Zizurkilgo azoka berezia aurkeztu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 9a, 13:01

Igande honetan ospatuko da Zizurkilgo XVII azoka berezia. Egitaraua, ordea, ez da egun bakarrera mugatuko izan ere, bihar zabalduko baitute Zizurkilgo baserrien argazki zaharren erakusketa. Teodoro Hernandorena kultur taldeko kideek antolatu dute eta bihar arratsaldeko 19:00etan egingo dute irekiera ekitaldia. Igandean, egun osoko azoka egingo dute. Irakurri jarraian:  

Asteburu osoan zehar zabalik izango da erakusketa horretaz gozatzeko aukera. Joxin Azkuek eman zituen azalpenak: “Hernandorena taldeak urte asko daramatza herriko toponimia berreskuratzeko lanetan. Herriak daukan altxorrik garrantzitsuena da toponimia. Herria bailaraka antolatuta zegoen garai batean, baina, frankismo garaian, bailarakako banaketa horrek ofizialtasuna galdu zuen. Guk orain, udaletxearekin lankidetzan, berreskuratu eta berrantolatu egin nahi dugu lehen zen banaketa hura. Historia eta etorkizuna bateratu nahi ditugu. Horrekin lotuta, erakusketa antolatu dugu “Zizurkilgo bailarak, lehengo haberak oraingo zutabeak” izenburupean. Bertan, hiru panel jarriko ditugu bailaren bilakaera laburbiltzeko eta baita herriko 65 baserri eta etxeren argazkiak ere”. Ostiralean, arratsaldeko 19:00etan egingo dute inaugurazio ekitaldia.

 

Azoka eguna

Igandean iritsiko da azoka eguna. Ohi bezala, doako autobus zerbitzua jarriko du udaletxeak, Bulandegiko biribilgunean eta Zubiaurretxo inguruan egingo ditu geldialdiak eta Udaleko kideek, zerbitzu hori erabiltzeko deia egin diete azokara hurbiltzeko asmoa duten guztiei.

 

Berrikuntza

Leire Zubeldia zinegotziak hartu zuen hitza azokaren aurkezpena egiteko: “Gure azokaren mami nagusia bertako baserritar eta artisauak badira ere, berrikuntzaren bat txertatzeko ahalegina egiten dugu urtero. Aurten, Tabakalera gunean ari diren bost artisau gonbidatu ditugu; 3D inprimagailuekin lan egiten dute eta azokara ekarriko dituzte. Nahi duen orok froga egiteko aukera ere izango du, 3Dan eskaneatzeko makina ere ekarriko baitute”.

Teodoro Hernandorena kalean 22 jaki postu egongo dira, horietako bost herriko baserritarrenak. Eguerdian, Baserriko Argia Saria emango zaio herriko posturik onenari. “Urtean zehar egiten duten lan eskertzeko modua da. Nolanahi ere, azokara hurbiltzen diren guztiei dei egiten diegu bertan erosketak egitera. Urtero egiten dute postua jartzeko ahalegina eta urtean zehar ere lan handia egiten dute, hori eskertzeko eta babesa emateko modu egokiena izan daiteke erosketatxoa egitea”, gaineratu du Leirek.

 

Artisauak eta jakiak

Intxaur pilotalekuan berriz 24 artisau, horietako bost herritarrak. Leire Zubeldiak jakinarazi zuenez, pixkanaka goruntz doa artisautzan ari diren herritarren kopurua.

Goizean, 11:00etatik 14:30etara izango da zabalik azoka, eta arratsaldean, 16:30ettik 19:30etara. Tartean, Zimiterioan bazkaltzeko aukera ere izango da. Txartelak dagoeneko salgai daude Iriarte, Atxulondo eta Egarri tabernetan, 20 euroren truke.

 

Haurrak

Haurrek ere izango dute zertaz gozaturik. Eguerdiko 12:00etan hasita, haurrentzat jolasak iznago dira udaletxe aurrean. Arraltsadean berriz, pottoka gainean ibiltzeko aukera izango dute 17:00etatik aurrera eta ondoren, erraldoien topaketa egingo dute.

 

Erraldoiak

Aurten, erraldoi berriak egin dituzte Zizurkilen eta hori ospatzeko, topaketa egingo dute azoka egunean. Añorga, Ordizia, Lezo eta Zizurkilgo erraldoiak izango dira gozagarri, Loatzo musika eskolako ikasleen doinuek lagunduta.

Leire Zubeldiak ez zituen ahaztu nahi izan Azoka berezian lanean aritzen diren bolondresak. “30 pertsona inguru izaten dira eta euren ahalegina eskertu beharrekoa da”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!