“Independentzia lortuta ere aurrera egingo luke Eskoziak”

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 9a, 09:38

Brigit Clunies-Ross eskoziarra da izatez. Andoainen bizi da azken hamabi urteotan eta Euskal Herritik, bere herriari begiratua egin dio azken gertaeren inguruan.

Zein irakurketa egiten duzu irailaren 18ko Eskoziako erreferendumaren inguruan?
Ezezkoa nagusituko zela uste nuen arren, aldea estuagoa izango zelakoan nengoen. Azken txanpan bi alderdiak hain parekatuta ikustean emozio handia sortu zen, baina emaitza ikusitakoan emozio hori bertan behera geratu zen. Bi iritzietako pertsonak ezagutzen ditut; batzuk pozik daude emaitzarekin, besteak tristeago. Erreferenduma atzean geratu bazen ere, aurrerantzean zein bide hartu eztabaidatzen jarraitzen dute Eskozian, politikariek tarte honetan zehar agindutakoa beteko ote duten ikusteko zain daude. Galdera asko dago oraindik.

Nola bizitu zenuen distantziatik erreferendumaren eguna?
Udan zehar Eskozian izan ginen eta bertatik bertara jarraitu genuen debatea orduan. Irailaren 18an, berriz, gauez oraindik komunikabideek emaitza itxiak eskaini ezin zituztenez, Facebook-en bidez jarraitu nituen jendearen iritzi eta esanak. Hemen inguruan zeresan handia sortu du Eskoziako gaiak eta gertutik jarraitu dut komunikabideei esker. Erreferenduma atzean geratuagatik, oraindik ere egunero aztertzen da gaia egunkari nahiz telebistetan.

Penaz geratu al zinen bozkatzeko aukerarik izan ez zenuelako?
Bozkatu ahal izateko bertan bizi behar zenez, ezin izan nuen. Pena eman zidan, bai. Botoa eman ahal izatea gustatuko zitzaidakeen niri ere. Jende askok eman du botoa erreferendumean eta horixe izan da, seguruenik, alderdirik onena: inoizko eskoziar kopururik altuenak hartu duela parte. Proportzioan, eskoziar parlamentuan deboluzioaren erreferenduma egin zutenean baino askoz ere gehiagok. Bada, horixe izan da bide honen lorpenik baikorrena: herritarrek deialdiarekin bat egin eta botoa ematera joatea. Hasieran, kontserbadoreek prozesua bultzatu zutenean, hainbeste denboran, herritarrak aspertu egingo zirela pentsatzen zuten, baina aurkako efektua izan du: baiezkoa indarra hartzen joan da, kontserbadoreei ia bidea ilundu arte. Izan ere hasieran Cameronek alde nabarmenarekin ezezkoa aterako zela uste bazuen ere, ia ezusteko galanta hartu du. Hortxe dago aldea, Cameronek egin duenaren eta Rajoik egin nahi ez duenaren artekoa.

Botoa emateko aukera izan bazenu zeren alde egingo zenukeen zuk? Zergatik?
Baiezkoa bozkatuko nukeen. Hasieran ezezkoaren alde nengoen gehiago, ez kontserbadorea naizelako baina, bai segurola. Hobeto pentsatuta, ordea, independentzia lortuta ere herri bezala aurrera egingo genukeela konturatu nintzen. Familiako kide asko baiezkoaren alde zeuden, baten bat ezezkoaren alde ere bai.
Jendeak urtetan asko hitz egin du Eskozia independente izateko aukeraz. Gai hori behin eta berriz entzuten nuela hazi naiz neroni: nazioa garela eta bakarrik aurrera egin dezakegun ideiarekin, Londonen boterea daukatenek baino hobeto egin dezakegun ustearekin. Bestalde, nazionalista sentimenduak ere badu pisurik, herriarekin harro sentitzeak.

Erreferendumean ezezkoa atera ondoren, zein helburu jarri ditu aurrera begira eskoziar nazionalismoak edo independentismoak?

Esan bezala, hasiera batean, hegoaldeko ingeles alderdiek prozesuan zehar mahai gainean jarri dituzten promesak betetzen ote diren ikusi beharko da. Independentismoak hartu duen indarra ikusita, bestalde, ez dut baztertzen, aurrera begira, berriz ere euren helburua lortzen ahalegintzea. Azken egunotan entzun dudanagatik, politikariak esan zutenetik atzera egin dute eta Eskoziako finantzetatik gehixeago hartuko dutela azaldu, gehiago dutelako. Ezezkoa bozkatu duten hainbat eskoziar boterea edota dirua kentzen ari zaizkietela konturatzen direnean, agian berriz pentsatuko dute euren bozka. Baina urte asko igaroko da hori gertatzerako; agian 20 urte. Cameronek belaunaldi honetako saiakera egina dela esanagatik, eskoziar askok aurrera egiteko asmo irmoa dute.

Euskal Herria eta Katalunia ere euren etorkizuna erabakitzeko pausoak ematen ari dira. Eskoziako kasuarekin parekotasunik ikusten al diezu?
Ez ditut ondo bereizten, esaterako, Euskal Herriko parlamentuak edota Eskoziakoak –orain– dituzten botereak. Baina parekotasunak badaude: beste herri edo nazio bat izan nahi dute biek, independenteak. Erabakitzeko eskubidea nahi dute; bozka emanez eurek nahi duten herria edukitzeko, beste inoren mende egon gabe. Kataluniako prozesua oraintxe bertan Euskal Herrikoa baino aurreratuago dagoela uste dut, baina sentimenduak antzekoak dira batean eta bestean. Agian Euskal Herrian kontserbadore nazionalista gehiago dago: PNVk pausoa eman nahi du, baino oso poliki. EH Bilduk, berriz, pauso azkarragoak eman nahi ditu. Katalunian baino mugimendu gutxiago sumatzen dut hemen. Agian egoera aldatu egingo da, su etenaren ondoren errazagoa baita jendearentzat independentziaren alde dagoela esatea.
Eskozian harritzekoa izan da alderdi kontserbadoreak erreferendumarekin bat egitea. Espainian, esaterako, uko egiten diote aukera horri. Ez dute ikusi ere egin nahi, beldur handia diotelako demokraziari eta badakitelako emaitzak Eskoziakoak baino arriskutsuagoak izan daitezkeela.

