Oria ibaiaren garbiketa Andoainen, larunbat arratsaldean

Erabiltzailearen aurpegia Aiurri 2014ko urr. 8a, 19:28

Eguzki talde ekologistak deituta, ibaiaren garbiketari ekingo diote 15:30tan Allurralden hasita.

Eguzkiren oharra:

Postontzia
Andoaingo Eguzki taldea

“Igaro dira Oria ibaia kutsatuenen zerrendan agertzen zeneko garaia, bukatu ere aparrez gainezka zegoenekoa, aparra ibai inguruko etxeetara iristeraino… Deskribapen edo azalpen horrek beste garai batekoa dirudi, zorionez. Baina horrek ez du esan nahi Orian dena eginda dagoenik, goi mailako ura duenik edo ibaiaren ibilbidean zikinkeriarik ez dagoenik, ez horixe!

Iazko maiatzean garbiketa egin genuenetik aurrerapauso batzuk eman dira Oria

Erdialdeko inguru honetan:

Adunako araztegia martxan jarri da eta bertan Alegitik Andoainerainoko herri gehienetako urak bildu eta arazten dituzte bertan.

Andoaingo ur zikinen zati bat bertara eramaten da.

Ondorioz, uraren kutsadura murriztea eta kalitatea handitzea dena bat izan da, nahiz eta Europako Elkarteko plangintzekiko hamar bat urteko atzerapenarekin iritsi.

Baina, genion bezala, asko dago egiteko oraindik. Egun gure ur zikinen erdia -etxean, lantegietan, kirol instalakuntzak…-  gutxi gora-bera inongo tratamendurik gabe doa ibaira. Hau da, egun Oria eta Leitzaran ibaiak kutsatzen  jarraitzeaz gain Europako Elkartearen arauak ez dira betetzen. Gogoan izan behar baitugu 2005erako ur zikin guztiak araztegira bidali behar genituela. Araudia ez betetze honen arduradunak, nahiz eta denek ez duten ardura maila bera, Eusko Jaurlaritza, Aldundia, Gipuzkoako Ur Partzuergoak eta Udala bera dira azken hamar-hamabost urtetan beharrezko diren inbertsioak ez egiteagatik.

Dena dela, Eguzkitik ardura guztia administrazioaren esku ezin dugula utzi pentsatzen dugu. Izan ere, ibaia nahiz ibai ertzak, txukun eta garbi mantentzeaz denok arduratu behar dugu eta hori sarritan ahaztu egiten zaigu; hor ditugu hainbat asialdirako gune: Olazar, Otita... ez ditugu oso ondo zaintzen , baina bereziki Leitzatango putzuak bezala ezagutzen duguna aipatu nahiko genuke; inguru hori Leitzarango biotopo babestuaren barruan dago eta udan zenbait garaitan itxura lotsagarria edukitzen du han batzen diren paper, plastiko eta bildukiekin.

Denon lanarekin, elkarlanarekin eta bereziki auzolanean egindakoarekin, zenbait arazo puntual konpondu ditzakegula uste dugu. Eta bereziki andoaindarren kontzientzietan eragin nahi genuke.

Hori dela eta beste behin ere, ibai garbiketarako deia egiten diogu herritar orori, urriaren 11n Allurralde kiroldegiaren atarira etor daitezen arratsaldeko 15:30etan ibai garbiketari ekiteko”.

AIURRI hedabideak eskualdeko nortasun hitzak jaso eta zabaltzen ditu. Harpidedun eginda, tokiko albisteak euskaraz lantzen dituen komunikabidea babestuko duzu.
Egin AIURRIkide!