nabaritzen baita gure parte hartzea. Ez litzateke seinale ona filman gure lana agerian geratzea, hutsuneren bat legokeela esan nahiko bailuke horrek.

 

Produktora jakinen batentzat aritzen al zara lanean?

Gure lanean freelanceak gara gehienak. Produktora askorentzat egin dut lan, txikientzat nahiz handiagoentzat: El deseo, Mediapro… Une honetan Apache produktorarentzat ari banaiz ere, kanpokoentzat ere egin dut lan: Disneyrentzat, esaterako. Hiruzpalau produktora ezberdinetan hartzen dut parte urtean zehar. Proiektu baterako deitzen gaituztenean, beharren araberako taldea sortzen da. Lanean ezagututako pertsonekin harremana mantendu ohi dugu, modu horretan etorkizunerako proiektu berriak sor daitezkeelako. Oso zuzendari artistiko ezberdinentzat egin izan dut lan.

Proiektu konkretu bat aurkezten digutenean, erabaki egin behar izaten dugu sartu edo ez sartu. Proiektu horrek irauten duen bitartean lana ziurtatuta dugun arren, gure lana ez da batere finkoa eta gutxiago zinemagintzak egun bizi duen egoera txarrarekin. Lan kontratuak sinatzean, egunean 12 orduko lanaldirako sinatzen dugu. Batzuetan oporrik hartu gabe denbora luzean aritzen gara lanean, baina ez da batere lan egonkorra.

 

Nolatan hasi zinen langintza bitxi honetan?

Argazkilaritza ikastera Bartzelonara etorrita, estudio txiki bat sortu nuen. Zinemagintzaren mundua batere ezagutu gabe, Antxon Gómez arte zuzendari donostiarrarekin iragarki bat egiteko aukera sortu zitzaidan. Lan haren ondotik jende asko ezagutu nuen eta ondo joan zait geroztik. Zinemagintzaren alorrean, Pedro Almodovarren ‘La mala educación’ filman egin nuen lan lehenengoz.

 

Aipatuko al zenuke parte hartu duzun beste film bereziren bat?

2000. urtean hasita, ia 30 film ezberdinetan hartu dut parte: Besteak beste, ‘Vicky Cristina Barcelona’ edota ‘Biutiful’… Produkzio nazionalak oso aberatsak izan dira niretzat: ‘Blancanieves’, esaterako. Baita ‘Salvador Puig Antich’ bezala, zorte gutxiago izan zuten oso proiektu politak ere. Bestalde, Anacleto komikiaren zinemarako moldaketa ere aipatuko nuke. Uda honetan, Bardeetan grabatu zen azken zatia.

 

Aktore ezagun ugarik egin du lan zure dekoratuetan. Bat edo besteren izenik emango al duzu? Haiekin izandako gertaera bitxiren bat?

George Clooney, Penelope Cruz, Scarlett Johansson, Daniel Brühl, Jose Coronado, Sergi Lopez, Javier Bardem, John Cusack, Eliyah Wood, Sean Peen… Ni errodajearen aurretik eta ondoren lanean aritzen naizenez, ez dut aktoreekin harreman zuzenik izaten: Kaixo eta gero arte, besterik ez.  Hala ere, askotan aktoreak idealizatu egiten ditugula uste dut. Filmetan antzezten dituzten pertsonaien bidez ezagutzen ditugu, baina behin zuzenean ezagututakoan, sorpresa atseginak eta ez oso atseginak hartu izan ditut.

 

Euskal zinemagintzara etorrita, igaro berri den Donostiako 62. Zinemaldian euskal film ugari aurkeztu da. Euskal zinemagintzaren loraldia ere badela aipatu du hainbatek. Gertutik jarraitzen al duzu euskal produkzioa? Zein iritzi duzu?

Ez dut oso gertutik jarraitzen eta gustatuko litzaidakeena baino askoz ere film gutxiago ikusten dut. Egia esan, ez naiz kultur proiektuak bere herrialdearekin lotzearen aldekoa, baina jakinaren gainean nago oso lan onak egiten ari direla Euskal Herrian eta pozten naiz.