Noiz eta nolatan etorri zinen Eskoziatik Andoainera? Gustura bizi al zara bertan?
1997 urtean etorri nintzen lehen aldiz Euskal Herrira. Hiru urtez bizitu nintzen Bergaran eta berriz ere kanpora joanda, 2002an itzuli nintzen bertan geratzeko. 12 urte daramatzat Andoainen bizitzen.
Ikasketak amaitu eta Grezian ingeleseko eskolak ematen aritu ondoren Eskoziara itzuli nintzenean, euskaldunak ezagutu nituen. Euskal Herrira etortzea interesgarria litzatekeela iruditu zitzaidan eta Bergaran ingeleseko eskolak ematen lana atera zitzaidanean, euskara nahiz gaztelaniarik jakin gabe animatu nintzen etortzera. Bergaran urtebete igarota, Donostiara joan nintzen pare bat urtez. Izugarri gustatu zitzaidan eta tarte batean kanpoan bizituagatik, berriz ere Donostiara itzuli nintzen lanera eta Andoain geratu nintzen bizitzen. Tarteka Eskozia faltan botatzen badut ere, oso gustura bizi naiz hemen.

Euskal Herriarekin alderatuta, Eskoziako bizimoduaren zein ezaugarri nabarmenduko zenuke?
Han gure etxeetan bizi gara gehiago, apenas dagoen -hemen bezala- kaleko bizimodurik. Gauez ere, kalean beharrean, lagunen etxeetan bildu ohi gara. Hemen, berriz, gutxitan gonbidatzen dira lagunak etxera. Gainerakoan betikoa: hemen askoz ere berankorragoa da bizimodua. Han arratsaldeko 18:00etarako etxean izaten gara. Oraindik, Eskoziara joaten naizenean harritu egiten nau leku turistikoenak ere 16:30etan ixten dituztela ikusteak. Bestela, janariari ematen zaion garrantzia ere oso ezberdina da han eta hemen. Hona etorri nintzenean harrigarria iruditzen zitzaidan nola hitz egin zitekeen hainbeste denbora janariaz. Eguraldiari dagokionez, hotzagoa da hura. Hemen bezainbeste euri egiten ez badu ere, egun euritsu gehiago dago han, egun gris gehigo. Ilunagoa da. Hori bai, neguan argi gutxi izaten bada ere, udan alderantzizkoa gertatu eta argitasuna nagusitzen da.

Euskara eta gaelikoa, bi hizkuntza gutxitu. Zein egoeratan aurkitzen da gaelikoa egun?
Euskara baino askoz ere gutxiago hitz egiten da. Lehen oso ikastetxe gutxitan erakusten zitzaien umeei eta orain ikastetxe gehiagotan hasi dira bultzatzen. Hiriburu handietan seinaleztapenak gaelikoz ere jartzen hasiak dira eta berrikuntza handia da hori, nik ez bainuen gaztetxotan halakorik ezagutu. Hala ere, oraindik oso zaila da kalean inor gaelikoz hitz egiten entzutea. Neronek gutxitan entzun izan dut bertako jendea gaelikoz hizketan. Polita litzateke pixkanaka, umeen bidez gaelikoa mantentzea, baina tamalez, ez dut uste inoiz euskararen egoera izatera iritsiko duenik. Hemen haur gehienek badakite euskaraz hitz egiten eta oso garrantzitsua da hori hizkuntzaren biziraupenerako.
Ni Glasgow eta Edinburgo arteko Dunblaneri lotutako herrixkakoa naiz. Dunblanek 9000 biztanle inguru ditu eta nire jaioterriak 120 inguru. Hain herri txikietan ere ez dut apenas gaelikorik entzun. Gaelikoa iparralderago erabili izan da gehiago.


Ingeleseko irakasle
Bigarren aldiz ama izan bezperatan elkartu zen Aiurri aldizkaria Brigitekin Andoainen. Orain amatasun lanetan badabil ere, 15 bat urte daramatza ingeleseko irakasle gisa lanean Donostian, “batzuek ingelesa ikasteko nahiagatik gerturatzen dira akademiara, baina gehiengo nagusiak lanerako behar duelako ikasten du edota profesionalki aukera berriak bilatu nahi dituelako. Bestalde, gero eta ume gehiago ekartzen dute gurasoek ingelesa ikastera, etorkizunerako prestatzeko asmoz”. Brigit ere saiatu izan da euskara ikasten, baina oraindik ondo menperatzen ez duela azaldu du, “euskaltegian aritu nintzen urtebetez eta ez zitzaidan ikasteko hizkuntza zaila iruditu, bai ordea ondo hitz egiteko. Euskara soilik hitz egiten duten lekuren batean errazago askatuko nintzateke, baina hemen oraindik ez dut lortu. Hala ere, jendearen jarrera oso ona da; badakite kanpokoa naizela eta lagundu egiten didate”.
Aipua: Espainian beldur handia diote demokraziari eta badakite emaitzak Eskoziakoak baino arriskutsuagoak izan daitezkeela.
AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!