Ehungintza ikastaroa Virginia Ameztoyk eskainita

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 9a, 10:49

Udaleko kultura sailak antolatuta, urritik abendura, ehungintza tailerrak eskainiko ditu Virginia Ameztoyk  hiru larunbatetan herrian bertan.

Oihalak eskuz lantzeko teknikak garatzen ditu Virginia Ameztoyk eta prozesu horiek erakutsi nahi ditu Amasa-Villabonako ikastaroan, hiru saiotan zehar. Urriaren 25eko lehen tailerrean serigrafia eta teknika azalduko ditu, “diseinu bat egin eta pantailara nola pasa ikasiko dugu, oihalak estanpatzeko erabiltzen diren tintak ere ezagutuko ditugu. Norberak kamiseta edota poltsez gain, soineko edo txamarrak ekarri nahi baditu, primeran. Modu horretan berak nahi duen diseinua estanpatzeko aukera izango baitu. Saio interesgarria izango da, modu oso sinple eta merkean serigrafia egiteko materiala nola sortu ikasiko baitugu”. Modu errazean erakutsi nahi du Virginiak teknika hori, gero norberak bere kabuz egiteko aukera izan dezan. “Estanpazioak ez du zertan konplexua izan behar, ni modu errazean erakusten saitzen naiz eta ondo funtzionatzen du. Publiko guztiari zabalik dago ikastaroa. Artisautzan interesa dutenentzat ez ezik, interesgarria da moda disenatzaileentzat ere. Eskuz egindako estanpazioak balioa ematen dio norberaren lanari”.

Fieltroarekin lanean
Bigarren eta hirugarren tailerrak fieltroa lantzeko izango dira. Azaroaren 22an Nuno felt teknika ezagutuko dute ikastaroko kideek. “Teknika horren bidez fieltroa egiteko merinozko artilea eta zeta nahasi ondoren, bi fibra ezberdinekin oihal berriak sortzen dira, oso politak. Diseinatzaile batzuek oso lan politak egiten dituzte Nuno felt teknikarekin. Guk fular bana egingo dugu bigarren saioan”. Abenduaren 13ko azken saioan, bestalde, fieltrozko txapela egingo dute parte hartzaileek, “ura eta xaboiarekin lantzen den teknika da, meriznozko artilearekin batera. Azken saio horretan koloretazko txapelak egingo ditugu; txapela tradizionaletik abiatuta, bakoitzak nahi duen diseinu librea egingo duelarik. Emaitza oso polita izaten da”. Tailerren helburua oihalak lantzeko ideia jendeari transmititzea da, “material guztia guk jarriko dugu, baina, lehen saiorako norberak bere arropak eta estanpatu nahi duen diseinuak ekartzea komeni da. Bestalde, egindako prozesuaren nahiz materialaren informazioa eman ohi dut saio bakoitzean, gero bakoitzak segi ahal izateko. Fieltroaren teknika oso polita da, baina badauka bere lana”, azaldu du Virginiak. Bere eskuekin eginiko aukera ezberdinak eramango ditu tailerretara, parte hartzaileak inspira daitezen.

Londonen abiapuntua
Fieltroa ezagutzen bazuen ere, Londonen ezagutu zuen Virginiak Nuno felt teknika, “azoka batean Nuno felt teknikarekin eginiko fularra ikusi nuen eta izugarri gustatu zitzaidan. Diseinatzaile batekin ikastaro batean hartu nuen parte lehenik eta teknika lantzen jarraitu nuen gero. Lagun batzuek Donostian egin behar zuten desfile baterako fantasiaz betetako hiru soineko egin nituen teknika harekin. Oso harrera beroa izan zuten”, azaldu du. Ikertzea eta oihal ezberdinekin ideia ezberdinak garatzea gustatzen zaio. Enkarguz egiten du lan norbanakoentzat, Donostiako Ekain galeriarentzat edota Donostia eta Madrilgo hainbat dendetzat ere bai. Orain Rigara joko du 2014ko Europako Kultur Hiriburuko jardunaldien karietara. “Artista testila nahi zutelako deitu naute eta oso pozik nago. Arte Ederretako irakasleei metodologia erakutsi behar diet, gero umeentzako ikastaroak sortzeko”, argitu du.
Bestalde, ehungintzari lotutako ikastaro ugari eskaini du Virginiak, horietako bat duela lau urte Asteasun, “oso esperientzia polita izan zen”. Azken hiru urteotan, Getariako Balentziaga museoan oihal serigrafia ikastaroak eskaintzen ditu, “oihal mota ezberdinak estanpatzen ditugu: larrua, zeta, belusa edo tertziopeloa… Oso gustura aritzen gara”.

Izen-ematea zabalik
Ehungintza tailerrak 12 urtetik gorako edonori zuzentzen zaizkio. Saioak urriaren 25ean, azaroaren 22an eta abenduaren 13an, larunbatak, goizeko 10:00etatik 13:00etara izango dira. Hiru tailerrak: 60 euro. Bakarka, saio bakoitzak: 20 euro. Izen-ematea: Urriaren 22ra arte, 09:00-12:00 943691655 / kultura@villabona.net. Era berean azaroaren 5etik otsailaren 25era asteazkenetan Aitziber Alonsok bideratuko duen ilustrazio tailerrerako izen-ematea ere zabalik dago data berean.

Subijana eta ehungintza
Ehungintza ikastaroa jaioterrian eskaintzeak poz handia ematen dio Virginiari. Are eta gehiago Villabonak ehungintzarekin izan duen lotura ezagututa, “Subijana etxean oihalak estanpatzen zituzten Europa guztirako, baita Balentziaga diseinatzailearentzat ere. Baditut Subijana etxean Balentziagari egin zizkieten hainbat oihalen argazkiak”.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!