 

Pelikuletako dekoratuak osatzen ez ezik, iragarkietarako ere egiten duzu lan. Zein da bi lanen arteko aldea?

Zinemagintzan lanean hasi aurretik iragarki askotan hartu nuen parte, baina geroztik oso gutxitan. Orain, zinemagintzak bizi duen egoera txar honetan, berriz ere berreskuratu egin dut zertxobait langintza hura. Iragarki nazionaletan bezala, kanpoko produkziorako ere parte hartu izan dut, kanporako iragarki asko grabatzen baita Bartzelonan. Lana bera antzekoa izanagatik, kontzeptu aldetik oso ezberdina da zinemarako edo iragarki baterako aritzea. Zineman bere proiektua aurrera ateratzeko lanean aritzen da zuzendaria nahiz lantalde osoa, eta iragarkietan, zuzendariak nahiz lantaldeak bere lana betetzen duten arren, eskaerari erantzun behar zaio, bezeroari. Filman istorio bat kontatzen da eta ekarpen gehiago egiteko aukera izaten dugu. Inplikazio maila handiagoa da eta baita jasotako satisfakzioa ere.

 

Zein lan duzu une honetan esku artean?

‘Lo imposible’ edo ‘El orfanato’ film ezagunak zuzendu zituen Juan Antonio Bayonaren proiektu berrian ari naiz lanean eta otsailera arte arituko naiz bertan. Oso lan polita da, Ingalaterran girotua. Kanpoko irudiak Manchesterren grabatuko badira ere, barruko dekoratuak prestatzen ari gara gu. Industria-nabe batean kokatutako plato batean, etxe, ospitale edota eskola girotzen ari gara eta Ingalaterrako itxura erreala irudikatzeko, Ingalaterratik bertatik ekarri ditugu traste eta elementu asko.

Zinemagintzatik kanpo, 3D proiekzioak lantzen ere ari naiz, tailer batean objektuak sortuz. Horixe da etorkizunak dakarren bidea; ez irudigintzan bakarrik, baita objektuen aldetik ere.

 

Andoaindarra zara izatez, baina Bartzelonan bizi zara azken urteotan. Zein lotura duzu jaioterriarekin? Sarritan etortzen al zara?

Urtean bi alditan Andoainera joaten saiatzen naiz. Gustura joaten naiz bisitan, baina argi daukat nire lekua Bartzelonan dagoela. Euskal Herrira gerturatzen naizenean aspaldiko lagunak agurtu eta haiekin egoten saiatzen naiz.

 

Irudiak ikusteko sena

Uneotan argazkilaritza alde batera utzita badu ere, argazkiaren alderdi estetikoa garatu du urtetan Joxeanek. Argazkilaritzako ezagutzak zinemagintzan lagungarri izan zitzaizkiola aitortu du andoaindarrak, “irudikatzeko gaitasuna lantzen lagundu zidan argazkilaritzak, irudiak ikusteko sena, eta oso baliagarri izan zait”. 1997an Bartzelonara joan zenean bete-betean aritu zen argazkilari lanetan eta erakusketa ugari antolatu zuen. Egun, ordea, ez du denerako denborarik, “zinemagintzan lanean hasi nintzenetik alde batera utzi nuen argazkilaritza. Hala ere, egunen batean, itxi gabe utzitako proiekturen bat berreskuratzeko asmoa badut”, ziurtatu du.

 

Lan egindako filmak

Tomorrowland (2015), The Gunman (2015), Ismael  (2013) Grand Piano (2013), Los últimos días (2013), El cuerpo (2012), Blancanieves (2012), Los Pelayos (2012), El monje (2011), ¿Para qué sirve un oso? (2011), Operación Malaya (2011), Negro Buenos Aires (2010), Agnosia (2010), Blog (2010), Biutiful (2010), Bruc. El desafío (2010), Pablo (2009), Les dues vides d'Andrés Rabadán (2008), Dos manos zurdas y un racimo de ojos manchados de gris (2008), Vicky Cristina Barcelona (2008), Chuecatown (2007), Tuya siempre (2007),  Salvador (Puig Antich) (2006), Películas para no dormir: Cuento de navidad (2005) Frágiles (2005), La mala educación (2004).

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!