HASSANA ELUALI, SAHARARRAREN ALDEKO MOZIOA
Giza eskubideen defendatzaile eta ekintzaile Sahararra, eta Dajlako Torturaren aurkako batzordeko kide zen Hassana Eluali presoa, Marokoren okupaziopean dagoen Dajlako ospitale militarrean hil da pasa den igandean, 2014ko irailaren 28an. Eluali, lurralde okupatuetako medikuen arduragabekeriak eraman du heriotzera. Hil baino bost egun lehenago, preso sahararraren osasun egoera larriak okerrera egin zuen, diabete eta ultzeraren oinazeek eraginda. Bere preso kideek egindako hainbat protesten ondorioz , Dajlako ospitalerako bidean jarri zuten Eluali.
Hassana Eluali, 2012ko urtarrilaren 5ean atxilotu zuten, eta Aaiungo Carcel Negran espetxeratu zuten, Saharar herriaren aldeko manifestazio baketsu baten ondorengo polizi operazio bortiz baten harira. Gogoratzekoa da, 2011ko irailaren 25ean izan zen manifestazio baketsu hartan, Maichan Mohamed Lamin gazte sahararra kolpeka asesinatu zutela kolono marokiarrek. Gertaera latz haien ondoren, eta jazotakoa ikertzea ukatuz, polizia marokiarrak hainbat ekintzaile saharar atxilotu eta espetxeratu zituen hiru urtetarako kondenekin, tartean zen Hassana Eluali.
Atxiloketaren unean, Dajlako komisaria nagusian, Hassana torturatua izan zen, biluztera behartua kopeak eta tratu iraingarria jasoz.
2014ko uztailean, Dajlako ospitale militarrera eraman behar izan zuten min jasanezinen ondorioz. Espetxean bizi dituzten osasun baldintza kaxkarrek eta medikuen axolagabetasunak Hassana Elualiren heriotza ekarri dute oraingoan. 2013tik gaurdaino zortzi dira, medikuen arduragabetasunak eta tratu txarrek eraildako saharrarak. Ez da inongo ikerketarik ireki kasu hauek argitze aldera.
ERABAKIA
1.- Gogor salatzen dugu Saharar lurraldearen okupazio ilegalaren harira jazo den gertaera berri eta latz hau. Elualik, Saharar martirien zerrenda luzea handitzen du.
2.- Atsekaberik handiena eta gure elkartasun guztia azaltzen diogu Hassana Elualiren familia eta senideei, Saharar herriari eta Polisario Fronteko zuzendaritzari.
3.-Dei egiten diegu, ONUko lan talde bereziei, hautazko atxiloketen lan taldeari, eta Torturaren aurkako batzordeari, espetxeetan gertatzen diren heriotz kasuak ikertu ditzaten.
4.-Akordio honen kopia helaraziko diegu, Polisario Frenteko zuzendaritzari, Euskal Autonomia Erkidegoan duen ordezkaritzari eta Torturaren aurkako ONUko batzordeari.