Gurutze gutxiago Ernioko tontorrean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 9a, 10:43

Ernioko erromeriak bereziak izan dira aurten. Tontorraren inguruak itxura ezberdina ageri zuen. Azken urteotan gurutze eta oroigarriz betetzen ari zen inguru hori eta aurten, kentzeko erabakia hartu dute.

Azken urteotan, gurutze eta orogarriz betetzen ari zen Ernioko tontorra. Pili Legarra Asteasuko alkateak eman ditu azalpenak: “Mendi Federazioaren eta mendizaleen kexak iristen ari zitzaizkigun Ernio mendia oroigarri eta gurutzez betetzen ari zela eta. Ernioren magaleko herriak bildu, eta adierazpen bat prestatu genuen iaz Erniozale kultur taldearekin batera. Udal guztiek onartu genuen adierazpen hura, eta baita publiko egin ere. Bertan jasotzen denez, Ernio guztien ondarea da eta ezin da bertan oroigarri partikularrik jarri”.

Hausnarketa
Gregorio Iraola Albizturko alkatea da, eta hark ere hartu du hitza gurutze eta oroigarrien inguruan: “Haunarketa sakona egin genuen gaiaren inguruan. Batetik, hasiera hasieratik garbi utzi nahi izan genuen ez zela inoren aurka bideratutako ekimena; ez pertsona partikularren aurka, ezta inongo sinesmen edo erlijioren aurka ere. Bestetik, argi dago Ernioko tontorra denon hondare dela, eta ez dela zilegi denona den eremu batean oroigarri partikularrak jartzea. Hausnarketaren hirugarren pausoa hauxe izan zen; Ernioko tontorraren inguruan gurutzea edo oroigarria jarri dutenek, ez dute horretarako baimenik eskatu. Hori kontuan hartuz, etorkizunean norbaitek oroigarriren bat jarri nahiko balu, zein argudioren arabera erabaki beharko litzateke baimena eman edo kentzea? Garbi zegoen egoera hori nolabait erregulatu egin behar zela eta hortik etorri zen Ernio inguruko herriek eta Erniozale kultur taldeak sinatutako adierazpena”.

Jabeekin harremanetan
Dagoeneko jarrita dauden oroigarrien jabeekin hitz egiteko konpromezua hartu zuen udal bakoitzak. Hala azaldu du Pili Legarra Asteasuko alkateak: “Sentimentuak tartean daudenez, herri bakoitzari zegozkion oroigarriak identifikatu eta familiartekoak bilera batera deitu genituen. Ekimenaren berri eman genien eta arrazoiak azaldu ondoren, oroigarriak kentzeko eskatu genien. Urtebeteko epea eman genien horretarako”.
Prentsan ere kaleratu zuten gurutze eta orogarriak kentzen joateko deia. “Izan ere, zenbait oroigarri Ernioko inguruko herrietatik kanpo bizi diren familienak dira, eta ezinbestekoa zen haiei ere jakinaraztea. Prentsan albistea kaleratu eta berehala hasi ziren informazioa eskatzeko deiak”, gaineratu du Pilik.

Abuztu amaieran
Urtebeteko epea amaituta, oraindik ere gurutze eta oroigarri asko zegoen Ernioko tontor inguruan. Hala azaldu du Gregorio Iraola, Albizturko alkateak: “Zenbait oroigarri kentzen joan ziren jabeak, baina oraindik ere beste asko ziren kentzeko zeudenak. Duela urtebete sinatu eta onartutako adierazpenak zilegitasun osoa dauka. Norbere sentimenduak adierazteko jarritako oroigarriak dira, baina ezin dituzte gainerako guztiak horretara derrigortu. Adierazpenean hartutako konpromisoaren arabera, abuztu amaieran kendu ziren oraindik Ernion zeuden oroigarriak”.
2000 urte ingurutik aurrera jarritako oroigarriak dira kendutako gehienak. Gregorio Iraolak eman ditu azalpenak: “Azken hamarkadan asko ugarituz joan dira eta Ernioko tontorra kanposantu itxura hartzen ari zen. Oso zilegi da norbere familiartekoak gogoratu nahi izatea, baina Ernioko tontorra ez da oroigarriak jartzeko toki egokia. Herri guztietan ditugu hilerriak eta jende gutxik dakien arren, jabetza publikokoak dira gainera, ez dira elizarenak. Hilerrietan gune zibilak jartzea horrelako sentimentuak adierazi ahal izateko egokia izan daiteke”.

Usadioak errespetatuz
Zazpi gurutze dago orain Ernioko tontorrean, nahiz eta horietako batzuk epe laburren kenduko dituzten. “Garbi esan nahi dut hau ez dela sinismenaren edo erlijioaren aurkako ekimena izan. Ezta Erniorekin lotuta dauden usadio zaharren aurkakoa ere. Horregatik, kalbarioetako gurutzeak bertan utziko dira. Hamarkada luzetako usadioa da kalbarioena, eta gurutze horiek zaindu eta ahalik eta ondoen kontserbatzeko beharra ikusten dugu gainera”, adierazi du Gregorio Iraolak.
Tontorreko gurutze handiaren inguruan galdetuta, hura ere bere tokian geratuko dela argitu du Gregoriok: “Luistarrek auzolanean eraikitako gurutzea da, eta badakigu inaugurazio egunean milaka pertsona bildu zela Ernion. Ernioko usadio eta tradizioari lotuta dago, eta bertan geratuko da”.

Oroigarri bateratua
Abuztuan kendutako banakako oroigarri horien tokia betetzeko, oroigarri bateratua jarria dago dagoeneko Ernion. Pili Legarra Asteasuko alkateak adierazi duenez, “badakigu Ernio oso txoko maitea dela askorentzat, horregatik eta banakako oroigarrien tokia betetze aldera, guztientzako egindako oroigarria jarria dago dagoeneko. Bertso bat jasotzen du eta nahi duen orok izango du han bere sentimenduak azaldu eta bere familiartekoak gogoratzeko aukera”.
Izarraitz mendian dagoen oroigarri bateratuak eman die Erniokoa jartzeko bidea: “Izarraitzen debekatua dago banakako oroigarriak jartzea eta horien tokian, bateratutako bat dago. Norberak bere sentimenduak adierazteko aukera izaten du gune hartan eta urtero, lore eskaintza egiten dute bertan. Erniorako ere egokia izan zitekela iruditu zitzaigun eta dagoeneko jarrita dago. Uztaiak egoten diren tokia eta gurutze handiaren artean dago jarrita, Loidisaletxeren bertsoak jasotzen dituen oroigarria”, azaldu du Gregoriok.



Erreumaren aurkako uztaiak, desagertuta
Ernioko erromerietako bigarren igandean, ez zen erreumaren aurkako uztaien arrastorik. Jende askok fede handia die uztai horiei, eta haien faltak samina sortu zuen. Antza, mendi-txokoren batean izkutatuta utzi zituen norbaitek. “Ernion ibiltzen den artzaina eta inguruko bordatako jendea gogoz saiatu zen uztaiak bilatzen, eta egun gutxiren buruan azaldu ziren eta bere tokira bueltatu zituzten. Bakarra falta da agertzeko. Erromerietako igande bakarrean faltatu ziren, beraz, uztaiak bere tokitik”, azaldu du Albizturko alkateak.



Ernion jartzen diren oroigarrien inguruko adierazpena. 2013-09-24

Aia, Asteasu, Alkiza, Bidegoian, Errezil, Hernialde eta Albizturko Udalek, Erniozale kultur elkartearekin bat eginda, azken urteotan Ernion jarri diren oroigarri partikularren inguruko adierazpena kaleratu zuten 2013ko irailaren 24an. Hona adierazpen horrek jasotzen duena:
“Ernio inguruan kokatzen garen Aia, Asteasu, Alkiza, Bidegoian, Errezil, Hernialde eta Albiztur herrietako ordezkari gisa, gure udaletan onartu den adierazpen baten berri ematera gatoz.
Aurreko zortzi herri eta Erniozale kultur elkarteak adostutako eta orain azalduko dugun erabakia, ez da inoiz eta inola ere pertsonala eta norbanakoen kontrakoa, egoera orokor baten aurrean sortu den adierazpen bat baizik.
Adierazi nahi genuke, saiatu garela lehenengo afektatutako familiekin aurrez aurre hitz egiten, baina hori ez dugu lortu kasu guztietan; izan ere, bertako oroigarriak badute bere izena, baina batzuetan ez dakigu norengana jo, ez dakigu nongoak diren.

Hau dena azaldu ondoren, hauek dira adierazpenaren lerro nagusiak:
  • Ernioko gaina bere osotasunean herri ondare bat dela naturak horrela eskatzen duelako, eta ezin dela pertsonalizatu inongo zatirik.
  • Edozein oroigarri partikular jartzea galeraztea, Ernioko lurren osotasunean.
  • Ernio inguruan gaur egunerarte jarri diren oroigarri eta gurutzeak, kentzeko gonbitea luzatu bere jabeei eta horrela egin dezatela eskatu.
  • Mendizale edo Erniozale diren guztientzat baliogarria izango litzatekeen oroigarri orokor bat jartzea, norbere sentimenduak adierazteko”.


Asteasun, 2013ko irailaren 24 an
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!